Asteasutik Obabara muskerrari segika

muskerra

Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951) idazlearen lanean ezinbesteko erreferentzia da Obaba. Obabakoak (Erein, 1988) lan ezagunean ez ezik, Atxagak sorturiko alegiazko herriak berezko tokia du bere beste lan askotan ere. Asteasu jaioterriko bizipen eta oroitzapenik gabe, nekez sortuko zukeen Euskal Herritik at ere famatua egin den Obabako mundu magikoa. Bada, Asteasu eta Obaba, idazlearen bizitzan eta obran oinarrizko bi lekuak ezagutzeko aukera eskaintzen du Muskerraren Bideak, errealitatearen eta fikzioaren artean murgilduta. Eñaut Mitxelena

“Izanez ere, muskerrak buruko muinen zale zirela esaten ziguten Obaba hartan; ahal izatera, jendearen belarri zulotik sartu eta buruan gelditzen zirela, jan eta jan, eta ez zutela ateratzekorik egiten ondo ase arte. Ordurako, ordea, berandu izaten zela; muskerra edukitakoa ergeldu egiten zela betiko, inuzentetu”. Ezaguna da, ezagunena, agian, Obabakoak liburuan muskerrari buruz idatzitako pasartea. Asteasun topatuko dugun muskerrari, baina, ez zaio inolako beldurrik izan behar. Alderantziz, gidari eta bidelagun izango baitu bisitariak.
Lurrean urdinez margoturiko muskerrei segika egiten da bidea. Bi kilometro pasatxo ditu: 2.160 metro, Asteasuko herrigunean eta Elizmendi auzoan barrena. 2015. urtearen hondarrean sortu zuten, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren eta Asteasuko Udalaren ekimenez. Kultur Hiriburutza joan zen, baina muskerra Asteasun geratu da, Atxagaren mundua osatzen duten lekuak eta giza paisaia erakusteko. 7 panel eta 17 geltokiren bitartez, Atxagaren jaioterria eta bere lanaren zati bat ezagut daitezke, paseo lasai eta atseginean. Azalpen idatziez batera, Atxagaren beraren ahotsa ere entzun daiteke, QR kodeen bidez eskura daitezkeen 17 entzungaiei esker. Idazleak idatzitako Muskerraren bidea (Pamiela, 2015) eskuartean eramatea ere aukera egokia da: zenbait testu berri eta Bi anai, Obabakoak, Lekuak, Nevadako egunak eta Txoriak kolpeka liburuetako pasarteak batzen ditu, asko biografikoak, denak ere Obaba eta Asteasu ezagutzeko lagungarriak.
Pello Errota Herri Ikastetxearen alboan du abiapuntua bideak. Eskola Elizmendi auzoan dago (‘eliza duen mendia’ ez, ‘elea, hitza, duen mendia’ da asteasuarren hizkeran: Elemendi), eta Asteasuko seme ezagunenetako baten izena darama, Pedro Jose Elizegi Pello Errota (1840-1919) bertsolariarena, hain zuzen. Hortik aurrera, muskerraren urratsei segika, hitzak lagun, Asteasu eta Obabako hainbat jakingarri eta pasadizo ezagutuko dira bidean, baita Atxagaren lanetako zenbait pasarte eta idazlearen hainbat gogoeta ere.
Hala, Pello Errota aitzakia, esaterako, bertsolaritzari eta ahozko tradizioari buruzko gogoeta egingo digu Atxagak ibilbidea hasi bezain pronto. Ospe handiko bertsolarien alboan, itzalpean geraturiko beste zenbait lagunen aipamenak, Pello Errotaren alaba eta iloba Mikaela eta Lukasia Elizegi, kasu. Aurrera jarraituta, apustu kontuak ezagutuko ditugu, Asteasun hain ugariak. Jakingo dugu non bizi izan ziren Juan Bautista Agirre idazlea eta Lizarraga jeneral karlista. Nahi izanez gero, Elizmendiko San Pedro elizari 11 buelta emango dizkiogu, korrika, elizaren atzealdeko horman dagoen Ximon izeneko gargolak nola erreakzionatzen duen jakiteko. Elizako atariko harmailetan, muskerraren pasadizoa gertatzen den leku berean, argazkia atera ahal izango dugu, eta, hala, Atxagaren haurtzaroko argazkia irudikatu eta, bidenabar, argazki hark gordetzen dituen istorioak eta historia gogora ekarriko ditugu...
Elizmenditik beherantz jota, parez pare ikusiko dugun Larraul herriko Portale baserriari so, Pablo Sorozabal musikariaren historia ekarriko dugu gogora. Behin Asteasuko herrigunean, Atxagaren haurtzaroan eta ondoren bere lanetan toki garrantzitsua izan duten beste hainbat txoko bisitatuko ditugu: zerrategia edo “zerra”, herriko okindegia, apustu bitxien jokalekua izandako plazako iturri biribila, garai bateko eskola (egun, udaletxea da)... Halaxe iritsiko gara bidearen amaierara, Tranpazulo plazara, baina aurrena jakingo dugu zergatik duen Asteasuk Tranpazulo ezizena. Tira, eta desafioez ari garenez, geuk ere bat botako dizuegu: ezetz asmatu zein den Atxagaren jaiotetxea! Herrigunetik atera beharrik ez da...
Muskerraren erritmoan, espazioan eta denboran ibiltzeko aukera eskainiko digu Asteasu eta Obaba batzen dituen bideak. Obaba urrun dutenek ere ez dute aitzakiarik izango, ibilbideak, laburra izan arren, Asteasuko paisaia ederrez gozatzeko parada eskaintzen baitu: Hernio mendiaren itzalpean, azienden zintzarrien musika leuna eta txorien txorrotxio alaiak entzungo ditugu bidean zehar. Hitzak zein hotsak lagun, herri txikiak mundu handia gordetzen du bertako txokoetan.

Muskerrik gabe ere...
Literatura du ardatz Muskerraren Bideak, eta Asteasuko herrigunea hartzen du barne. 2018an, eskaintza zabaldu egin dute, beste lau ibilbide sortuta. Asteasuko natur eta kultur ondarea ezagutaraztea dute xede. Hauek dira ibilbideak:
Usarrabi bira: guztietan luzeena, Hernio mendia inguratzen duen ibilbide zirkularra da.
Erreka bailara: laburrena da, eta uraren inguruan sortutako ofizioak eta eraikinak ezagutzeko aukera ematen du.
Santamaña: izen bereko ermita, ustez Tenplarioek sortua, bisitatzeko bidea.
Olazar: Asteasuko lurrak ez ezik, Larraulgoak ere zeharkatzen ditu.

Jakingarriak

Bidean, informazio panelak eta entzungaiak balia daitezke. Bisita gidatuak egiteko aukera ere badago, Tolosaldea Tour turismo bulegoaren eskutik. Taldean egin beharrekoa da, ordainduta. Aldez aurretik erreserbatu behar da, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita.
Beste aukera bikain bat da Muskerraren Egunean hurbiltzea Asteasura, egun osoan askotariko jarduerak egiten baitira: haur jolasak, plazako iturriari bueltak emateko apustua... eta, nola ez, Muskerraren Bidera bisita. 2017an egin zuten lehenengoz, udazkenean. Aurten, aldiz, ekainaren 3an egin dute. Bai iaz bai aurten luxuzko gidari baten azalpenak entzuteko parada izan zen: Bernardo Atxagarenak berarenak.