Egoera konplikaturik gabe, ez ginateke haziko

salvadorOlatz Salvador
Musikaria

Zintzilik diskoa (Airaka, 2018) aurkeztu du, berriki, Salvadorrek (Donostia, 1990). Skakeitan taldean, teklatua jo eta koruak egiten ditu, eta Zintzilik du bakarkako lehen lana. Zenbait musikariren laguntzaz, disko intimista ondu du. Ikasketaz psikologoa, pianoa eta gitarra jotzen ditu, eta abestu ere egiten du: “Beste instrumentu bat da ahotsa”. Eduardo eta Iñaki Salvadorrekin, aita eta osabarekin, egin du Kulunka abestia; Jagoba nebak ere parte hartu du diskoan. Skakeitan taldearekin udako biran da honezkero.

Erditzea izan da Zintzilik diskoa kaleratzea”. Zergatik?
Erditzearen kontzeptua gustatu egiten zitzaidan. Erditzeak bitan zatitzea ere esan nahi du; bada, ikusten nuen nire izenarekin, hemendik aurrera, batetik ni egongo nintzela, eta, bestetik, nire izen edota lan artistikoa. Neurri batean, hasiera horri ematen zion bidea. Bestalde, diskoa prestatzen hil luzez aritu gara, gutxi gorabehera haurdunaldi baten epealdian. Gustatu zitzaidan kontzeptualki erditzea bezala ikustea.
Harrera ona izan du diskoak. Pozik?
Oso pozik. Diskoa egitea erronka pertsonala zen. Egitea bera zen nire helburua. Beti da pozgarria jendeak entzutea, zoriontzea... baina ez zen helburu nagusia. Hortaz, ikusita harrera ona izan duela, oso pozik nago. Oraindik ez dut digeritu hori guztia.
Zintzilik. Nondik zintzilik?
Zintzilik abestitik atera zen izenburua. Esaten digute amestea, ametsetan sinestea eta hori guztia ondoriorik gabeko zerbait dela, positiboa dela edota horri ekin behar zaiola; baina albo-kalteak sortzen dira, zenbait unetan. Bat-batean, gure itxaropenak betetzen ez direnean, pixka bat zintzilik geratzen gara. Bere alde ona ere badu: zintzilik geratze horretatik gauza asko ateratzen dira. Egoera zail guztietatik asko ikasten da. Egoera konplikaturik gabe, ez ginateke haziko. Zintzilik egotearen alde positibo hori berreskuratu nahi nuen.
Skakeitaneko Olatz eta bakarka aritzen den Olatz, ezberdinak dira?
Musikalki bai. Skakeitan oso ezberdina da. Nire proiektua, musikalki, behintzat, oso urrun dago hortik, eta uste dut horregatik ere sentitu dudala proiektu hau egiteko beharra. Beste musika bide batzuk jorratu nahi nituen, eta honek ahalbidetu egin dit. Olatz beti da Olatz, batean edo bestean, baina oso eremu desberdinak dira.
Osaba eta aita musikariak. Haiekin egin duzu azken kantua. Ezin bestela?
Izan zitekeen. Ez dut hasieratik izan buruan. Haurtzaroko oroitzapenak oinarri hartuta konposatu nuen: txikiak ginenean aitak lokartzeko jotzen zigun abesti bat da. Ondoren, bururatu zitzaidan agian polita izan zitekeela abesti hori senitartekoekin egitea. Ez nekien haiek nahiko zuten, edo nola hartuko zuten. Ia-ia mesede bezala eskatu nien, eta gero konturatu nintzen beraiei kristoren ilusioa egiten ziela. Oso polita izan da prozesu osoa, ez bakarrik emaitza.
Donostiako Metroan joko al zenuke?
Nire alokairua horren mende egongo balitz, beharbada bai... Baina espero dut ez izatea beharra. Metroaren kontrako kanpaina egiten ari den Satorralaia plataformak bideo bat atera berri du, Ze Metro izenekoa, eta bertan parte hartu nuen, guztiz kontra nagoelako, eta herritarrak garen heinean guztiz inplikatu behar garela iruditzen zaidalako, astakeria hau geldiarazteko. 

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Ez da oso originala, baina musikak.
Eta tristatu? Albistegiek.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunek.
Eta negarra? Ezintasunak.
Zerk haserrearazten zaitu? Bidegabekeriek.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Hipokrisiak.
Bizio bat: Janaria.
Musikari edo talde bat: Bat bakarra? Nneka.
Kantu bat: Antzinako bihotz, Mikel Laboarena.
Kontzertu bat: Ikusitakoa, Bobby McFerrinena, duela urte batzuk, Jazzaldian. Bizitzan ikusi dudan kontzerturik onenetakoa. Nik emandakoa, ekainaren 2koa, Donostian. Malkoei eutsi behar izan nien.
Eñaut Mitxelena