Egurra goian-behean

utherArgitu orduko iluna
Üther
Hainbat zigilu, 2018

Ezusteko atsegina izan zen Üther taldearen zuzeneko emanaldia ikustea, eta are atseginagoa egiaztatzea agertoki gainean erakutsitako guztia Argitu orduko iluna lehenengo disko honetan berretsi dutela. Üther Ondarroatik dator, taldekideen artean azpeitiarrik eta ermuarrik badago ere, eta ziztu bizian jaurtiriko fastcore trinkoa egiten du, askotan power violence taldeen eremura hurbilduta. Diskoa entzutean, Anestesiaren lehenengo lanak etorriko zaizkio askori gogora (badakizue, euskarazko muturreko doinuez ari garenean, badirudi zarauztarrena ezinbesteko erreferentzia dela), baina niri Seein Red, Hellnation eta, oro har, Slap-a-Ham zigiluko taldeak datozkit. Diskoa ez da batere aspergarria, erasoaldi azkarrak eta tarte geldoagoak ederto uztartzen baititu Ütherrek, eta bateria jotzailearen lana aparta da. Egurra!
Gotzon Hermosilla