Ez dut uste inor bizi daitekeenik musikarik gabe

arin-arinEstitxu Pinatxo
Abeslaria

Lanbidez Lehen Hezkuntzako irakaslea bada ere, gazte-gaztetatik musikari emana bizi da Pinatxo (Bera, 1987. Iaztik, Damba musika taldeko abeslaria da, Aitziber Estangarekin batera. Hamaika proiektutan ibili da: Nafarroako Euskal Kantu Txapelketa irabazi du haur eta helduen mailan, Iratxo taldearekin erromerietan, Josetxo Goia-Ariberen kolaboratzaile... Sortuko dira besteak eta Egunsentiaren kantak egitasmoetan ibili da berriki. ETBko zenbait saiotan abeslari edo epaile aritu izan da, eta Tele5ko La Voz saioan ere parte hartu zuen.

 

Hautsi... eta izan zaitez zu izena du Dambaren azken diskak. Musikarik gabe, izango al zinateke zu?
Ezin jakin, baina ez dut uste. Ez dut uste inor bizi daitekeenik musikarik gabe. Ezinezkoa litzake musikarik gabeko mundua. Modu batera edo bertzera, lehenago edo geroago, norbaitek kantatuko luke doinuren bat, edo sortuko luke erritmoren bat. Azken finean, horrela izan zen, ezta?
Festa giroko musika egiteko, festazalea izan behar da derrigor?
Ez dizut ezetzik erranen, kar-kar! Dena den, uste dut denok garela festazaleak. Batzuk gehiago, bertzeak guttiago. Baina ez galdetu ni zein taldetan sartzen naizen. Kar-kar!
Dantzazaleak al gara euskaldunok?
Hori da gure nahia: publikoa mugiaraztea. Baina, egia erran, ez da batere erraza Euskal Herrian. Esku bat kalimotxoa heltzen eta bertzea sakelan. Kar-kar! Hala ere, badaude aldeak iparraldekoen eta hegoaldekoen artean. Iparraldean, antza, ez dira hain lotsatiak eta segituan animatzen dira dantzara.
Hamaika proiektutan parte hartu duzu. Ez al dakizu ezetz esaten?
Kar-kar! Proposatu dizkidaten proiektuak interesgarriak izan dira, beraz, zergatik ezetz erran? Kar-kar! Baina egia da edozein dela ere proposamena, erraz animatzen diren horietakoa naizela.
Telebistan ateratzeak laguntzen al du ateak zabaltzen?
Hala da, bai. Sekulako erakusleihoa izan da niretzat. ETB1en aritu nintzen lanean hainbat saiotan eta horri esker lanean jardun dut, baina iaz Tele5n egon izanak eman ditu fruitu gehien, bai.
Petti lehengusua duzu. Familiarteko bazkariak aski animatuak izango dira zuenean...
Familian kantuzale ugari dago Petti eta nitaz gain, eta egia da, bai, bazkalondoak beti izaten direla hagitz animatuak.
Beran musika zainetan al daramazue?
Hala dirudi. Musikari handiak ditugu herrian, eta sortuko direnak. Musika eskolak eskaintza zabala du eta Beran ohitura handia egon da hara ikastera joateko. Horretaz gain, Udalak laguntza handia eman izan du garai bateko aduana zena utzi eta bertan entseatzeko aukera emanez. Berako musikari guztiok noiz edo noiz handik pasatu garela erranen nuke.
Ikasleak direla eta: musikak otzantzen al ditu piztiak?
Ez dakit nik... Batzuetan, harrotu ere bai. Dena den, ikasleei irribarre bat eragitea arrunt gauza polita da. Musikarekin bada, hobe.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna?
Lagun on baten deiak.
Eta zerk tristatu? Joandako pertsona baten oroitzak.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza gutti behar dut irri egiteko...
Eta negarra? Hagitz sentibera naiz, momentu hunkigarrietan erraz ateratzen zaizkit malkoak.
Zerk haserrarazten zaitu? Gauza bat erran eta bertzea egiten duten horiek.  
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Amak, batzuetan.
Bizio bat: Ohea.
Musika talde bat: Toto.
Abesti bat: Georgia on my Mind.
.

Eñaut Mitxelena