Korrika

redadegEurokorrika sortu dute, hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen sarea

Europan hizkuntza gutxituen alde egiten diren lasterketek Eurokorrika sarea sortu dute. Tartean izango da, nola ez, AEK-Korrika, lasterketa mota hauen aitzindaria, Galiziako Correlingua, Kataluniako Correllengua, Aran Haraneko Course Lingua, Biarnoko La Pasem, Galeseko Ras Yr Laith, Irlandako Rith, Alsaziako Sprochrenner eta Bretainiako Ar Redadeg-ekin batera. Hain zuzen, azkeneko hori egiten ari zela aurkeztu zuten sarea, maiatzaren 5ean, Kemperren (Bretainia). Hamar urte bete ditu aurten Ar Redadegek; hori dela eta, mahai ingurua egin zuten Korrikaren tankerako Europako gainerako lasterketen ordezkariek, eta hantxe aurkeztu zuten Eurokorrika “Elkarrekin nazioartean urrats gehiago egiteko asmoz” sortu dute. Aurkezpenean, era berean, Europako hizkuntza gutxituen aldeko lasterketen gutuna izeneko adierazpena sinatu zuten, zeinetan Europako hizkuntza gutxituen komunitateetako gizarte zibil antolatuak eginiko lana eta gainerako lasterketen eredu izan den Korrikaren sorrera (1980) txalotu zituzten. Hala, elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa agertu zuten, “Europa demokratiko eta solidarioa eraikitzeko; herrien, kulturen eta hizkuntzen Europa”. Horri lotuta, Europako hizkuntza gutxituen komunitate guztiak “ekimena bereganatzera” gonbidatu zituzten, “beren hizkuntzen aniztasuna eta aberastasuna aldarrikatzeko”. Bestalde, Ar Redadegen, euskal ordezkaritza zabalagoa izan zen: Iparraldeko AEK-ko kideek, ohi bezala, kilometro bat erosi eta bete zuten; eta Oarsoaldeko AEK-ko kideek ere parte hartu zuten, Oiartzungo Oiartzun-Karaez senidetza elkarteak AEKren laguntzaz antolaturiko bidaian hara joanda.