Nafarroa

Bertsolaritza, Kultur Intereseko Ondasun

Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun  izendatu du, ondare materiagabekoaren kategorian. Izendapenari esker, babes handiagoa jasoko du Nafarroan, bai bizirik mantentzeko laguntza ere. Urte asko joan dira izendapena lortzeko. Izan ere, lehen eskaria 2011ko martxoaren 25ean egin zion Nafarroako Parlamentuak, aho batez, Nafarroako Gobernuari. Ondoren, prozesua izoztuta egon zen hainbat urtez, harik eta, 2016an, Nafarroako Bertsozale Elkarteak berriz heldu zion arte gaiari. Azkenean, Nafarroako Gobernuak aurtengo ekainean onartu du izendapena. Besteak beste, nabarmendu du bertsolaritza oso errotuta dagoela, komunitatearen babesa duela eta transmisio lan garrantzitsua egiten ari dela. Ondare materiagabearen arloan, Nafarroak onartutako seigarren Kultur Intereseko Ondasun izendapena da bertsolaritzarena. Aurreko bostak hauek izan ziren: Lantzeko inauteriak, Ituren eta Zubietako inauteriak, Hiru Behien Zerga, Luzaideko Bolantak eta Cortesko makil dantza.