Irakaskuntza

Eskola publikoen aldeko jaiak, Lekeition eta Zumaian

Irakaskuntza publikoak bi hitzordu garrantzitsu izango ditu ekainean. Hasteko, Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia ospatuko da, Lekeition, ekainaren 3an. EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak antolaturiko festak Zapran gagoz! leloa izango du aurten (arrantza ona izaten dutenean arrantzaleek erabiltzen duten esapidea da). Ohi denez, eskola publikoaren aldeko aldarria eta festa giroa batuko ditu jaiak. Hala, beste urrats bat egingo dute parekidetasunean, kalitatean, eskuzabaltasunean eta berdintasunean oinarritutako “eskola hobea” eraikitzeko lanean. Astebete geroago, ekainaren 10ean, Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute, Zumaiako Oikia auzoan. Auzolanean antolaturiko jaian, auzo eskola txikien balioa nabarmenduko dute, baita eskola txikiak herri bizitzaren motor nagusietako bat direla ere.