“Euskal Herria aberatsa da, baina artea ez du aski zaindu”

elkarrizketa

Ximun Fuchs (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1974) eskarmentu handiko antzerki zuzendaria, gidoigilea eta aktorea da, baita Le Petit Theatre de Pain konpainiaren sortzaileetako bat ere. Iaz, Non filma aurkeztu zuen, Eñaut Castagnet lehengusuarekin. Axut kolektiboa sortu du, Manex anaiarekin, eta Zazpi senideko antzezten dabiltza. Gastibeltza Filmak enpresa eratu berriko kidea ere bada. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zein da enpresaren xedea?
Filmak ekoiztu eta banatuko ditugu. Euskal Herri osorako jardun nahi dugu, tresna bat sortu zinemagintza garatzeko eta zabaltzeko. Euskaraz gehienbat, baina izan liteke errumanieraz ere, proiektu batek interesa eragiten badigu. Ipar Euskal Herrian egongo da, estrategikoki Frantziarantz eta Europako iparralderantz irekitzeko. Banaketari dagokionez, ohitura sortu nahi dugu Iparraldean, euskaraz urtean film bat ateratzen baita, gutxi gorabehera, eta horrek ez du finkatzen publikorik. Gure kulturak gehiago merezi du. Bestalde, film batzuk sobera ahulak dira frantses merkatuan sartzeko, lehia handia baita, mundu osoko zinema etortzen delako horrat betidanik,  azpitituluekin. Bada kultura hori Frantzian, aski garatua, baina ez euskaraz. Hortaz, indar handiagoa duten filmak, edo artistikoki oso bereziak, hedatu nahi ditugu han.
Baduzue proiekturik esku artean?
Berehalako lau ditugu: Non filma Frantziako zinema aretoetan dago oraindik, baina Espainian agorrila bukaeran edo iraila hasieran aterako da, jatorrizko bertsioan (frantsesez), azpitituluekin. Udazkenean, berriz, Gure oroitzapenak filma banatuko dugu Ipar Euskal Herrian, hamabi zinemagilek Sarriren obraren inguruan egindako film laburrak. Ekoitzi egin dugu, Itziar Leemansek zuzendutako filma gure gain hartuta. Inportantea zen emaztea izatea, kulturaren mundua oso falokrata delako. Euskal gatazkaren amaierari buruzko dokumental bat ere bai: L’ hypothèse démocratique. Azkenik, Josu Martinezen dokumentala, Lezo Urreztietari buruzkoa. Bost lagun gara lanean, baina eskas dugu jendea, maleruski. Enpresa txikia gara, eta ofizioa ikasten ari gara; halere, eginez sortzen da izen bat.
Non frantsesez eginda, hurrengo filma euskaraz egiteko asmoa omen duzue...
Euskal Herrian gertatuko da istorioa. Eñautekin eta Manexekin egingo dut, baina sekretua da...
Antzerkian, Zaldi urdina ari zarete prestatzen...
Drogaren ingurukoa izango da obra, Euskal Herrian garrantzi handia ukan baitu. Hemen, borondate politiko argia izan da, heroinarekin eta haxixarekin herria nolabait itotzeko. Hildako asko izan dira, gai tabua izan da, atentatuak izan dira horren inguruan, horrekin finantzatu da gerla zikina, eta gazte belaunaldi bat akabatu da, edo bi. Orain, hirugarrena. Oraindik oso erraza da Euskal Herrian droga atzematea. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatziko dute obra, gurekin batera, eta esaten dute Durangon drogak hildako gehiago eragin dituela bonbardaketak baino. Hori ez da plazaratzen, gai konplikatua baita. Mundu guztia sartua izan da saltsa horretan, hurbiletik edo urrunetik, eta denek begiratu dute beste norabait. Artiston lana saltsa erakustea da. ArteDrama, Dejabu eta Axut izango gara elkarrekin, gehi beste hiruzpalau lagun. 2019ko urrian estreinatuko da.
Axut sortuta, frantsesa baztertu egin duzue lanerako?
Ez, Axut egin dugu euskaraz sortzeko, egiteko eta eragiteko, sareak osatzeko, pentsaera jakin bat bultzatzeko... euskarari lehentasuna emanda. Atera gara Le Petit Theatre de Pain taldetik, frantsesez egiten zuelako, batez ere, eta pixka bat euskaraz; euskarak leku txikia zuen, bortxaz. Euskal sorkuntzari behar duen adorea, funtsezko planteamendua... eman nahi badizkiogu, lehentasuna izan behar du. Ez gaude frantsesaren aurka, euskararen alde baizik.
Euskaraz soilik arituta, bizi daiteke antzerkitik?
Hori da erronka; ez bakarrik bizitzea, baizik eta euskaraz sortzea beste eredu batzuk, Espainiari edo Frantziari begira egon gabe, badituzten arren oso gauza interesgarriak. Euskal artea ez bada bilakatzen gizartearen ardatza, jendeak ez du euskaraz hitz egingo, amestuko, maitatuko... ez da euskaraz kexatuko! Egingo du ongi dagoelako, edo behartua delako, edo politikoki edo ohituraz euskaraz mintzatzea erabaki duelako, baina maitatuko du, kexatuko da, amestuko du gaztelaniaz edo frantsesez, arteak ematen baitio aukera jendeari ereduak sortzeko. Antzerkiak beharko luke egin, eta zinemak ere bai, garai batean euskal rock erradikalak egin zuena. Euskara orduan bilakatu zen zerbait, modernitatea hor zegoen. Antzerkiak, zinemak, dantzak... oraindik ez dute lortu. Horretarako, fenomeno sozial bilakatu behar dira, eta hori posible da. Pentsaera aldetik euskaldun askeak izango bagara, gorputz osoarekin, arteak behar du beste leku bat hartu. Ez dut erraiten artista naizelako, baizik eta euskalduna naizelako eta haurrak ditudalako. Haiek euskaldunak dira, baina frantsesezko joko elektronikoak dituzte, eta zenbat film ikus dezakete euskaraz urtean? Ez naiz antisistema, baina beste sistema bat sortu behar da, eta horretan eragiten saiatzen naiz.
Arte eszenikoak denbora pasa dira?
Halaxe onartuak dira, baina ez dira. Komunitate batek zein esparru du zerbait elkarrekin pentsatzeko edo sentitzeko? Arte eszenikoak. Antzoki batean, besaulkietan direnak eta agertokian direnak, izan zahar, gazte, beltz, zuri, pobre, aberats, aktore, ikusle, kasualitatez daudenak... denek batera une berean bizi dute zerbait, nork bere moldean. Tamalez, sozialki eta politikoki aisialditzat jotzen da. Ongi da, baina, hori balitz, merezi du diru publikoa? Footing egiteko ez du merezi, gauza pribatua da, baina hau ez da pribatua, beste zerbait da, gure rolak askatzen ditu bat-batean. Arte eszenikoak gure gizatasuna garatzeko parada dira.
Artistok baduzue ardura bereziren bat horretan?
Ez, nik erronka sentitzen dut, beti lortu ez arren. Ardura ez da gurea bakarrik, gizarte osoarena baizik. Gu parte bat gara, baina zenbat jendek egiten du lan antzezlan bat egiteko? Txalotzen denean, ez da txalotzen artista. Hori ulertzen ez duen artista bere egoak gainditu du. Txalotzen denean, denok txalotzen gara, publikoak bere burua txalotzen du, parte hartu baitu, eta badaki. Zenbat eta gehiago parte hartu, emozionalki edo pentsaeraz, orduan eta gehiago txalotuko du, zerbait bizi izan duelako. Txalotzen da une bat, eta horretarako lan egin dute administraziokoek, teknikariek, komunikaziokoek, antzokiko jendeak, garbitzaileek... Baita artistek ere, baina, finean, kasik lan errazena da.
Euskal antzerkiak loraldia bizi duela diote. Ados zaude?
Nondik begiratzen den. Zenbat jende bizi da euskal antzerkitik? Zenbat jende da lan baldintza gordinekin euskal antzerkian? Zein leku du gure egunerokotasunean? Zenbat antzezlan ikusten du jendeak urtean? Loraldia... Onenean, promesa du bere baitan, eta ez da gutxi, baina hori baino gehiago ez dut uste. Jendeak ukaiten duenean aukera bere hirian urtean 30 edo 40 antzezlan euskaraz ikusteko, kalitatezkoak, beste 200en artean hautatuak izan direlako, orduan izango da benetako loraldia. Ez diet begiratzen Frantziari edo Espainiari, baizik eta gure tamainako herrialdeei: Danimarka, Belgika... herri txiki aberatsak, Euskal Herria aberatsa baita. Bada pobrezia, baina industria ere badu, laborantza, turismoa, jatetxe asko... artea, ordea, ez du aski zaindu.
Nola erakarri publikoa antzokira?
Moldeak berrasmatu behar dira, eskolekin lan eginez, adibidez. Kontua ez da ikasleak ekarri, obra ikusi eta alde egitea. Aurretik landu behar dira estetika, ulermena... Bestalde, pentsatu behar da nola gizarteratu obra bat, begiratu beharrean zerk funtzionatu duen ondo Ingalaterran, gero hemen euskarara eta gaztelaniara itzultzeko. Horixe izan da, une batez, eredu ekonomikoa, baina aldatu egin behar da. Gaur egun, Euskal Herrian arazo asko dira. Bada, hartu hori eta antzeztu! Jendea hurbilduko da, obrak berari buruz hitz egiten badu. Gero, eman leku bat hedabideetan, baina ez kirolen eta autoen arteko orrialdeetan; eraman lehenera! Molde bat ere aurkitu behar da artea tenpluetatik ateratzeko, jendea berriz sar dadin tenpluetan. Nik liburutegi bat ukango banu, pintxo-pote denboran irekiko nuke, eta jendea etorriko litzateke, pintxorik onenak nire liburutegikoak izango liratekeelako. Gero, tarteka, liburu bat hartzen edo irakurtzen dela? Ondo! Denok hartu behar dugu ardura, nork bere lana egin behar du, eta partekatu. Aldatu egin behar da artearekin dugun harremana. Ez da aisialdia, jatea ez den bezala. Gastronomiak badu interesa, noski, baina behar dut jan, hilko ez banaiz.
Euskarari dagokionez, zergatik merezi du ikastea?
Erran dezakedan lehen gauza da ‘Zein ongi pasatzen dugun!’, eta ‘Zein aske garen!’. Ongi pasatzea ederra da, eta aske izateak hegalak ematen ditu. Komunitate bateko kide izatea ere bada, eta euskarak badu sistema linguistiko berezia, badu pentsatzeko beste molde bat. Adibidez, nik arabiera ikasi nahi dut, hizkuntza horrek baduelako xarma; seguru naiz asko ikasiko dudala munduaz hizkuntza hori ikasiz. Ez naiz izango beste bat, baina nire burua aberastuko dut. Beraz, aberats zaitez!

KOLKOTIK

Antzerkilaria ez bazina, zer?
Musikaria.
Oholtzara irten aurreko maniaren bat?
Milioika: dena bildu, berriz aldatu, testua errepasatu, yoga egin, ura edan, komunera 17 aldiz joan...
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Altsasuko gazteak aske utzi dituztela. Zein garesti ordaintzen dugun euskaldunak izatea!
Zer eman dizu antzerkiak?
Erranaldia ez da nirea, baina nire haurtasuna garatzeko parada.
Eta zeuk, zer eman diozu?
Ahal izan dudan guztia!
Besaulkian eserita ikusi duzun azken obra?
Karramarroa, Eneritz Artetxerena.
Gehien hunkitu zaituena?
Hozkailua, Huts Teatroarena.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Ez dut begiratzen!
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Esnea, nire haurrentzat.
Larunbat gauerako planik onena?
Sorpresa!
Zerk alaitzen dizu eguna?
Muxu batek.
Zerk ematen dizu amorrua?
Saiatzen naiz sentimendu hori nire baitatik ateratzen... baina ezintasunak.
Eta lotsa?
Gauza askok... Ez lortzeak.
Zerk beldurtzen zaitu?
Nire amesgaiztoek.
Erraza da senideekin lan egitea?
Erraza, ez. Pozgarria, oso.
Labur, nolakoa da Ximun?
Korrika dabilen antzerkilari aita maitemindua.