Baimen kontuak

Aplikazio bat deskargatu dut nire telefonora. Aditzak osatzeko aplikazioa da, oso praktikoa. Pertsonak, aditz denbora eta modua adierazi, eta berak ematen dizu adizki zehatza, errore marjinarik gabe. Euskara ikasten ari diren milaka lagunek deskargatu dute azken asteotan, hain da erabilgarria!
Hori bai, aplikazioa ireki ahal izateko, telefonoko mikrofonoa eta GPS sistema erabiltzeko baimena eman behar zaio; bestela, ez dabil. Gerora jakin dut, aditzen kontua gorabehera, aplikazio honen benetako zeregina dela zer esaten dudan entzutea. Ergatiboa txarto erabiltzen dudan bakoitzean, drone horietako bat etortzen da ziztu bizian, eta kokotekoa ematen dit.
Tira: aurrekoa oso adibide tontoa da, eta nik dakidala, behintzat, oraindik ez da gertatu. Baina antzeko zerbait gertatu zaie Espainiako futbolzaleei azken asteotan. Izan ere, teorian futbol ligako emaitzak jarraitzeko aplikazio ofiziala zena instalatu, eta gerora jakin dute aplikazio horrek espioi lanak egiten zituela: inguruko soinua entzun, futbol emanaldirik ba ote den jakiteko, eta, erantzuna baiezkoa izanez gero, GPS informazioa bidali futbol liga kudeatzen duen enpresari, honek egiaztatzeko leku horrek partiden emanaldiak emateko lizentzia ordainduta duen ala ez. Ez da txantxetako kontua, gainera, aplikazio hori 10 milioi gailutan baino gehiagotan instalatuta egon baita. Troiar baten definizioan sartzen da, bete-betean: erabiltzaileari zerbitzu erakargarri bat eskaintzen dio, baina bitartean ezkutuko beste hainbat lan ere egiten ditu...
Horrexegatik, hona aholkutxo bat: askotan, kostatu egiten da, bai, baina telefonoan aplikazio bat instalatzen duzuen bakoitzean, aztertu oso ondo zein baimen eskatzen dituen, eta ez eman inoiz beharrezkoak ez direnak, zuen ustez. Nabigatzeko aplikazio batek GPS sarbidea eskatzea normala da, noski, baina futbol emaitzak kontsultatzeko aplikazioak zure mikrofonoa erabili nahi duela esaten badizu... baimena duzu susmo txarra izateko!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/baimenak
Eusko Jaurlaritzaren inkesta baten arabera, erabiltzaileon % 91k ez ditugu irakurtzen deskargatzen ditugun aplikazioen baimenak...

https://labur.eus/baimenakukatu
Nola ukatu baimenak Android telefonoetan.

https://labur.eus/prib-android
Sarrera interesgarria Dabid Martinezen blogean, Androiden pribatutasuna hobetzeko hainbat tresnaren gainean.