‘Ttap’ aldizkari digital interaktiboa kalean da

ttap

Irakurri ez ezik, ikusi eta entzun ere egin daitekeen aldizkari digitala eskuragarri dago, sarean, uztailaren amaieratik: Ttap aldizkari multimedia da, testuak, bideoak, audioak eta grafiko interaktiboak eskaintzen dituena. Durangaldeko Anboto astekariak, Zumaiako Baleike aldizkariak, Debagoienako Goiena Komunikazio Taldeak, Bartzelonako Esguard aldizkariak eta Tokikom Toki Komunikabideen Bateraguneak sortu dute, eta sakelakoetan zein tabletetan irakur daiteke. Udan aurkeztu zuten zero zenbakia, eta, irailetik aurrera, astero aterako da. Oraingoz, bi edizio izango ditu: Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. “Batez ere, inguru urbanoan edota garraio publikoan kontsumitzeko” egingo dute Ttap, aldizkariaren zuzendari Monika Belastegik azaldu duenez. Zenbaki bakoitza 16 orrialdez osatua egongo da, eta gutxi gorabehera ordu laurden batean irakurri ahal izango da. Ttap.eus webgunean deskarga daiteke iOS zein Android aplikazioa.


liburubilaEUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO baliabide publikoetako milaka liburu, film, audio eta bestelako dokumentu modu erraz, arin eta doakoan bilatzeko aukera ematen du Liburubilak (www.liburubila.euskadi.eus), Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako kultur edukien bilatzaileak. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren (500 liburutegi baino gehiago biltzen ditu) eta eLiburutegiaren datu baseekin lotua, miliotik gora dokumenturen berri jasotzen du. Zehazki lerrook idazterakoan, 915.696 liburu, 16.362 liburu digital, 67.274 ikus-entzunezko artxibo, 75.981 audio eta 11.003 dokumentu digitalizaturenak. Ordenagailuan, tabletan edota sakelakoan erabil daiteke, eta klik bakarrean egiten da bilaketa, egilearen edo dokumentuaren izena edota hitz gako bat sartuta. Emaitzak erakusten du non eskura daitekeen edukia, eta eduki digitalen kasuan, haietara berehala jotzeko aukera.

 

LABURREAN

ameztiIRAGAN uztailaren hondarretik, abian da amezti.eus, Ultzamaldeko agerkari digitala. Bailara horretako Pulunpe hilabetekariaren eta Esan-Erran irratiaren tokiko informazio eskaintza osatzeko xedea du, eta, informazioa eskaintzeaz gain, erabiltzaileen parte hartzea sustatuko du, horretarako beren-beregi sortutako atalen bitartez: Komunitatea, Agenda, Zorion agurrak... Tokikom Plataforma erabiliz sortua, Ultzamaldeko Ametza euskara elkarteak bultzatu du agerkaria, Ultzamako eta Basaburuko Udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.


jendeaTAMARA DELGADO, Leire Uribe-Etxebarria eta Ainhoa Fernandez AEK Jendea dira, euskaraz bizitzeko ahaleginean AEK bidaide eta lagun izan dutenak. AEKren Gasteizko euskaltegietan ikasle, nork bere bidea egin du euskararekin: bere burua euskaldundu batek, bere euskara hobetu besteak... Haien esperientziak ezagutzeko aukera eskaini digu AEK Jendea ekimenak, aurreko bi urteetan Juanma Iturriondo eta Leo Turiño Aguila ikasleekin egin bezala: euskararen hautua egin dutenak erdigunean paratu, eredu eta akuilu direlako, beste milaka ikasleren antzera. Ikasturtea abiatzear dagoela, guztiz gomendagarria da haien esperientziak ezagutzea; AEKren Youtube kanalean daude ikusgai haien guztien testigantzak.