Lapurdiko kortsarioen bidetik

ander

Ixtebe Pellotek ezetz esan zion Napoleon enperadoreari. Hendaiako kortsario paregabeak, Ameriketan dozenaka itsasontzi espainiar eta ingeles harrapatu eta arpilatu zituenak, ez zuen aginte posturik onartu Frantziako armadan. 47 urterekin erretiratu zen, aberastuta, eta 91 urte arte bizi izan zen, jaioterrian, bakean. “Biba Pellot, biba festa!” esaten dute orain Bixintxo festan, urtarrilean urtero, kortsario mozorrotutako ume hendaiarrek. Ander Izagirre

Hendaia kortsarioen baseetako bat izan zen. Itsasontziak ez zituzten egungo portuan lotzen, beste leku ezkutuago batean baizik. Horra joateko, Hendaiako hondartza alderik alde zeharkatuko dugu. “Hendaiako hondartza” diogu, bakarra balego bezala, eta ulertzekoa da: Ondarraitzekoaz ari gara, hiru kilometroko luzera duenaz, surflarien oso gustukoaz. Uretatik harrizko bi hagin erraldoi ateratzen dira, labarretik bereizita. Frantsesez, irudimen handirik gabe, Les Jumeaux izendatu dituzte, bikiak. Euskarazko izen zaharrei, aldiz, marinelen jakituria darie: Dunba Zabala eta Dunba Luzia esaten zieten, hilobi zabala eta hilobi luzea, ondo baitzekiten korronte gaiztoek ontziak harrien kontra lehertzen zituztela.
Dunbak ikustera, Abadiako eremutik hurbil gaitezke. Lurmutur horretan, naziek eraikitako bunkerrak daude, Norvegian hasi eta hantxe bukatzen zen Atlantikoko Harresiaren lekuko. Anton Abadiaren gazteluak ere bisita merezi du, XIX. mendeko astronomo, esploratzaile eta euskaltzalearen bilduma exotikoak, behatokia, aretoak eta liburutegia ezagutzeko (www.chateau-abbadia.fr). Halere, gu Hendaiako beste hondartzaren bila gabiltza, eta Abadiako eremuko ekialdean topatuko dugu: Loiako senadia. Itsasbehera badago, oinez igaro gaitezke senadiko irlatxora. Hortxe gordetzen zituzten kortsarioek, babesean, beren ontziak.
Kortsarioak ez ziren pirata arruntak: erregearen baimena zeukaten (kortso agiria) etsaien ontziak abordatu, portura ekarri, harrapatutako marinelen truke ordainsariak eskatu eta lapurtutako azukrea, kotoia, burdina, olioa, egurra eta abar Baionako eta Bordeleko merkatariei saltzeko. Baimen horren truke, erregeari harrapakinen zati bat eman behar zioten. Negozio oparoa izan zen, mendeetan, Lapurdiko marinelentzat.
Balearen kiratsa
Kostako errepideari edo oinezkoentzako bidezidorrari jarraiki,  kortsarioen habiak ezagutuko ditugu. Erlaitzaren ertzetik, olatuen danbatekoen gainetik, kresalean barrena, Zokoara iritsiko gara. Portu txiki bat dago han, XVIII. mendeko gaztelu baten altzoan: hortik abiatzen zen Joanes Suigaraitxipi Ozeano Artikoan baleak ehizatzen ari ziren ontzi holandarrak erasotzera. Ehun baino gehiago harrapatu zituen. Pixka bat aurrerago, Donibane Lohizuneko badian, Mitxel Etxegorriaren fragata egoten zen; Michel le Basque esaten zioten negozioa Karibera zabaldu zuen bukanero hari. Tortuga uhartean ezarri zuen egoitza, Maracaibo hiria arpilatu zuen, eta, Cartagena de Indiasko gobernadore espainiarrak hura atxilotzeko fragata bat itsasoratu zuenean, Etxegorriak ontzia harrapatu eta marinelak libre utzi zituen, bueltan mezu bat eraman zezaten: “Eskerrik asko, gobernadore jauna, halako ontzi polita bidaltzeagatik”.
Donibaneko badia Europako kortsario-gune handienetakoa izan zen. Honela azaldu zion Baionako gobernadoreak Luis XIV.a erregeari: “Harrapatutako ontziak elkarri lotuta daude portuan, bata bestearen ondoan. Eta oinez pasa liteke, Donibane Lohizunen berorrek ostatu hartu zuen palaziotik, Ziburuko itsasertzeraino, ontziz ontzi, ura ukitu gabe”.
Lohizundarrek aspalditik zeukaten itsas zabaleko eskarmentua. Ternua esploratu zuten lehenengoetakoak izan ziren, XVI. mendearen hasiera-hasieran. Bakailaoa arrantzatzera joan ziren, baina balea mordoa aurkitu eta negozioa aldatu zuten: urtero, ehunka balea ehizatu eta milaka tona olio (garaiko petrolioa) ekartzen zuten Europara. Ehizak behera egin zuenean, arpoiaz eta lantzaz baleak hil ordez, herrialde etsaietako marinelak hiltzen hasi ziren.
Aberastasuna eta boterea islatzeko, armadore lohizundarrak jauregiak eraikitzen hasi ziren, portu ondoan. XVII. mendeko Manhattan txiki bat da. Hantxe, Joanoenia palazioa bisita dezakegu, bai eta Betbeder Baita edo Lohobiage Enea ere, gerora Luis XIV.aren Etxea izendatua, errege hark hortxe hartu zuelako ostatu 1660an, Maria Teresa infanta espainiarrarekin ezkondu aurretik.
Lohobiagetarrak armadore boteretsuak ziren, Artikoan baleak hiltzen hasitakoak. Agian, errege-erreginak ez zuten balearen odol eta koipe kiratsik nabarituko jauregi haietan, baina armadoreek oso gogoan zeuzkaten. Lohobegia Enean, zetazeoen ehizaren irudiak ikus daitezke. Habe batean, Jonas ageri da balearen ahotik ateratzen. Joanenian, Maria Teresa infanta egon zen etxean, margolan harrigarriak daude: izaki mitologikoak, fruitu exotikoak, izar multzoak, itsasoetako deabru eta munstroak eta, tartean, balearen ehiza, zehaztasun handiz. Enperadoreekin harremanetan hasi zirenean ere, Lapurdiko marinelek harro erakutsi zieten beren oparotasunaren jatorria: itsas lapurretak eta munstroen ehiza.