Bizkaira, zubia zoriontzera

zubia

125 urte beteko ditu Bizkaiko Zubiak, uztailaren 28an. Bizkaiko Golkoa aurrez aurre duelarik, bi udalerri lotzen ditu: Portugalete eta Getxo. Batetik zein bestetik hasi edota buka daiteke bisita, ikusliarraren planaren arabera. Bertara heltzeko, hurbil dira metro geltokiak: Areetakoa, Getxon; eta Peñotakoa edo Portugaletekoa, itsasadarraren beste ertzean. Badauka nondik iritsi, beraz, zubi zaharra zoriondu nahi duenak. M. Egimendi

Zubia zaharra da, bai, baina primeran dago. Osasuntsu, sekulako planta du. Gertutik ezagutu nahi duenak sarrera ordaindu behar du, noski, baina ez da turistak erakartzeko amu hutsa, Getxo eta Portugalete arin lotzeko funtzioa ederto betetzen baitu. Herri batetik besterako tartea eskegitako ontzitxoan egitea 0,40 € kostatzen zaie 3 urtetik gorako oinezkoei (0,70 € bizikletaz eta 0,80 € motorrez joanez gero; auto eta guzti igaroz gero, 1,60 € gehi auto barruan doan lagun bakoitzeko 0,40 €), baina Barik txartela ere onartzen da. Minutu eta erdiko bidaia da guztira. Ontzitxoan, 250 bat oinezko, sei bat auto eta hainbat bizikleta edota motor sartzen dira bidaia bakoitzean. Dena den, denbora tarte batzuetan jendea pilatu arren, berehala egiten da zeharkaldia, ontzitxoa batera eta bestera ibiltzen baita etengabe, goizeko 05:00etatik gauerdira bitartean; ordu erdiro, gaueko bost orduko tarte horretan.
Zubiaren bi aldeak berdinak dira, simetrikoak, bietan daude eskegitako ontzitxorako sarrera (kanpoaldean du txartelak erosteko makina), denda (igogailuko sarrerak, liburuak eta beste hainbat oroigarri daude salgai) eta goiko aldera iristeko igogailu panoramikoa, zeinen sarbidea dendaren ondoko terraza batean dagoen. Ikusliarrak, beraz, aukeran du nondik abiatu bisitaldia (igogailuz gora heldu, zubia langatik lasai-lasai eta nahi beste denboran zeharkatu, eta beste aldetik jaitsi, ondoren ontzitxoa hartu eta abiapuntura itzultzeko), 8 € ordainduta. Audio-gida alokatzea 2 € gehiago dira, baina goiko pasarelako panelek ere informazio osoa ematen dute zubiari eta bere historiari buruz. Hori bai, goian ibiltzeko, komeni da eguraldiari eta, batez ere, haizeari erreparatzea, 45 metroko altueran baitago langa. Ikusmira, berriz, zoragarria da, itsasaldera nahiz barrualdera begira jarrita: Bilboko portua, Abra badia, Punta Galea, inguruko herriak, Oiz edota Artxanda mendiak...
Uztailaren 28an beteko ditu Bizkaiko Zubiak 125 urte. Ekitaldi asko egiten ari dira urteurrena ospatzeko, baina lerro hauek idaztean ez zeuden finkatuta hil honetakoak. Zubia bisitatzeko edozein egun da ona (eguraldia lagun), baina bide batez ekitaldi bereziren batean parte hartu nahi izanez gero, hobe aurretiaz zubiaren webgunean begiratzea: www.puente-colgante.com.

Hainbat jakingarri

-Palaciok 1888an erregistratu zuen, Espainiako Sustapen Ministerioan, zubia eraikitzeko proiektua. Munduko lehenengo zubi transbordadorea eraikitzeko lanak 1890eko apirilean hasi ziren.
-1893ko uztailaren 28an inauguratu zuten zubia.
-1937ko ekainaren 17an, suntsitu egin zuten, Francoren osteei bidea mozteko. Tinko eusten zioten kableak dinamitatzearen ondorioz, pasarela jausi egin zen. Gerra amaituta, Jose Juan Aracil ingeniariak zuzendu zituen berreraikitze lanak, eta 1941ean jarri zen berriro martxan.
-1998 eta 1999 artean eraiki zituzten bi igogailu panoramikoak, alde banatan. 50 metroko altuera dute.
lUNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen, 2006an. Batetik, estetika eta funtzionaltasuna uztartzen dituelako. Bestetik, zubiaren eraikuntza moldeak mundu osoko zubien garapenean eragin zuelako.
-2017an, pasarelak 100.000 bisitari hartu zituen,  eta % 18 Euskal Herrikoa izen zen.
-Neurriak: ertzetako bi dorreek 61 metroko altuera dute, eta 160 metro luze den pasarelak lotzen ditu. Uretatik (marea goian denean) langara, 45 metro daude, zehatz neurtuta, ontziek azpitik igarotzeko arazorik izan ez dezaten.

Historia pixka bat

XIX. mendearen bukaerako industria iraultzak berebiziko garrantzia izan zuen Bizkaiko Zubiaren sorreran. Bizkaiko Meatzaldetik ateratzen zen burdinazko minerala funtsezko lehengaia zen, orduan berrikuntza handia baitzen makina asko eraikitzeko, eta ontzi trafikoa izugarri handitu zen Ibaizabalen, ia kolapsatu arte. Hori gertatu aurretik, itsasadarraren ertz biak ontzi trafikoa oztopatu gabe lotuko zituen zubi bat eraikitzeko beharra sumatu zen.
Saran (Lapurdi) jaiotako Alberto de Palacio arkitekto eta ingeniariaren proiektuak lortu zuen orduko erakundeen baimena, baita behar zen dirua ere (Santos Lopez de Letona ehungilea izan zen akziodun nagusia). Eraikuntza prozesuan, Ferdinand Arnodin ingeniari frantsesak ere lagundu zuen, eta haren familiaren tailerrean egindako kablea funtsezkoa izan zen hiru urte iraun zuten obrak gauzatzeko.