Hizkuntz politika

Euskara lurralde hizkuntza gisa aitortu du Euskal Elkargoak

Ekainaren 23an Baionan egindako osoko bilkuran, hizkuntza politikarako egitasmoa onartu zuen Euskal Elkargoak, eta euskara eta okzitaniera “ofizialki” aitortu. Horrenbestez, euskara eta okzitaniera lurralde hizkuntza izango dira Ipar Euskal Herrian, frantsesarekin batera. Aldeko 145 botorekin onartu zuten proposamena; kontrako botoak 18 izan ziren, eta abstentzioak 22. Erabakiari esker, Elkargoak hainbat ekinbide ipiniko ditu abian aurrerantzean. Zerbitzuak euskaraz ematea, euskarazko eskaintza zabaltzea eta herritarrak sentsibilizatzea izango ditu oinarri hizkuntz politikak. Ebazpenak ez du ofiziala bihurtzen euskara Ipar Euskal Herrian, Frantziako legeek ez dutelako halakorik ahalbidetzen. Haatik, euskaraz bizitzeko bideak zabaltzeko balio izango du. Hala, euskalgintzak eta Iparraldeko beste hainbat eragilek aurrerapausotzat jo dute Baionan onarturikoa. Gainera, koofizialtasuna lortzea helburu, oztopo juridikoak aztertu eta hizkuntz eskubideak garatzeko bideak aztertuko ditu Elkargoak.