Bitxikeria

ikeaSuediako haragi bolak ez dira suediarrak

Köttbullar dute izena, askok IKEAko haragi bolak moduan ezagutu arren, altzari merkeen kate horren jatetxeetan oso ospetsuak egin direlako. Suediako jaki bereizgarrienetako bat dira haragi bolok. Bada, Suediaren twitter kontu ofizialak jakinarazi berri du ez dutela jatorri suediarra. Apirilaren 28an Twitter sare sozialean zabalduriko txio batean esan zuen: Otomandar Inperiotik (egungo Turkia) ekarriak direla. Antza denez, Suediako errege izandako Karlos XII.ak ekarri zituen, egun Suedian ohikoak diren beste zenbait jakirekin batera (kafea, adibidez). 1697tik 1718ra izan zen Suediako errege Karlos XII.a, baina Otomandar Inperioan erbesteratu zen 1709. eta 1714. urteen artean, Suediaren eta Errusiaren arteko gerra zela eta. Erbestetik itzuli zenean, haragi bolak ekarri zituen berarekin. Suediako Gobernuaren jakinarazpenak zalaparta eragin omen du sare sozialetan, BBC kateak jaso duenez, Turkiako eta Suediako haragi bolen errezetak desberdinak izan arren. Ez dirudi kontua estatuko afera bilakatuko denik, baina hobe txantxak alde batera uztea. Izan ere, esango baligute marmitakoaren edo zurrukutunaren jatorria ez dagoela Euskal Herrian… zer?