Thailandia

hondartzaHerrialdeko hondartzarik ezagunena itxi egin dute

Ekainaren 1etik, turistek ezin dute Maya Bay izeneko hondartzan sartu. Thailandiako hondartza ezagunena paradisu itxura duten horietakoa da. Ko Phi Phi uhartean dago, eta, berez ederra izateaz gain, oso famatua da, batez ere The Beach (Danny Boyle, 2000) filmean agertu zenetik. Thailandiako Gobernuaren arabera, 5.000 turista inguru jasotzen ditu egunero. Halako jendetzak kalteak eragiten ditu hondartzan, baina batik bat hondartzara gerturatzen diren itsasontzi ugariek: bertako koralezko arrezifea “larriki” kaltetzen ari dira. Hori dela eta, hondartzara sartzeko debekua ezarri dute. Lehendik ere hartu izan dituzte antzeko neurriak Thailandiako beste zenbait hondartzatan, baina sekula ez Maya Bay famatuan. Hori bai, neurria ez da dirudien bezain zorrotza: ekainaren 1etik irailaren 30era egongo da itxita, behe-denboraldian, alegia. Halere, behin debekua kenduta, hondartzako bisitari kopurua mugatu egingo dute, ziurrenik.