Josu Bergararen disko berria, Akorde txikiak bandarekin

bergara

Josu Bergarak Asunak, bide bazterreko melodia sendagarriak diskoa plazaratu du, Akorde txikiak bandarekin elkarlanean. Urdulizko Tio Pete estudioetan grabatutako lan honetan, doinu melodikoak eta itsaskorrak dira nagusi, eta abestietan, pop eta folk freskoa jorratu arren, swing, bluegrass eta jazz estiloak ere antzeman daitezke. Akorde txikiak bandako sei musikarien laguntzaz, kantu egile bizkaitarrak proposamen artistiko landua prestatu du bere bosgarren diskoan. Hamar kantuko bilduman, melodia atseginak eta erritmo lasaiak erritmo biziagoekin eta eduki sakona dutenekin uztartu ditu. Bergararen bandan, ibilbide luzea eta goi mailako prestakuntza dituzten musikariak daude: Nerea Alberdi biolin jotzailea eta konpositorea; Mikel Nuñez pianista; Irati Bilbao abeslaria; Daniel González baxu eta kontrabaxu jotzailea; Lüi Young gitarrista; eta Txema Arana bateria jotzailea. Guztiak egongo dira, uztailaren 25ean, Gernikako Astran; 27an, Lekeitioko K13 Kioskuan; eta abuztuaren 23an, Bilboko Aste Nagusian.


mukuruMUKURU kolektiboa eta izen bereko zigilua sortu berri dute Euskal Herriko hainbat musika taldek. “Indarrak batuta”, beren sorkuntzak zabaltzeko asmoz eratu dute, “musika industria hegemonikoari bestelako aukera bat eskaintzeko, sortzailearen eta publikoaren arteko harremana gertukoa eta horizontala izan dadin”. Egun, hauexek dira Mukuruko kideak: Kaskezur, Klak!son, Peru Galbete, Isuo eta Kezman, Txost!, Seitan, Hatxe, Muskulo, Nigara Zuek eta Paxkal Irigoyen. Kolektiboak dagoeneko ospatu ditu bi jai maiatzean (Mukuru jaixa Antzuolako Gaztetxian eta Mukuru besta Itsasuko Goxoki gaztetxean), eta horretan jarraitzeko asmoa du, “bihotzetik egindako musikaz” gozatzeko.

gozategiG PUNTUA
Gozategi
Elkar, 2018

Taldearen jarraitzaileekiko errespetua eta miresmena dira Gozategiren nolakotasun nabarmenenak. Horrexek eraginda sortzen ditu denontzako moduko kantak, sentiberatasunez eta alaitasunez beteriko abesti gozo, dantzagarri eta gustagarriak, bizipoza pizten duten horietakoak. Disko berri honetako (taldearen zortzigarrena) hamahiru kantuetan, aurreko bilduma guztien segida moduan, ezaugarri berak aurkituko ditugu. Bizitza ulertzeko modu baikorra da, azken batean, geratzen zaigun zapore eztia. Bizitza elkartasunezko kalejira handi bat balitz bezala.

toothAMAIERARIK EZ...
Tooth
Bonberenea, 2018

Talde gernikar hau Edortak (gitarra eta ahotsa), Arzak (bateria) eta Mirrik (baxua eta ahotsa) osatzen dute. 2015ean kaleratutako Bi lanarekin, Euskal Herriko, Espainiako estatuko eta Europako hainbat tokitan ibili ziren, urte eta erdiz, eta 70 bat kontzertu eskaini zituzten. Orain, bigarren lan luzea grabatu dute, Muxikon estudioetan, Iñigo Etxebarrieta Pituren gidaritzapean. Masteringa, berriz, Santi Garciaren eskuetan utzi dute. Sei abestiz osatutako disko honekin, aurretik egindako bideari jarraitu eta egurra ematen segitzeko indarra erakutsi dute.