Jaiak bai, parte hartzea ere bai

Hik lan eta nik jai! dio Tapia eta Leturiaren kantu ezagunak. Bistan denez, jaia egiteko, jaia antolatu behar aurretik; eta antolatzeko, parte hartu behar. Parte har daiteke antolaketan, festa eginez edota batean zein bestean. Halaxe antolatu eta ospatu ohi da makina bat jai Euskal Herrian: jai handiak nahiz txikiak, herrietakoak edo auzoetakoak, tokian tokiko zaindariaren omenez egiten direnak edota bestelako arrazoiengatik egiten direnak... Denek, baina, lana eskatzen dute. Borondatezko lana eta elkarlana, ia beti. Horrek, halaber, arazoak sor ditzake, jendearen borondatean oinarritutako lana edozein unetan gera baitaiteke bertan behera, hainbat arrazoi tarteko: nekea, jaiak antolatzeko baldintzak gogortzea, antolatzaileen artean belaunaldi aldaketarik ez gertatzea... Baita festazalerik eza ere, ondorengo lerroetan ikusiko dugunez. Halako trantzea bizi izan dute hainbat ospakizunek Euskal Herrian. Batzuetan, jakin dute arazoa konpontzen, eta, indar gehiago batuta edo lan molde berriak finkatuta, jaiari bizirik eutsi diote. Beste batzuk, aldiz, konponbidea aurkitu nahian dabiltza. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

errenteria

“Ez dugu ikusten txosnarik gabeko jairik, taldean egituratu gabeko jairik”

Uztailaren 21etik 25era ospatzen dituzte Madalenak Errenterian. Txosnek rol garrantzitsua dute jaietan, baina aurten kolokan izan dira. Hori dela eta, OaingozHau mugimendua sortu dute, txosnei jarraipena eman eta biziberritzeko. Mugimenduko kide Borja Arbelaitzek eta Maialen Iribarrenek azaldu dizkigute egindakoak.

Zehazki, bi guneren geroa egon da zalantzan. Batetik, Euskalgunea, AEK-k, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak elkarlanean antolatzen zutena. Bestetik, Txosnagunea, hainbat eragileren txosnak batzen zituena. Urte hasieran, Euskalgunearen arduradunek jakinarazi zuten aurten ez zutela eremu hori jarriko. “Azken urteotan, Euskalgunean gero eta giza baliabide gutxiago egon dira” dio Iribarrenek. Arbelaitz AEK-ko kideak bestelako hitzak baliatu ditu: “Nik paradigma aldaketatzat jotzen dut; izan ere, jendeari laguntza eskatzen zitzaionean, erantzun egiten zuen: txandetan partu hartu eta...”. Hala, nekea aipatu du Arbelaitzek. Gainera, EHEren herriko taldea desegin zenetik, antolaketan parte hartzeari ere utzi zion. “Xenpelar AEKn ere dilema hori izan dugu. Zer nolako ahalegina egin behar den kontuan hartuta, eta ia dirurik ematen ez duela, parte hartzen ez jarraitzea erabaki dugu”.
Egoera ikusirik, bilera irekia egin zuten, martxoan. “Orduan jakin genuen Txosnagunea ere antzeko egoeran zegoela” dio Iribarrenek. “Eredu oso polita da, baina orain arteko ikuspegiak, txosnak etekin ekonomikoa ateratzeko direla, alegia, jada ez du balio”.
Geroago, beste bilera bat egin zuten. Hirurogei bat lagun bildu ziren. Iribarrenek dioenez, “oso positiboa izan zen; hasiera batean, ez genuen espero hainbeste jende elkartzea”. Iribarrenen hitzetan, “hasieran planteatu zen, adibidez, aurten ezer ez egitea, ikusteko horrek zer-nolako eragina izan zezakeen. Baina gero erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Gure ustez, Madalenak kalean dira, eta jaiak herriak herriarentzat antolatuak”. Arbelaitz bat dator: “Ez dugu ikusten txosnarik gabeko jairik, taldean egituratu gabeko jairik. Nolako festak izango lirateke Euskalgunerik eta Txosnagunerik gabe?”.
Halaxe sortu zuten OaingozHau. Oraingoz, hau eta Orain, gozau esaldiekin hitz jokoa egiten du izenak. Iribarrenek dioenez, “aurten, gure helburua izango da jaiak aurrera ateratzea. Festak joandakoan, hasiko gara zer garen, zer egingo dugun... zehazten”. Nolanahi ere, Arbelaitzek zehaztu duenez, “gutxieneko batzuk definitu ditugu: euskalduna izango da, feminista, erasoen kontrakoa, parte hartzailea eta demokratikoa...”. “Eta alaia!” gaineratu du Iribarrenek.
Buru-belarri ari dira Madalenak prestatzen, hainbat lantaldetan antolatuta. “Talde bakoitzak bere ardura txikiak ditu, eta, oraingoz, oso ongi ari da funtzionatzen”.
Antolaketan ez ezik, guneen ereduan ere izango dira aldeak. Euskalgunea zena egunez izango da zabalik, eguneko egitaraua izango du, eta sukalde zerbitzua. Txosnagunea zena, aldiz, arratsaldean ireki eta berandura arte egongo da zabalik. “Egitaraua osatuta dugu, eta denetik eskaintzen ahalegindu gara: haurrentzat, gazteentzat, migratzaileentzat...”.
Egitarau zabalaz gain, “sareak sortzen ahalegindu gara, herriko beste eragileekin bat eginda: erretiratuekin, auzo elkarteekin...”. Iribarrenen iritziz, “haien harrera eta jarrera oso onak izan dira”. Arbelaitzen ustez, “dagoeneko ari dira sareak sortzen, sinergia batzuk, eta uste dut denborarekin fruitu ederrak eman ditzaketela”.
Gogotsu eta baikor dira OaingozHau-ko kideak. Iribarrenen aburuz, “ilusioa dago gauzak antolatzeko”. Arbelaitz, urte askoan Txosna Batzordean parte hartu izan duena, antzera mintzo da: “Eragileen artean antolatzen zenean, azkenean haien ordezkari bana joaten ginen bileretara, eta lau lagunen artean antolatzen genuen dena. Horrek zama psikologiko handia zekarren. Orain, ordea, ez dut uste hori gertatzen denik. Nabari da proiektu kolektibo moduan barneratu dugula, eta nabari dira ilusioa eta kidetasuna. Iruditzen zait zer edo zer eder-ederra atera daitekeela mugimendu honetatik”.

testi

“Jendearengana heltzeko bidea topatu behar dugu, jaia bere senti dezan”

Santi Ussia (Laudio, 1962) duela 20 bat urte sartu zen Santa Luziako erromeria antolatzeko taldean. Laudioko auzo hori herrigunetik hiru bat kilometrora dago, maldan gora, eta maiatzeko azken astelehenean erromeria egiten da bertan. Aspaldikoa da, XIX. mendeko hainbat dokumentutan aipatzen baita. Argazkia: Ieltxu Oseguera.

Garai batean, erromeria Mendekoste astelehenean ospatzen zen, eta hurrengo asteburuan errepikatu egiten zuten: “Familia osoak joaten ziren, bazkari eta guzti, egun pasa. Duela 35 urte inguru, zazpi txosna jartzen ziren, eta auzoa lepo egoten zen. Pentsa!, Bilbotik prostitutak ere etortzen ziren bezperan, lana edukitzen zutelako. Erromeria amaituta, jendea Laudioko plazara jaisten zen, festan jarraitzeko. Bilbotarrak, adibidez, Pagasarritik eta Ganekogortatik etortzen ziren, oinez, Santa Luziara, eta gero trenez itzultzen ziren Bilbora”. Orain, aldiz, mila lagun inguru bil daitezke, eguraldia lagun. Aurten ez duenez lagundu, 200 bat igo dira. Halere, “lehen ez zitzaion hainbeste kasu egiten eguraldiari” dio Ussiak.
Duela urte batzuk, kalapita izan zen erromeria egiten zen lursailaren jabearen eta apaizaren artean. Ondorioz, etenaldia egon zen, duela zazpi-zortzi urtera arte. Orduan, Udalak lursaila erosi, eta Basalarrina euskara elkarteak hartu zuen bere gain erromeria berriz antolatzea: “Gaur egun Mendekoste hitzak ezer gutxi esaten dioenez jendeari, ez daki jaia zein egunetan tokatzen den, eta egutegian ez du kontuan hartzen. Hortaz, egun jakin bat jartzea erabaki genuen: maiatzeko azken astelehena eta bezperako igandea”. Laudio ikastolak eta mojen eskolak sartu dute jaia beren egutegian, baina denek ez dutenez jai hartzen, unitate didaktiko bat sortu dute: “Ea pixkanaka hurrengo urteetako egutegietan sartzen duten eguna. Arazoa da irakasle asko ez direla bertokoak”.
Antolaketan, beste hainbat kidek ere hartzen du parte: mendi taldea, atletismo taldea, txirrindulari elkartea, Udaleko norbait, AEK... Sergio Escribano arkeologoak ere laguntzen du bisita gidatuak prestatzen. Egitarauaren arabera, gehiago ere sartzen dira antolaketan, “dantza dela, artzain txakurren erakustaldia dela, herri kirolak...”. Izan ere, hainbat zutarri ditu jaiak: kultura, natura, kirola eta euskara.
Iaz eta aurten, aurreko asteburura luzatu da egitaraua: barikuan hasi da Laudion, umeentzako diskodantzarekin eta guztientzako txokolatada eta parriladarekin. Halere, ez omen du gehiegi merezi: “Beheko jaia arrakastatsua izateak ez du ziurtatzen astelehenean jendea Santa Luziara igotzea”. Azken bost urteotan larunbatean antolatu izan den erronka bertikala (Laudioko Ugarte plaza eta Santa Luzia artean), aldiz, finkatu egin da. Egiten jarraituko dute, baina ez erromeria egunean, “azpiegitura behar duelako eta ez dagoelako lekurik. Aurten, 60 bat parte hartzaile izan dira”.
Festa honen arazoa ez da antolaketa, ez baita “gehiegizko lana. Gu prest gaude jarraitzeko, baina ez dago behar bezalako erantzunik. Igotzen dira eskolan jai duten umeak, ahal duten gurasoekin, eta erretiratuak. Normala da astelehenean jende gutxi hurbiltzea, laneguna delako, baina igandean... Laudion, eskaintza itzela dago asteburuetan, eta ohiturak aldatu egin dira. Gainera, eguraldiak laguntzen ez badu...”. Ussiak dio erromeriak gero eta gutxiago egiten direla. “Aurten,  larunbat arratsaldean gazteentzako kontzertutxoren bat egiteko asmoa izan genuen, gazteei ideia gustatu zitzaien, baina Amurrioko Euskaraz bizi nahi dut egunarekin bat egin zuenez ez genuen prestatu. Garai batean, kanpin denda eta guzti igotzen ziren gazteak, asteburu osoa ematera. Ez zen ezer berezirik egoten, baina kuadrilla bakoitzak bere jaia sortzen zuen”.
Ussiak aitortzen du batzuetan izaten dela dena uzteko tentazioa, “baina hori eginez gero, euskararekin ere gauza bera egin genezake, edo ingurunearekin... Borrokatu egin behar da, jendearengana heltzeko bidea topatu, jaia bere senti dezan. Agian, ideia berritzaileak ekarriko dituen jendea behar dugu”. Eskoletan jarria dute itxaropena, “baina gurasoen eta irakasleen konpromisoa ere behar da. Bestela, inguruarekin konpromisorik hartzen ez badugu, azkenean denok hanburgesa eta surfa!”.

 

baztandarrenTarteka, jendeari gogoratu behar zaio besta hau denon artean antolatzen dugula”

Jai handia da, baztandarrentzat, Baztandarren Biltzarra. Udalerria osatzen duten hamabost herriek ospatzen dute, Elizondon, Santiago Egunaren aurreko edo ondorengo igandean. 1964tik egiten dute, Baztandarren Biltzarra Elkarteak antolatuta. Haatik, antolatzeko zailtasunak tarteko, aurten ez egitekotan izan dira, elkarteko kide Ixa Barberenak (Irurita, 1982) azaldu digunez.

Baztanen ez ezik, bailaratik kanpo ere aski ezaguna da jaia. Alta, hitzordu maitea izanagatik, arazoak ez ditu aparte. Iazko abenduan, ultimatuma bota zuen elkarteak: antolaketa lanetarako kide gehiago lortu ezean, jaia bertan behera gera daiteke. “Iaz, besta arras ongi atera zen” azaldu du Barberenak, “baina elkarteko kideon sentsazioa, oro har, ez zen ona izan. Lanez gainezka, egunean bertan ere arazo batzuk izan genituen... Ahal beste eman genuen, baina...”. Antolaketa lanean arazo franko sumatu eta bizi izan zituztela, alegia. “Elkartean hainbat urte daramatzagu batzuok, baina pixkanaka utzi eginen dugula ikusten genuen. Ez genuen etorkizunik ikusten”.
Normalean, elkarteko 20 bat lagun aritzen dira antolaketa lanean. “Aurreko urtean, batzuek utzi egin behar izan zuten; beste batzuek ez dute utzi, baina aurtengoa eta gero utziko dute...” dio Barberenak. Ondorioz, premiazkoa zuten antolakuntzara jende gehiago biltzea. “Jendeak, agian, ez zekien zenbateraino laguntzen ahal zuen. Gauza zehatzetan laguntzen ahal zuela bazekien, baina ez beste zenbait gauzatan ere lagun zezakeela. Hortaz, aurreko urtean ere hasi ginen bailarako herriekin-eta biltzen, denon artean besta parte hartzaileagoa egiteko”.
Iazko abenduaren 29an egin zuten bilera. “Aunitz jende etorri zen. Hasiera batean, geuk ere bagenekien zaila zela lehendabiziko bilera horretatik aunitz jende ateratzea” dio Barberenak. Nolanahi ere, jendearen erantzuna ona izan zen. Batetik, “jendeak beste aukera batzuk proposatu zituelako, bai eta lan egiteko bestelako moduak ere. Adibidez, jaiaren aurreko asteetan guk egin ohi ditugun lan batzuk beste batzuen esku uztea. Egia erran, ohitura tarteko, guk geuk egiten genituen lan batzuk, automatikoki”. Bestetik, boluntario gehiago lortu zituztelako. “15 kide gehiago lortu genituen. Orain, 25 bat izango gara; ongi!”.
Festaren egun berean edo aurreko asteetan laguntzeko jendea ere lortu zuten. Izan ere, “pertsona batek, beharbada, ez du elkartean sartzeko aukerarik, baina lagun dezake aitzineko bi asteetan”. Finean, Barberenaren iritziz, “eraginkorra izan zen bilera”. Azken batean, “bileran azaldutako ideiak onak izan ahal dira guretzat, kanpoko ikuspegia lagungarria izaten ahal delako”.
Ez da Baztandarren Biltzarrak etorkizuna kolokan izan duen lehen aldia. Tarteka gertatu izan zaie, 1995ean, kasu. Barberenaren ustez, “elkartea indartu egiten da, zenbait urtez; izaten dira urte batzuk onak, eta gero, denbora igaro ahala, erreleboa lortu behar dela gogoratu behar da”. Zergatik halako gorabeherak? “Ez dakit” dio Barberenak, “ohitura kontua delakoan nago. Azkenean, denoi gustatzen zaigu besta egitea. Nire ustez, herri txikietan, jendeak bere herriko bestetan eta kultur ekintzetan parte hartzen du; beste hau, aldiz, pixka bat urrunago geratzen zaio, edo, agian, ez zaio bururatu ere egiten. Horrexegatik, tarteka, jendeari gogoratu behar zaio besta hau denon artean antolatzen dugula, eta, horretarako,  laguntza behar dela”.
Aurtengo hitzordua hilaren 22an izango da. Aurrera begira, Barberenak uste du etorkizuna “nahiko ziurtatuta” dagoela, kide sartu berriei esker. “Ez dakit hemendik bost urtera berriz hasi beharko dugun laguntza eske; aurten, behintzat, elkartea indartu egin da gazteekin, eta gogotsu daude. Baikorra izan nahi dut”. Baztandarren Biltzarrik gabeko egoerarik ez du irudikatzen. Halakorik gertatuz gero, argi du baztandarrek hutsunea sumatuko luketela: “Batez ere, helduek. Pena izugarria hartuko lukete, haiek egindako lanaren ondorioa delako”. Dena den, aurrera begira gazte jendea gehiago inplikatu nahi dute. “Agian, gazteek ez dute bizi guk bizi izan duguna. Horregatik, gure nahia da pixkanaka jende gaztea sartzea elkartean, ikus dezaten zer-nolako giroa dagoen eta bestaz kanpo ere harreman politak egiten direla. Eta merezi duela”.