Iraunkortasuna

intxaurIntxaur oskolak, janzteko

Sagardotegietan jaten diren intxaurren oskolak berrerabiliko ditu Ternua arropa markak. Zehazki, oskolekin tindu naturala sortuko dute, ondoren kamisetak eta kirol jertseak koloreztatzeko. Arropok, gainera, birziklatutako botilekin sorturiko poliesterrarekin egingo dituzte, baita erabiltzen ez diren janzkien kotoiarekin ere. Hortaz, produktua % 100 iraunkorra izanen da. Lurrekolore izeneko proiektuaren baitan baliatuko dituzte intxaur oskolak. Ternua markarekin batera, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundia aritu dira elkarlanean. Egitasmoa begi onez ikusita, sagardogileek intxaur oskolak jasotzeko konpromisoa hartu zuten; hala, Aste Santutik aurrera, Petritegi, Saizar, Iparragirre eta Aburuza sagardotegietan bildu dituzte, guztira 300 bat kilo. Horiekin, 10.000 jantzitarako tindua sortuko du Ternuak. Sortze prozesuan ere ahalik eta gehien zainduko dute ingurumena. Esaterako, gai kimikorik ez dute erabiliko, eta petrolio eta ur oso gutxi. Ternuak aurreikusi duenez, datorren urteko otsailean merkaturatuko dituzte kamiseta eta kirol jertseak, 34 eta 74 euro bitartean, hurrenez hurren. Etorkizunean bestelako janzkiak sortzeko aukera ere ez dute baztertu.