Zein usain dute oroitzapenek?

ilustratu

Galdera hori erabili du Maddi Etxeberria Otaegi (Andoain, 1998) gazteak bere lehen nobelari izenburua jartzeko. Erein argitaletxeak kaleratu dio, Bioleta sailean. Egileak eskutitzen bidez antolatu du eleberria, gutunak trama osatzeko moduan lotuta, eta lehen pertsonan idatzia egoteak istorioari indarra ematen diola iritzi dio Iñaki Aldekoa editoreak.  Bi planotan egituratuta dago eleberria, 25 urteko protagonista euskalduna irakasle baitabil Ingalaterran, Euskal Herrian iragana eta lagunak utzita. Hala, “Euskal Herriarekiko lotura indartu egiten da distantzian, eta kanpora joaten zarenean balioesten duzu etxean daukazuna” adierazi du idazleak liburuaren aurkezpenean. Hauxe du argitaratutako lehen nobela, baina Etxeberria Otaegik hainbat literatur sari irabazi ditu dagoeneko, Urruzunotarrak edota Martin Ugalde bezalako sariketak, besteak beste; halaber, Izanaren itzalak izeneko bloga ere elikatzen du Interneten.


gorrotxategiJULIAN BARNES britainiarraren The Only Story eleberria itzuli du Aritz Gorrotxategik. Meettok argitaletxeak kaleratu du, jatorrizkoa plazaratu eta lau hilera, Istorio bakarra izenburupean. Estilo ironiko, garratz eta zehatza baliatzen du egileak, batzuetan mingarria ere bai, maitasun harreman ezohiko bat kontatzeko. Unibertsitatean hasi berri den ikaslearen eta tenis klubean ezagututako bera baino ia 20 urte nagusiagoa den emakume baten arteko amodio istorioa kontatzeaz gain, idazleak oso modu narratiboan plazaratzen ditu bere kezkak, gogoeta eta istorioa oso era naturalean uztartuta. Azken batean, galdera batetik abiatzen da eleberria: Zer duzu nahiago, asko maitatu eta asko sufritu ala gutxiago maitatu eta gutxiago sufritu?

 

 

 

tximeletakTXIMELETAK BIZKARREAN
Ugaitz Agirre
Susa, 2018

Iraganeko mamuei iskin egiten eman du bizitza erdia Sara protagonistak, baina egin daiteke ihes bizi izandako egoeretatik? Nola konpondu behinola gure barruan apurtutakoa? Sarak urteetan gorde du Kataluniatik alde egiteko erabakiaren arrazoia, baina nobela autobiografikoa idaztea erabaki duenez, bere bizitzaren puzzlea osatzen hasi beharko du, poliki-poliki. Agirrek iraganaren zama, genero harremanak eta identitatea ditu kontagai bere aurreneko nobelan.

zuZU ENTZUTEKO GAUDE
Xabier Mendiguren
Elkar, 2018

Hiru emakume dira triptikoa osatzen duten ipuinetako protagonistak. Horien bidez, idazleak egungo gizartea astintzen duten hainbat gai eta gaitz jartzen ditu erdigunean: bakardadea, menpekotasunak dituztenen zaintza eta horrek ekar ditzakeen sakrifizioak, bizitzari zentzurik aurkitu ez eta suizidioaren aukera... Azpian zikinkeria duen alfonbra altxatuta bezala, agerian geratuko dira ate osteko sekretuak, nori kontatu ez dakigun aitortzak eta isilpeko erruak.