Filmak eta entzuteko liburuak ere eskainiko ditu eLiburutegiak

audiobook

Irakurtzeko liburuak ez ezik, aurrerantzean entzuteko liburuak eta filmak ere maileguan hartu ahal izango dira eLiburutegia plataforman (www.eliburutegia.euskadi.eus/). Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien plataforma da eLiburutegia, eta, 2014an sortu zutenetik, liburuak euskarri digitalean leitzeko aukera ematen du. Guztira, 15.000 liburu baino gehiago ditu egun. Eusko Jaurlaritzak Infobibliotecas enpresarekin eginiko akordioari esker, 1.600 film eta dokumental eta entzuteko 600 liburu gehitu zaizkio. Gainera, urtea amaitu baino lehen, film kopurua handitu nahi dute, 2.000 filmeko eskaintza osatzeko. Hori bai, film horietatik soilik 50 dira euskaraz; urte amaieran, 300 izatea dute xede. Entzuteko liburuei dagokienez, Daisy formatuan (Informazio Sistema Digital Irisgarria) eskainiko dituzte, hots, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonak aintzat hartzen dituen formatuan. Oraingoz eskuragarri daudenetatik, erdiak daude euskaraz.


mapaEUSKAL HERRIKO azpiegitura turistikoen mapa interaktiboa sortu eta sareratu du Gaindegia Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak. Orotara, 3.935 erreferentzia biltzen ditu, hainbat kategoriaren arabera kontsultatzeko moduan: turismo bulegoak, ostatuak, museoak, osasun zentroak, poliziaren egoitzak eta beste. Gainera, euskal geografiako toki jakin batetik bestera joateko ibilbideak ere kalkulatzen ditu. Informazio praktikoa emateko ez ezik, “gure artean gero eta ugariagoak diren bisitariei Euskal Herriaren lurraldetasunaren berri” emateko ere sortu dute mapa. Izan ere, lurraldeari dagokionez, gida gutxik ematen dute Euskal Herriaren berri bere osotasunean. Ildo horretatik sortu zuen Gaindegiak, iaz, Euskal Herriko mapa turistikoa. Interneten paratu berri dute mapa, www.euskalherrikomapa.eus gunean; www.basque-tourism.com helbidean, berriz, ingelesezko bertsioa eskura daiteke.

 

LABURREAN

irakurriIRAKURZALETASUNA sustatze aldera, Irakurri Dut aplikazioa sortu du Elkar Fundazioak. Euskarazko aplikazioa da, eta norberak irakurritako liburuei iruzkinak egiteko eta nota jartzeko aukera eskaintzen du. Aplikazioa euskaraz egon arren, erdarazko liburuak baloratzeko parada ere ematen du. Gainera, aplikazioa erabiltzen dutenek sari bat jaso dezakete; izan ere, hilero gutxienez irakurketa bat osatzen dutenek edota iruzkinak egiten dituztenek puntuak jasoko dituzte, eta puntuak dituztenen artean 30 euroko erosketa bonua zozkatuko dute. Android zein iPhone sakelakoetan erabil daiteke aplikazioa, behin GooglePlaytik edo iTunesetik deskargatuta, hurrenez hurren.

amattoGALTZAGORRI Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Amattoren uzta aplikazioa sortu du, paperean irakurritakoa pantailan ere osatzeko. Horretarako, Amattoren uzta (Alberdania, Erein, Igela, 2012) liburuko 15 ipuin tradizionaletako hiruri animazio eta interaktibitate elementuak gehitu dizkiote, Patxi Zubizarretaren gidoiekin eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin. Klis-klasikoak aplikazio bildumako hirugarrena da hauxe, eta Eusko Jaurlaritzaren, Erein argitaletxearen eta Orona Fundazioaren babesa izan du. Aplikazio honekin batera, elkarteak lehendabiziko transmedia irakurketa kluba egingo du, uztailaren 10ean, 11n eta 12an, Hernanin, Orona Fundazioaren egoitzan. Aplikazioa eskuratu eta egitasmoari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak www.galtzagorri.eus/ gunean topatuko du.