Emakume burugabea

burugabeAntxiñe Mendizabal
Ilustrazioak: Iraia Okina Salazar
Elkar, 2018

Gehienbat haur literaturan aritzen bada ere, oraingoan helduei idatzi die Antxiñe Mendizabalek, ipuin arin bezain mantsoa, poesia euskarri eta Iraia Okinaren ilustrazio ikusgarri sinestesikoak bidelagun. Poesia ilustratua ipuin bihurtuta.
Emakume baten barne eta kanpo prozesua kontatzen du, eraikitze-deseraikitze-eraikitze prozesua, edo, nahiago bada, ikaste-desikaste-ikaste prozesua. Bada, Emakume onak etxea argitzen du euskal esaera zaharretik abiatzen da ipuina, emakume nola egiten garen agerrarazten du, eta emakumetasun edo emakumekeria hori deseraikitzen.
Barne eta kanpo prozesua dela esan dut, gogoa eta gorputza erauzi dizkiotelako emakumeari; gogotik eta gorputzetik arroztu du gizarte honetan nagusi den genero sistema binario hertsiak. Berak, ordea, muturreraino eramango du arrozte hori, bere gorputz gogoarekin topo egin arte, bidean bere buruaz gabetuta. Horixe baita emakume burugabea, gorputz burujabea izateko ahalduntze prozesuan burua (ikasitakoa) galdu, eta bestelako ikaskuntzaz hornitzen dena.
Ahalduntze horretan, natura gailenduko da, baso eta otseme artean gailendu ere, emakume edo gorputz hori zoramen haizeak bultzaturik (burugabe) burujabe egin eta kulturara itzuli aurretik.
Alaitz Andreu Eizagirre