Barnealdeko pulunpak

araba

Herri guztietan daude, eta umeen topaleku nagusi izan ohi dira udako oporraldietan: herriko igerileku naturalak, errekak, mendien arteko ur jauziak, putzu ezezagunak edo urtegiak... Denek balio dute eguzki izpi arteko algarak eta jolasak beren inguruan biltzeko. Gasteiztik Añanara eta Arabako Errioxatik Lautadara, hamaika toki xarmagarri aurki daiteke, bai bainu freskagarria hartzeko bai ur kirolak praktikatzeko. Estitxu Ugarte

Aisialdi gune nagusi horietan, dagoeneko badago bainua hartzea: Gasteizko Udalak hasiera eman dio bainu denboraldiari Mendizorrotzako eta Gamarrako igerilekuetan, eta Arabako Foru Aldundiak beste horrenbeste egin du Zadorrako urtegietako hondartzetan. Eguraldiak laguntzen ez badu ere, dena prest dute milaka lagun hartzeko, irailera arte.
Gamarrako kirol gunea aski ezaguna da bertakoentzat nahiz kanpoko askorentzat, batik bat Debagoiena eta Durangaldeko lagunentzat. Hogei hektarea baino gehiago ditu hiriko parke honek, eta 11.000 zuhaitzez inguratuta dago. Duda barik, igerilekuak dira instalazioetako erdigunea: itxura modernoko lau ontzi dira, eta hainbat garaieratako hiru txirrista dituzte, adinaren arabera erabili ahal izateko.
Mendizorrotzak, berriz, lau igerileku ditu: bi kanpoaldean (olinpikoa eta Aquamendi) eta beste bi barrualdean (biak klimatizatuak). Iazko denboraldian, 200.000 pertsonak baino gehiagok erabili zituzten udako igerileku hauek.
Zadorrako hondartzak
Hiriko igerilekuek bezalaxe, Zadorrako urtegiko hondartzek ere bisitari ugari izaten dituzte; hain zuzen ere, Garaiok, Landak eta Uribarri Ganboak 130.000 lagun baino gehiago hartzen dituzte udaro. Gainera, kirola egiteko gune egokiak dira, pasieran zein bizikletaz ibiltzeko ibilbide berde batek inguratzen baitu urtegia. Guztira, 45 kilometro ditu bideak, 13 eta 32 kilometroko bi zirkuitutan banatuta, eta Uribarri Ganboako paisaia eta natura ezagutzeko aukera polita eskaintzen du. Aurten, Arabako Foru Aldundiak alokatzeko bizikleta berriak jarriko ditu parkean; izan ere, 80.000 txirrindulari inguru ibiltzen dira urtero urtegiko bide berdetik.
Hiriko igerilekuak eta Zadorrako hondartzak alde batera utzita, Arabako herri guztietan egoten da ur kirolez gozatzeko, bainu bat hartzeko edo, behinik behin, oinak bustitzeko txokoren bat. Nerbioi, Baia, Zadorra, Jugalez, Omecillo, Herrerias, Itzalde, Izoria edo Altube ibaien ertzetan daude bainuzaleentzako erakarguneok.
Batzuk ezagunagoak dira, bertara sartzea bereziki erraza delako. Esate baterako, Mendialdean Maeztuko Zumalde udal parkea eta Kanpezuko Fresnedo ibai-igerilekuak dauzkagu. Era berean, Añana aldean Espejoko parkea, Armiñongo zubiaren ingurua eta Berantevillako Linares parkea daude; Trebiñun, berriz, Argantzungo igerileku naturalak. Eremu horiek hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: aparkatzeko tokia, mahaiak eta aulkiak, iturriak, parrilak... Leku batzuetan, gainera, tabernak ere egoten dira.
Ur kirolak egiteko aukera
Beste toki batzuetan, herritarrek ibaiaren zabalerak eta ibilbideak eskaintzen dizkieten aukerak baliatu ohi dituzte ur kirolak praktikatzeko. Hala, Lapuebla de Labarcako La Pobeda atseden eremutik gertu, Ebro ibaiaren bazterrean, presa txiki bat dago, non ur kirolak praktika daitezkeen herriko kayak enpresa baten eskutik. Aipatu atseden eremuan, gainera, aparkalekua, argibide panelak, txikientzako jolas parkea eta piknik gunea daude. Halaber, Araba eta Burgos arteko Sobrón urtegia toki egokia da era guztietako ur kirolak egiteko (kayak, SUP…); eta herritik hurbil igerilekuak daude.
Toki jendetsu eta iskanbilatsuak saihestu nahi dituztenek ere aukera ugari dituzte herrialdean barrena. Adibidez, Arabako Kuadrillako mendiko erreka, putzu eta ur jauzietan ingurugiro lasaiaz gozatzeko abagunea dago, norberaren bakardadean. Peñaladrosek, esaterako, ur jauzi altua du (putzuak, tarteko sakonera), eta gunea landarez eta zuhaitzez inguratuta dago. Urak Burgosko probintzian isuri arren, Arabako mugatik ehunka metrora dago, Aiarako Añes herritik gertu. Orobat, toki ezkutu batean, Oteoko errotako ur jauzia dago, Sabando ibaian, Antoñanan (Mendialdean), baina bide bat dago, seinaleztatuta, herritik hara heltzeko. Lekua ederra da oinak uretan sartuta inguruko lasaitasunaz gozatzeko. Trebiñu aldean ere hainbat putzu daude, Okina eta Saseta artean, eta aipagarria da Rodavieja izeneko ur jauzia: 8-10 metroko garaierarekin, putzu sakona sortzen du, eta oso aproposa da freskatzeko. Saseta herri txiki-txikitik abiatzen den bidexkari jarraitu behar zaio haraino iristeko. 
Zaldibartxo, Lamioxin, Zirauntza, La Toberia, Areatza… Araban, udaran freskatzeko aukera paregabea eskaintzen duten barnealdeko txokoen zerrenda amaigabea da. Edonola ere, bi baldintza bete behar dira horiez guztiez gozatzeko: ingurunea errespetatzeko konpromisoa hartzea eta bidean aurkitutako paraje ezezagunen sekretua gordetzea.