Animaliak

elefanteakEgunez baino, gauez nahiago

Egun argitan egin ohi zituztenak gauez egiten hasi dira hainbat ugaztun espezie. Hots, milaka urtean izandako portaera aldatzen ari dira, gizakion beldurrez. Hori ondorioztatu du Kaliforniako (AEB) Berkeley Unibertsitateko ikertzaile talde batek, mundu osoko 62 ugaztun espezieren ohiturak aztertu ostean. Zehazki, animaliei jarraipena egin zieten, eta gizakien presentzia handia zein txikia den uneetan zuten portaera alderatu. Gizakiokin topo ez egiteko ari dira ohiturak aldatzen, Science aldizkarian argitaratu duten artikuluaren arabera. Gainera, gautxori bilakatzeko, ez dute arrisku larririk sumatu behar: giza jarduera antzematea nahikoa dute beren portaera aldatzen hasteko. Hala, egunez ohikoak dituzten jarduerak gauez egiten hasi dira, hala nola elikatzea, ehizatzea... Jokamoldeok hainbat kontinentetako ugaztunengan sumatu dituzte. Azeriak, oreinak, basurdeak, zarigueiak, elefanteak... espezie ugari hasi dira gauez egiten beren jarduna. Hori bai, animalia handien artean nabaritu dituzte gehiago  ohitura aldaketok. Ikertzaileek azaldu dutenez, ohitura aldaketak ondorio kaltegarriak izan ditzake animaliengan; esaterako, baliteke haien ugaltzeko gaitasuna txikiagotzea.