Hizkuntz eskubideak

behatokiaLehengo lepotik burua

Urtero legez, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak hizkuntz eskubideen urraketei buruzko txostena aurkeztu du. Hizkuntza-Eskubideak Euskal Herrian 2017 izeneko agiriak herritarren kexak izaten ditu oinarri, eta Euskararen Telefonoaren eta Akuilari aplikazioaren bitartez Behatokiari helarazitako bizipenak ere bai. Aurten, orotara, 1.100 kasu baino gehiago bildu dituzte. Kexak eta zorionak izaten dira, baina, aurreko urteotan bezalaxe, kexak eta salaketak dira nagusi. Behatokiko kide Arantza Haranbururen hitzetan, “urtez urte errepikatzen ari garena errepikatu beharrean gaude: Euskal Herriko eremu administratibo guztietako zerbitzu publikoetan zein pribatuetan, dela kontsumitzaile, dela idatziz nahiz ahoz, hutsune handiak aurkitu dituzte, 2017. urtean, euskaraz bizi nahi duten herritarrek”. Hala, Behatokiak aldarrikatu du euskaldunok eroso sentitzeko guneak sortu behar direla, euskaraz erabat bizi ahal izateko bidean. Era berean, nabarmendu du botere publikoek injustiziak gainditzeko politikak egin behar dituztela, hizkuntz eskubideen urraketa ez dadin kronikoa bihur. Hots, hizkuntz eskubideak erdigunean jarriko dituzten hizkuntz politikak egiteko beharra dago. Txostena www.behatokia.eus gunean irakur daiteke.