Die göttliche Ordnung

divine

Zuzendaria: Petra Biondina Volpe. Gidoia: Petra Biondina Volpe. Aktoreak: Marie Leuenberger, Maximilian Simonischek, Rachel Braunschweig, Sibylle Brunner, Marta Zoffoli. Suitza, 2017.

Istorioa: 1971n, emakumeek ezin dute botorik eman Suitzan. Nora, bi mutikoren ama, herri txiki batean bizi da. Lana atera zaio, baina lanean hasteko, senarraren baimena behar du, eta hark ez dio emango. Ezezkoak eraginda, mugimendu sufragistan hasiko da, eta horrek herri osoa aztoratuko du.
Jakingarriak:
Harrigarria bada ere, 1971ra arte emakumeek ezin izan zuten botorik eman Suitza aratz eta lasaian (Appenzell Innerrhoden kantonamenduan, 1991n lortu zuten eskubidea). Gizonaren menpeko zen, erabat, emakumea, eta boto eskubidearena gizarte matxista eta itogarri horren adibideetako bat besterik ez da. Filmean sufragio unibertsalaren kontra dagoen emakume batek dioen moduan, “politikan muturra sartzen duten emakumeek Jainkoaren ordenari egiten diote eraso”.
Onena:
Kontu zinematografikoek baino, gaiak egiten du interesgarri filma. Miresmenez begiratu ohi zaio Suitzari, herrialdearen garapenarengatik. Alabaina, han ere zakurrak oinutsik! Hori bai, apartekoa izan gabe ere, hori guztiori egoki kontatzen du filmak, komedia eta drama tartekatuz.
Eñaut Mitxelena