Trikimailu berriak asmatzea ez da batere erraza

kidamAsier Kidam
Magoa

Zazpi urte zituela mago batek belarritik txanpon bat atera zionetik erakarri izan du magiak Asier Kidam (Gasteiz, 1984). Hamazazpi urterekin Espainiako Ilusionismo Elkartean sartu, eta hemeretzirekin hasi zen mago profesional. Haur eta helduentzako ikuskizunak eskaintzen ditu, dela aretoetan, dela ekitaldi berezietan. Eskarmentu handikoa, telebistan ere aritu izan da, baita antzezlan pare batean ere, magoaren rola jokatzen. Cirque du Soleil-en Quidam ikuskizunetik hartu zuen izen artistikoa; “oinezko ezezaguna” esan nahi du latinez.

Ilusioa, engainua... zer da magia?
Bizitzan, hainbat magia mota daude. Horretan badut halako ikuspegi espirituala, eta uste dut gure eguneroko bizimoduan gertatzen diren hainbat gauza, guk ikusi ez arren, magiaren barruan daudela. Agertokian, bitarteko naturalen bidez, ezinezkoak diren gauzak egiten ditut. Trikimailuak erabiltzen ditut, baina horrek aukera ematen dio jendeari pentsatzeko hasiera batean egin ezin diren gauzak egin daitezkeela.
Trikimailu klasikoak berrasmatzen dituzu. Erraza al da magiara berritasunak ekartzea?
Magia ikuskizunetan, normalean, trikimailu klasiko gehiegi ikusten dira. Klasikoak klasikoak dira, eta ongi daude. Baina, batzuetan, mago bat ikusi, gero beste bat, eta trikimailu berak ikusten dira. Ez dut uste hori beste arlo batzuetan hainbeste gertatzen denik. Magian bai, trikimailuak asmatzea ez delako batere erraza. Gustuko ez nuenez, duela hamar bat urte erronka ipini nion neure buruari: nire ikuskizunetan ahalik eta trikimailu original gehien sartzea. Ondorioz, gaur egun, beste trikimailu batzuetan oinarrituriko ideia dezente daude nire emanaldietan, baina saiatzen naiz zatirik handiena ahalik eta originalen izan dadin.
Nola utz daiteke mago bat aho zabalik?
Magook truko gehienak ezagutzen ditugu. Bakoitzak badaki zenbait trikimailu egiten, eta haiekin moldatzen da. Gehienok badakigu nola egiten diren. Baina mago bat ikusi, eta trikimailu berria egiten badu, batzuetan ahozabalik uzten zaituzte. Oso beharrezko sentsazioa da guretzat, gogoratzeko zer sentitu behar duen eta sentitzen duen publikoak gure trikimailuak ikustean.
Txan, Imanol Ituiño, Tor... euskara ari da magiaren munduan lekua egiten, ezta?
Bai. Orain dela 15 edo 20 urte, bizpahiru mago euskaldun zeuden; egun, dozena erdi bat baino gehiago. Gehiago agertzen ari dira, eta gehienek badakite euskaraz. Hori sekulako bultzada izan da. Beste leku batzuetan oso mago onak ikusten ditut, baina baita oso txarrak ere. Hemen, batez besteko maila oso handia da. Ez gara asko, baina pixkanaka gero eta gehiago. Horrela, jendeak badauka aukera mago ezberdinak ikusteko, eta hori guztion onerako da.
Mintzalagunaren Biderkatu euskara kanpainaren irudia izan zinen. Euskara biderkatzeko trikimailurik bai?
Ez, ez dago trikimailurik. Tira, badago bat euskara askoz azkarrago ikasteko: euskaraz gozatzea eta ez planteatzea helburu bezala, hau da, oposizio batzuk gainditzeko edo ez dakit zertarako behar duzulako. Nik duela urte pilo bat aldatu nuen txipa, eta erabaki euskaraz disfrutatzen eta euskararekin jolasten saiatuko nintzela. Orduan hasi nintzen nire euskara maila nabarmen hobetzen. Hortaz, euskaraz gozatzea trikimailu ona dela uste dut.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Mendian paseotxoa egiteak.
Eta tristatu? Errespeturik ezak.
Zerk eragiten dizu barrea? Bakarrizketek.
Eta negarra? Gauza gutxik. Adibidez, azken boladan, klima aldaketari buruzko dokumental batek.
Zerk haserrearazten zaitu? Errespeturik ezak.
Bizio bat: Aitortu ezinezkorik uste dut ez dudala, eta aitortzeko modukoa... pizza.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Pilotaria eta magoa.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Pertsona estresatua.
Mago bat: Derren Brown.
Magia egiteko objektu bat: Kartak, aukera gehien ematen dutelako. 
Truko bat: Txanpon bidaiariak.
Zer desagerraraziko zenuke hatzak klaskatuz? Gauzak ongi egiteko borondaterik eza.
Eñaut Mitxelena