Facebook gabe bizi daiteke!

Bai, lagunok, halaxe da! Apirila aldean, Cambridge Analytica auzi guztia argitara atera zenean, eta asko pentsatu ondoren, erabaki nuen ordura arte sarri erabiltzen nuen Facebook kontua behin betiko ixtea eta ezabatzea. Beldur asko izan nituen bidean: galduko ote dut informazio garrantzitsurik? Eta batez ere: galduko ote dut lagun edo ezagunik? Isolatuago geratuko ote naiz?
Bada, badakizue zer? Munduak berdin-berdin jarraitu du aurrera. Bai, harremana Facebook bidez baino ez nuen ezagun eta ‘lagun’ batzuen arrastoa galdu egin dut, baina beste batzuk hurbildu egin dira. Whatsappez eta telefonoz, hasieran, eta, kasu askotan, makinatxo bat kafe eta garagardoren bueltan. Beharbada, sendagileak errieta egingo dit hurrengo bisitan, baina tira, uste dut merezi duela puntu gutxi batzuk galtzea hurrengo odol analisian, lagunekin aurrez aurreko solasaldi batzuen truke!
Telefonoa ere lasaiago dago: jakinarazpen gutxiago jasotzen dut, eta bateriak gehiago irauten dit. Gainera, Facebookeko ‘horma’ ikusterik ez dudanez, denbora gutxiago ematen dut pantailara itsatsita. Ez dut uste horrek miopia eta bista nekatua sendatuko dizkidanik... baina seguru txarrik ere ez dakarrela.
Prozesu guztian onena, nire ustez, bidean ikasi ditudan gauzak: arreta apur bat jarri diot enpresa handiek gure datuekin egiten duten negozioari, eta jabetuago nago lehen baino. Horrez gain, makinatxo bat tresna aurkitu dut datuak hobeto babesteko, ahalegin handi eta konplexurik egin gabe. Bide luze baten lehen urratsak baino ez dira, baina bada zerbait!
Hori bai, nire arrakasta erdipurdikoa izan da, e? Facebooketik batera, Whatsappetik ere betiko irten nahi nuen, haren jabea ere Facebook delako, baina momentuz, behintzat, ezin izan dut. Lagun, ezagun eta lankide gehienak hantxe daude... eta, are okerrago, komunikatzeko modu estandar gisa erabiltzen dute gero eta gehiago. Agian orain, oporren ostean indarrak berreskuratuta, beste saiakeratxo bat egingo dut, ea zorte gehiago dudan!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/agurFB
Gai honi buruzko artikulu sorta bat (hiru artikulu luze) nire blogean. Zergatik irten Facebooketik, nola egin, eta bidean zer ikasi dudan.

https://labur.eus/FBargia
Edward Snowdenen adierazpenak
Facebooken benetako izaerari buruz, Argia astekarian.

https://labur.eus/aztarna
Nola ezabatu zure aztarna digitala. Artikulua KZGuneen blogean.