Gako hitza

nereaNerea Azurmendi

Belaunaldiartekotasun. Horixe da izenbururako nahi nuen hitza. Zatika-zatika eraikia. Hitz puzzlea. Bizitza bera bezalaxe, geruzak gehituz osatua. Bere horretan, ez da agertzen hiztegietan. Eskura ditudanen artean, Elhuyarrena heldu da urrutien, 'belaunaldiarteko'raino.
Udal batetik iritsi zitzaidan ohar batean aurkitu nuen orain dela aste batzuk, bazter batean, betelanean. Aurrena, errata bat zelakoan erreparatu nion. Hurrena, jarri nituen bata bestearen atzetik hogeita bat letrak eta, azkenik, izen dirdiratsua osatzen zutela ikusi nuen. Gako hitza, bidezko elkarbizitzaren aldetik. Norberaren esperientziaren ikuspegitik ere bai.
Lanean hasi berritan, 22-23 urterekin, ordurako 75 urtetik gora izango zituen José Luis López Aranguren filosofoa elkarrizketatzera bidali ninduten. 'Jovencita' esan zidan pare bat aldiz, baina sekulako errespetuz tratatu ninduen. Asko ikasi nuen, eta elkarrizketa ez zen lotsagarri gelditu. Orain dela aste batzuk, 22-23 urteko fenomeno batzuk elkarrizketatzera joan nintzen (dagoeneko ez nau inork bidaltzen, nik erabakitzen dut nora joan). “Ene, gazteagoa izango zinela uste genuen!” esan zidaten, eta sekulako errespetuz tratatu ninduten. Asko ikasi nuen, eta elkarrizketa ez zen lotsagarri gelditu.
Horrela, 35 urte; bolada batean, ia denak zaharrago, eta azkenaldian, ia denak gazteago. Gehienekin ondo. Denetariko solaskideak izatea da, nire ustez, kazetaritzaren alderik onena. Alde on bakarretakoa, esango nuke. Euskaltegietako gelek ere adin promiskuitate guztiz aberasgarria ahalbidetzen zuten nire garaian. Horrexegatik bakarrik mereziko lukete aparteko laguntza!
Ofizioaren ezaugarriengatik edo errealitatetik aparte samar bizitzeko dudan gaitasunagatik, ez dut inoiz izan belaunaldien arteko arrailaren kontzientzia zuzeneko eta argirik. Baina ikusten dut, noski. Zabaltzen ari dela ere iruditzen zait, Antartikako zauri handi horien modura. Horregatik, hogeita bat letra gobernatzea zaila izan arren, badut hitz kutun berria. Aurrekoa txipilota zen.