Ospakizuna eta aldarria uztartuko ditu Antzerkizale Egunak

antzerkia

Antzerkizale, jalgi hadi taulara! lelopean, IV. Antzerkizale Eguna egingo da abenduaren 14an Berriozarren. Aurreko urteetan Villabonan, Mungian eta Usurbilen egin ostean, aurten hitzordua Nafarroan ipini du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE), euskarazko antzerkigintzak, antzerkia eta euskarazkoa den aldetik, lurralde horretan bizi duen egoera kaskarra salatzeko. Orotariko ekintzak izango dira egun osoan, besteak beste, heldu eta haurrentzako tailerrak, irakurketa dramatizatuak, bakarrizketak, ipuin kontaketak eta mikro-antzerkien zirkuitua. Herri bazkarirako tartea ere hartuko dute eguerdian, eta 19:00etan aurtengo Antzerkizale Eguneko manifestua irakurriko dute Berriozarko Areto Nagusian, EHAZE saria banatzearekin batera. Jarraian, leku berean, eta egunari amaiera emateko, Kabia konpainiak Itzalak lana eskainiko du. Bestelakorik ere izango da Antzerkizale Egunaren aurretik. Izan ere, bezperan, euskal antzerkigintzak Nafarroan bizi duen egoerari eta etorkizunean izango dituen erronkei buruzko mahai-ingurua egingo dute.