Artaxoa, Erdi Aroko harribitxia

artaxoa

Artista batek maitasunez margoturiko lana dirudi Erriberri eskualdeko paisaiak: oihalaren gainean, zertzelada horiak eta berdeak gailentzen dira, zereal eta gari soroak irudikatzeko. Tafalla eta Gares artean, baina, artistaren pintzelak silueta marroixka bat margotu du mendixka baten tontorrean: bederatzi dorrez osaturiko hiribildua da, eta, 800 urte luzez, altxor arkitektoniko baten zaindari izan dira muinoa inguratzen duten harresiak. Artaxoa antzinako herriak denboran atzera egiteko aukera eskaintzen dio bisitariari, Erdi Arorako ateak irekita. Arkaitz Almortza 

Iraganerako bidaia harresien magalean hasten da. Zerkora (halaxe esaten diote) hurbiltzean, harrizko ate handi batek egiten dio ongietorria kanpotik etorritako lagunari. Albo bietan dauden dorreek erne begiratzen diote bisitariari, eta baimena ematen diote Artaxoa antzinako herrira sartzeko. San Miguel izeneko ataria zeharkatutakoan, harrizko edertasunak harrapatzen du bisitaria.
Txoko eta bazter guztiak historiaz mintzo dira. Herrixkaren bihotzean, XIII. mendeko San Saturnino eliza-gotorlekua dago, eta, garai batean izan zituen 14 dorre almenadunetik bederatzik jarraitzen dute zutik, Erdi Aroko herria babesten. Bisita egiteko, onena da herriko karrika zaharretan barrena ibiliz hastea, garai bateko bizimodua gertutik ezagutzeko.
Iruñeko erresumaren hastapenetan sortu zen hiribildua. Herriko seme Pablo Guembe historialariak azaldu legez, VIII. mendean musulmanek Iberiar penintsula osoa hartu zuten, eta Ebro ibaiko lurrak konkistatu zituzten. Egoera horretan, Iruñeko errege-erreginek, erresuma babesteko helburuarekin, zaintzarako dorreak eraiki zituzten beren lurren mugetan, eta horietako bat Artaxoako dorrea izan zen.  
Urte batzuk geroago, kristauak erresuma zabaltzen ari zirenean, Iruñeko apezpikuak  Okzitaniako Tolosako kabildoei eman zien Artaxoa herria. Haiek monasterio baten antzeko eraikina eraiki zuten, eta, XI. mendearen amaieran, Iruñeko errege-erreginen laguntzarekin, herria babesteko harresiak eta dorreak eraikitzen hasi ziren; hiribildua erresumako mugan egonik, Kordobako Kalifaren erasoak egun batetik bestera gerta zitezkeen. “Hasieran, harresiak eraikitzen hasi zirenean, musulmanen erasoetatik babestea zuten helburu, baina eraikitzen amaitu zutenean, muga hegoaldera jaitsi zen; gerora, Gaztela eta Aragoiko koroak izango ziren etsaiak” azaldu du Guembek.
Garai hartan, Frantziako kalonjeak iritsi eta denbora gutxira, oparoaldi ekonomikoa izan zuten herrian: uzta onak biltzen hasi ziren, eta, ondorioz, herria hazi egin zen. Hala, XIII. mendean, etxeak muinoaren magalean eraikitzen hasi ziren, harresiez harago, eta horrela eraiki zuten egungo herria. Garai hartakoa da, esaterako, herriko San Pedro eliza, hots, San Saturnino elizaren anaia gaztea.  
Ibilaldiak harresien azpitik jarraitzen du. Dorreak ortzi-mugara so daude, eta eskualdeko lurrak zaintzen dituzte. Egun, esan bezala, bederatzi daude zutik, eta hiru dorreren zimenduak ere hantxe daude; berriki, birenak azaldu dira. Egitura bitxia dute: barrualdeari begira, zabalik daude; izan ere, Artaxoako historialariaren esanetan, etsaiak ezingo ziren dorreez jabetu, gatazkaren bat egonez gero.
Eliza-gotorlekua
Erdi Aroko karriketan barrena ibili ostean, eliza-gotorlekua ezagutu beharra dago. Nafarroako altxor preziatuenetako bat da. Arteak eta historiak bat egiten dute tenplu honetan. Egungo eliza aurreko baten gainean eraiki zuten. Izan ere, Tolosako Kalonjeak iritsi zirenean, eliza erromaniko bat eta dorre bat zeuden egungoaren lekuan. Alabaina, herria hazi zenean, funtzio militarra eta erlijioarekin loturikoa bereiztea erabaki zuten, eta elizaren gibelean gaztelu bat eraiki zuten. Adituen arabera, 30 metroko luzerako dorrea (Omenaldiaren dorrea du izena) izan zuen. Egun, haren aztarnak geratzen dira, izan zenari eusteko ahaleginean.
XIII. mendean, egungo eliza-gotorleku gotikoa eraiki zuten. Ikusgarria da, benetan, tenpluaren aurrealde gotikoa. Kanpoaldeak ez ezik, elizaren harrizko hormek ere hamaika bitxikeria eder ezkutatzen dute. Baina, guztien artean ikusgarriena, zaintzarako dorrea eta teilatua dira, “bakarrak munduan”, hango giden esanetan. Bisitariek hori baieztatzeko aukera izango dute, harrizko eskailera kiribilak igo ostean. Halaxe da, teilatua barrualdera dago: “Euri ura biltzeko eraiki zuten. Ura hartu eta, ubideen bidez, elizaren azpian zegoen uharka batera eramaten zuten”. Ura gorderik izatea garrantzitsua zen, setioren bat jasanez gero, eta horrexegatik eraiki zuten horrela elizaren txapela. Elizako teilatua inguratuz,  teilatuko ingurabidean pasieran eginez, bisitariek antzinako herriko zaindarien larruan sartzeko aukera izanen dute. Txangoa amaitzeko, ikuspegi ederra topatuko dute elizako teilatuan.
Artaxoako hiribildua gerra eta gatazka askoren lekukoa izan da. Karlos II.aren garaian hainbat eraso jasan zituen arren, tinko eutsi zioten harresiek. 1512an, Nafarroako Konkistaren garaian, Leringo kondeak hiribildua bereganatu zuen; Konkistaren ostean, Nafarroako gazteluak suntsitzen hasi zirenean, Artaxoa beaumondarren (Gaztelaren aldekoak) esku zegoenez, bere horretan utzi zuten. Horri esker, zutik jarraitzen du Zerkoak, iraganerako atea zabalduta.

Bitxikeriak

Zinema izarra: Sarritan, zinema platoa izan da Artaxoa. 70eko hamarraldian, esaterako, Robin and Marian filma grabatu zuten, Audrey Hepburn eta Sean Connery aktoreak protagonista zirela.
Trikuharriak: Artaxoatik 4 kilometrora, trikuharri multzo bat dago, Nafarroako garrantzitsuenetakoa.
Euskara: Landa osoa euskaraz mintzo da Artaxoan. Bere kokapen estrategikoa dela kausa, Nafarroako erdialdean euskara galdu zuen azkenetako herria izan zen. Adituen esanetan, herriaren izenaren esanahietako bat euskaratik dator: “Arte ona”.