Zigorrak

azurmendiNerea Azurmendi

Umetan (Massielek Eurovisión irabazi zuenean, alegia), eskolatik zuzen-zuzenean etxera bueltatzea eta hantxe gelditzea izaten zen zigorrik okerrena. Etxe batzuetan, eskupekoa izan zezakeen zigorrak: belarrondokoa edo ipurdikoa, edo biak. Hala ere, mingarriagoa zen kaleko jolas ordu libre, burujabe eta arduragabeak galtzea.
Garai hartan hasi ziren iristen telebistak etxeetara, eta bazeukaten etxeetako haurrak hasi ziren pentsatzen etxean gelditzea ez zela horren zigor gogorra. Haserreari eta protestari eutsi behar zitzaien, jakina, zigortzaileari pistarik ez emateko. Alferrik; izan ere, amak, gehienetan zigor txikiez arduratzen zirenak, oso azkarrak baitziren. Segituan antzematen zuten amarrua, eta zigorraren eremua estutu egiten zen. Akabo kalea, akabo telebista zegoen gela. Liburuzalea edo barne bizitzari emana izan ezean, asperdura zen ume zigortuaren kondena.
Hurrengo hamarkadetan, denetariko tramankuluak iritsi ziren etxeetara. Telebista baino txikiagoak eta eramangarriagoak, disimulatzen errazagoak. Ia aldi berean, kalea hasi zen haurrak uxatzen, eta umeak hasi ziren kaletik urruntzen. Eskolak eta eskolaz kanpoko jarduera ugariek uzten zieten denbora etxean ematen hasi ziren, makinatxoz inguratuta.
Irudipena daukat zigortu ere gutxiago zigortzen dela gaur egun, zorionez, eta zigor gehienak makinatxo horiekin lotuta daudela: “Horrela jarraitzen baduzu, telefonoa kenduko dizut”, “Bi egun play station-a ukitu gabe”, eta horrelakoak. Baina baliteke une honetantxe historiaren izaera ziklikoa frogatzen duten bihurgune horietako batean egotea. Aurreko batean, autobusean, sesio bizian zihoazen ama eta 10-11 urteko seme gogaikarria. Amaren pazientzia agortzen ari zen. Haurraren gaitasuna ama bere onetik ateratzeko, ez. Suspensea, bidaiariok zer gertatuko zain. Azkenean, amaren barren-barreneko garrasia: “Segi horrela, segi, eta kalera bidaliko zaitut jolastera!”.
Adi, baliteke eta horixe izatea hurrengo zigorra, eta zigorren gurpila Massielek Eurovisión irabazi zuen garaietara itzultzea.