Barnetegiak, euskara hutsa baino gehiago

Euskara ikastea, hobetzea, praktikatzea... da barnetegietan izena ematen duten ikasleen helburu nagusia. Bertan eskolak ematen dituzten irakasleena, berriz, asmo horri erantzutea, jakina. Barnetegiak, baina, mota askotakoak izan daitezke: negukoa (nahi edo ahal beste denbora igarotzeko), asteburukoa (landa ingurune batean edo hiri giroan, etxera lotara joateko moduan), udakoa (astebetez edo bi astez, guraso eta seme-alabentzat, oinez edo bizikletaz ibili nahi duten kirolzaleentzat...). Haatik, edozein barnetegitan, eskola ordu anitz izateaz gain, egunak beste gauza asko egiteko aukera ematen du, besteak beste, betiko izango diren lagunak ezagutzeko. Esperientziak, hortaz, ikasleak adina. Guk hiru lagun elkarrizketatu ditugu, eurena konta diezaguten, horixe baita barnetegia zer den azaltzeko modurik egokiena. M. Egimendi, Eñaut Mitxelena, Arkaitz Almortza.

kherau

Kherau taldeak bigarren diskoa kaleratu du: Aukhera. Belarrion ataleko albistea izango litzateke... baldin eta diskoko Ondarroako itsasertzeko abestia kontuan hartuko ez bagenu. Bertan kontatzen da zelan sortu zen taldearen hazia, non eta Ondarroako AEK barnetegian.

 

Ondarroako itsasertzeko / kresalaren zipriztina, / eta orduko nerabe biren / hizkuntzarekiko grina. / Horra historiaren txinpartak gero / su honen ardatz egina: / hartu instrumentu bina, / emon ikutu ezbardina / gau hartan hasi eben bidea / nekez ahal zan imajina, / Kherau bandaren sorkuntza izan zan / euskerazko maitemina.
Horrela hasten da kanta. Barnetegian, euskara ikasteaz gain, lagunak egiten dira... eta musika taldeak sortu: Kherau, kasu. Honela gogoratzen du Iker Lope de Bergara taldekideak: “Ondarroako barnetegian ezagutu genuen elkar Ibon Ordoñezek eta biok. Gitarra zahar bat zegoen, nahiko desafinatua, baina harekin hasi ginen Benito Lertxundiren kantak abesten”. Hala, Jaun Baruak-en bertsio bat sartu zuten taldearen Munduan ortozik lehen diskoan. Barnetegian elkar ezagututa, musikak eta euskararekiko zaletasunak lotuta, hainbat talderekin jotzen hasi ziren, abestiak egiten... harik eta 2010ean Kherau eratu zuten arte, beste kideekin batera. Dena den, Ondarroako barnetegi hark ez dakarkio oroitzapen onik Iboni, istripu bat tarteko, egun pare bat eginda utzi behar izan baitzuen. Ondorioz, hurrengora joan zen, Arantzara. Hain zuzen, han joko du Kherauk uztailaren 19an, lehenengo hamabostaldiko barnetegiaren amaieran. Iker, aldiz, euskaraz berbetan itzuli zen Barakaldora: “Jaietarako iritsi nintzen eta leku guztietan ausartzen nintzen euskaraz. Asko ikasten da barnetegian”.
Iker eta Iboni Aitor Esteban Etxebarria batu zitzaien, “bertsolaria eta AEK-ko irakasle izana”. Taldea osatzeko kide euskaldunak bilatzea erabakita, orduan sartu ziren Alex Garcia eta Gaizka Andollo. Bostak euskaldun berriak, euren artean bizkaieraz egiten dute. Hori abestien letretan ere islatzen da: “Aitorrek bizkaieraz idazten ditu, baina gaiaren arabera. Oso garaikidea bada, agian batueraz; barnekoagoa edo antzinakoa bada, bizkaieraz. Halere, beti izaten da arrazoiren bat batua ala euskalkia hautatzeko”.
Kherauk sentsibilitate berezia du hizkuntzekiko: webgunean eta diskoaren libretoan letrak katalanez, galegoz, frantsesez eta ingelesez daude. Kontzertuetan ere saiatzen dira: “Aitorrek bertso batekin ekiten die kontzertuei, bota bezain pronto hasten da lehen abestia, pausu barik. Kanpoan moldatu egiten du bertsoa, erdi euskaraz erdi bertako hizkuntzaz. Katalunian, Aragoin, Asturiasen... egin izan dugu horrela”.
Askotan baliatzen dituzte antzinako gaiak egungo egoera azaltzeko: “Konbentzituta gaude Historia errepikatu egiten dela: orain gazte asko Alemaniara joaten da lanera; lehen, Nevadara, artzain. Haiek Ameriketan txarto ikusita zeuden; guk txarto begiratzen diegu hona datozenei... Gustuko ditugu halako paralelismoak gure inguruan gertatzen dena islatzeko”. Diskoaren diseinua ere hortik dator, antzina legez jantzita ageri dira: “Aurrekoek lan baldintzak hobetzeko borrokatu zuten bezala, guk ere borrokatu beharko dugu. Haien azalean jarri gara, nolabait”.
Folka lantzen du Kherauk, baina bigarren diskoa ez ei da hain klasikoa: “Urteotan konturatu gara, folkarekin gozatu arren, hobeto pasatzen dugula eszenatokian kaña handiagoa sartuz. Indar hori islatzen saiatu gara disko berrian”. Ondorioz, protagonismo handiagoa hartu du baxuak, eta diskoan entzuten den trikitia Alexek jotzen du, lehenengoan ez bezala, “diskoa grabatu ostean sartu zelako, lehen kontzertuaren atarian”. Gainontzean, mantendu egin dituzte musika tresnak eta, ahots nagusia Ibonena bada ere, denenak sartu dituzte gehiago edo gutxiago. Egin, guztien artean egiten baitituzte kantak: “Lan handiena Ibonena da, baina guztiok egiten dugu denetarik. Oso asanblearioak gara, onerako zein txarrerako”.
Kolaborazio piloa bildu dute: “Modan daude musikari ezagunen kolaborazioak, baina guk denak lagunak izatea nahi genuen. Grabatzean, estudiotik pasatzen zirenak gonbidatu genituen parte hartzera, zerbait joz edo kantatuz. Eta musikariak ez zirenak (kontzertu guztietara etorri edota asko laguntzen digutenak), adin guztietakoak, koroak eginez. Eskertzen artean sartu beharrean, musikari jarri ditugu. Familia handia bihurtu gara”.

 

aduna

Duela lau urte hasi zen euskara ikasten Idoia Cuadra (Gasteiz, 1969). Ikas-prozesuari bultzada emateko, eta euskaraz bizitzeko hautua sendotzeko, azken bi urteotan familia barnetegian izan da senar eta seme-alabekin. Bietan ere ezin gusturago egon dira Adunako familia barnetegian.

 


Hasieratik, barnetegia aukera argia izan zen familiarentzat. Cuadrak dioenez, “euskara ikasi nahi genuen, baina ez geneukan denborarik. Horrexegatik, oporretarako aukera ona iruditu zitzaigun. Erabiltzeko ari gara ikasten”. Hala, 2012an izan ziren lehenengoz Adunan, eta hurrengo urtean ere esperientzia errepikatu zuten. “Lehenengoan, bostok joan ginen, baina bigarrenean Naroa, alaba helduena, ez zen etorri, ingelesa hobetzera joan zelako atzerrira”. Lehenengo urteko esperientzia asko gustatu zitzaienez, iaz itzuli egin ziren. Cuadraren hitzetan, “ikusi genuen posible dela gure artean euskaraz bizitzea, nahiz eta Laurenek (senarra) eta biok maila baxua eduki”. Horrenbestez, “beste bultzada bat emateko”, ez zuten dudarik eduki familia barnetegira itzultzeko. Izan ere, Cuadraren ustez, “barnetegian egonda bultzada handia ematen zaio ikas-prozesuari, eta familiari beste ikuspuntu bat ematen dio”.
Azken batean, bi urteotako esperientzia hori nabaritu egin dute familian: “Barnetegian egon bitartean, familiartean euskaraz hitz egiten hasi ginen. Eta ostean horri eustea zaila izan arren, lehenengo pausoa izan zen”. Ederki sumatu duten urratsa. Cuadrak dioenez, “asko hobetu genuen, euskaraz hitz egiterakoan lotsa galtzen ikasi genuelako”.
Euskarari bultzada eman, eta, gainera, arrunt ondo pasatu. Halaxe jakinarazi zieten, gutun bidez, barnetegiko irakasle eta arduradunei iaz Adunan izandako familiek (maiatzeko AIZU!-n, 387. zenbakian, argitaratu genuen eskutitza): “Guztiok oso ongi pasatu genuen, eta hori hala izan zen irakasle eta begiraleek oso lan ona egin zutelako”. Horregatik, eta irakasle eta begiraleei ez ezik, “AEKri ere eskerrak emateko” bidali zuten aipatu gutuna.
Hain juxtu, gutun horretan hainbat modutan definitu zuten barnetegia. Ikaskuntza barnetegitzat harago, opor, barreterapia eta harreman barnetegitzat jo zuten Adunakoa. Zalantzarik ez du Cuadrak, esperientzia osotzat hartzen du familia barnetegikoa: “Bai, hori guztiori elkartzen duen esperientzia da familia barnetegikoa. Ez da ahaztu behar oporrak direla, desberdinak”.
Oporrak igarotzeko aukera paregabea, eta ez soilik gurasoen ikuspuntutik. Seme-alabek ere oso ongi pasatu zutela azaldu baitigu Cuadrak: “Gure seme-alabek oso adin desberdina zuten. Adibidez, Iñigok 6 eta 7 urte zituen, eta hain ona izan zen esperientzia berarentzat, non Adunan bizitzen geratu nahi izan zuen. Iraiak 11 eta 12 urte zituen, eta Naroak, berriz, 13, eta biek ala biek oso ondo pasatu zuten: Adunako umeak ezagutu zituzten, begiraleek lortu zuten umeek asko gozatzea... Eta, finean, umeak ondo egoten badira, gurasoak ere ondo egongo dira. Oso onak ziren begiraleak. Konturatu gabe, hamabi egunez telebista ikusi gabe egotea eta euskaraz bizitzea lortu zuten”.

 

euripean

Lehen ikasle, orain irakasle. Bego Badosek ongi ezagutzen ditu AEK-k antolatzen dituen barnetegiak. Haren hitzetan, “oso baliagarriak dira ikasleentzat, metodorik onena baita euskara ikasteko”. Arantzako asteburuetako egonaldietan, ikasleek 72 orduz euskara hutsean bizitzeko aukera izaten dute. Gainera, azpimarratzen duenez, “bizilagunek bat egiten dute euskara ikasleekin”.

 


Ikasturteko errutinatik at egoteko aukera eskaintzen du Arantzako asteburuko barnetegiak. Ostiraletik igandera bitartean, euskarak ariketetatik mingainera egiten du salto. Izan ere, hiru egunean Aitorren hizkuntza zaharrean aritzen dira ikasleak hitz eta pitz, ikasgelan ikasitakoa praktikan jartzen. “Asteburu batez, ikasleek, nork bere baliabideekin, euskara hutsean bizitzeko aukera izaten dute” dio Bego Bados irakasleak.
Horretaz badauka zer esan AEK-ko irakasleak; finean, hasieran ikasle eta ondoren irakasle, ongi ezagutzen du barnetegiaren funtzionamendua: “Nire ustez, beharrezkoa izaten da txipa aldatzea. Euskara ikasteko, ezinbestekoa da ikasgelatik kanpo ere lantzea, eta, horretarako, aukera paregabea dira egonaldiak”.
Asteburuko barnetegiek aukera hori eskaintzen dute: “Askotan, egonaldi luzeetara joateko modurik ez dutenak (lana edo familiagatik) etortzen dira hiru egunekoetara”. Oro har, ikasle guztiek esan ohi dute “oso esperientzia positiboa dela” eta, maiz, hori izaten da ematen duten lehen pausoa: “Iaz, esaterako, ikasle bat, asteburuan bizitako esperientziak bultzatuta, udako barnetegian parte hartzera animatu zen; hots, hiru egunekoan hasi eta mundu berri bat deskubritu zuen”. Antza, euskararen harrak gogoz egin zion kosk.
Ikasleak izaten dira benetako protagonistak. Ikasten ari diren hizkuntzan baino ez aritzeak ahalegin handia eskatzen die, baina, gehienetan, oso ongi moldatzen dira. “Gure helburua izaten da ikasleak gustura sentiaraztea” nabarmendu du. Horretarako, batzar orokorra egiten dute lehenengo egunean: “Oso garrantzitsua izaten da hasieratik guztia ongi azaltzea. Ikasleek jakin beharra dute zer eginen duten egonaldi osoan eta zein izanen den gure dinamika”.
Gainerako bi egunetan, hainbat ekintza lantzen dituzte, hala nola ginkanak, tailerrak, txangoak eta jolasak herrian barna. “Barnetegian, etxean zein kalean gertatzen diren egoerak lantzen ditugu; hau da, barruan eta kanpoan gertatzen dena antzezten saiatzen gara. Horrela, baliabideak ematen dizkiegu testuinguru ezberdinetan aurrera egin dezaten”. Jaiki eta oheratu arte, euskara izaten dute hitzetik hortzera.
Euskara bizirik dagoen hizkuntza da; horrenbestez, praktikan jartzea izaten da lantzeko modurik hoberena. Hori dela eta, oso garrantzitsua da barnetegia herri euskaldun batean egitea: “Arantza herriak beti zaindu gaitu oso ongi. Ohituta dago, betidanik izan baitira barnetegiak, eta herritarrek oso ongi hartzen dituzte euskara ikasleak”. Horiek horrela, batzuetan, bizilagunen bisitak izaten dituzte eta hango bizimoduaz hitz egiten diete, eta ikasleek ere herrian antolatzen dituzten ekintzetan parte hartu ohi dute.
Dena den, asteburuko barnetegiko esperientzian, jendearen artean sortzen den giroa izaten da inportanteena: “Hiru eguneko egonaldia izan arren, oso harreman ona izaten dute ikasleek euren artean; familia giroa sortzen da”. Hori dela eta, partaide askok errepikatu egiten dute esperientzia, hori baita euskara ikasteko “modurik hoberena”.