Zapi gorriak, esku gorriak

eskugorriak

Uztaila, sanferminen atarian gaude. Jaia, festa, poza, prestaketa lanak... izan beharko genituzke hizpide. Haatik, zoritxarrez, duela bi urteko sanferminetan jazotako erasoa gogoan, La Manada dugu ahotan. Izan ere, erasoak eragindako haserreari epaiarena batu zitzaion; eta orain, erasotzaileei behin-behineko askatasuna eman izanarena. Hala, protesta oso jendetsuak egiten ari dira kalean, sumina ikaragarria baita. Nolanahi ere, horrek ez luke estali behar azken urteotan Iruñeko Udalak eta mugimendu feministak elkarlanean egindako ahalegina. Sentsibilizazio kanpainak eta eraso sexistei aurre egiteko estrategiak eredugarriak izan dira, eta jendartearen babes aktiboa lortu dute, ozenki aldarrikatu baitu ez duela emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen. Aurten, aurreko lan hori sendotu nahi izan dute, eta lehentasun osoa eskaini dizkiote prebentzioari, arretari eta babesari. Gainera, deia luzatu diete emakumeei “festako gune guztietan eta askatasun osoz parte har dezaten”. Beldurrik gabe, aske. Sanferminetan ez ezik, herri guztietan eta une oro.