Ikastolak

arabaArgantzon ikastola, Araba Euskaraz hartzeko ‘Irrikitan’

Ekainaren 17an egingo da Argantzunen Arabako ikastolen aldeko Araba Euskaraz jaia. Leku berezian, beraz: Trebiñuko lurraldean, Gaztela-Leongo administrazioaren mendeko lurraldean. Aurtengo jaian lortzen duten diruarekin Lehen Hezkuntzako eraikina ordaindu nahi dute. Haur Hezkuntza eskaintzen du Argantzon ikastolak, eta, orain, Lehen Hezkuntza ere eskaini nahi dute. Alabaina, eraikina ez dute Argantzunen eraikiko, Sagastietan baizik, Trebiñutik kanpo. Izan ere, ofizialki Burgosen kokaturiko lurraldea izateak zailtasun handiak eragiten dizkio ikastolari. Jaiaren leloa Irrikitan izango da, irrika asko dituztelako Argantzon ikastolako kideek: “LH martxan jartzeko Irrikitan gaude; Trebiñu Araba ofizialean sartzeko Irrikitan; gure metodologian eta lan egiteko moduetan sakontzen jarraitzeko Irrikitan; ikasten jarraitzeko Irrikitan; euskara bultzatzeko Irrikitan; ikastola arrunten “arazoak” eta baliabideak izateko Irrikitan…”. Ekainaren 17an, hortaz, denok Argantzunera, irrika horiei guztiei bide ematera!