Ez daude etsitzeko

Maiatzaren 26aren atarian sartu zen aldizkari hau inprentan, egun horretarako deitutako mobilizazioen berri izan aurretik. Alabaina, pentsionistek eta erretiratuek beren eskubideak aldarrikatzeko aurretik egindako lana ere handia izan da, bizitza osoan egin duten beharraren parekoa. Beren testigantza eskaini digutenak buru-belarri ari dira pentsio duinak eskatzen, nahiz eta batzuk apaldu egin diren, neurri batean EAJk PPrekin egindako hitzarmenaren ondorioz. Hala, akordioaren arabera, 2018an eta 2019an pentsioak KPIren arabera handituko dira, eta iraunkortasun faktorea ez da 2023ra arte gauzatuko. Elkarte gehienen ustez, ordea, ez da nahikoa. Izan ere, lortutakoa ona izan arren pentsio txikia dutenenentzat eta alargunentzat, iraunkortasun faktoreak hor dirau, etorkizuneko erretiratuen pentsioak arriskuan jartzen. Hortaz, ia denen iritziz, borroka hau ez da hemen amaituko: baliteke udan mobilizazioak pixka bat baretzea, baina badirudi udazkena bero etorriko dela. 2019an, udal eta foru hauteskundeak izango dira; 2020an, Espainiako estatukoak. Eta hauteskundeen itzala luzea da. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Estitxu Ugarte.

gortari

“Hau ez da adinekoon arazoa, guztiona baizik”

FEVAAS Aurretik Erretiratuen eta Pentsiodunen Euskal Federazioko kide da Miguel Gortari. Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko zortzi elkarte biltzen ditu, eta Donostialdeko elkarteko kidea da bera. Beste zenbait talderekin batera, Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataforman dago FEVAAS.

Gortarik azaldu duenez, FEVAASen “bi borroka” dituzte. Batetik, federazioaren aspaldiko borroka: pentsiodun mutualisten baldintzak hobetzea (1967ko urtarrilaren 1a baino lehen kotizatu ostean, aurre-erretiroa hartzera behartuak izan zirenenak), pentsioak kalkulatzeko erabilitako koefiziente murriztailea berraztertu, eta “justua” ezar diezaieten. “Niri, adibidez, % 40 kendu zidaten, eta hori bizitza osorako da”. Horrez gain, “orain, buru-belarri parte hartzen ari gara mobilizazioetan. Erretiratu eta pentsiodunei elkartasuna agertzeko, pentsiorik txikienak dituztenei, baina baita gure seme-alabak eta ilobak babestearren ere. Izan ere, hau ez da adinekoon arazoa, guztiona baizik”.
Gipuzkoako mobilizazioetan, Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataforman hartzen dute parte. Plataforma 2015ean sortu zuten hainbat elkartek (FEVAAS bera, Helduak Adi, Nagusilan, Duintasuna, Aguijupens... Ondoren, elkarte gehiago ere batu zaizkio), eta, hasieratik, aldarrikapen argiak izan ditu: gutxieneko pentsioa 1.080 € izatea, eta pentsio publiko duinak izatea, soldaten antzera. “Duina ez den soldatak duina ez den pentsioa sortzen baitu”. Horrekin batera, Espainiako Gobernuak proposatutako pentsioen % 0,25eko igoera bertan-behera utz dadin eskatu dute, baita etorkizunean pentsioak kalkulatzeko erabiliko den iraunkortasun faktorea ere. “Faktorea da gakoa. Etorkizuneko pentsiodunentzat suntsitzailea izango da. Hori indargabetzen ez den bitartean...”.
Oraingo mobilizazioekin pozik da Gortari, baina sentipen gazi-gozoekin: “Azken hilotan, bizi-bizi dago gaia, baina guk bost urte eman ditugu 0,25eko igoeraren aurka protesta egiten. Datorren urtean hauteskunderik ez balego, orain bezain izorratuta jarraituko genuke, eta inor ez litzateke mugituko. Nire ustez, gure haserreaz baliatzen den aprobetxategi asko dago”.
Espainiako aurrekontuei ere adi erreparatu diete. Horiek onartzeko lortutako akordioa “arnasaldi txiki bat da. Onuragarria, baina eskasa. Halere, Euskal Herrian jende ugariri egingo dio mesede; batez ere, alargunei eta pentsio txikienei”.
Aipatu akordioak eragina izan du pentsiodunen mugimenduan. Esaterako, Aguijupens elkarteak, plataforman jarraitzen badu ere, ez zuen parte hartzeko asmorik maiatzaren 26ko manifestazioan. “Elkarte moduan ez, baina bai nork bere izenean”. Gortariren ustez, hitzartutako neurriek “pentsiodun askori eragingo diete, eta baliteke horiek guztiak ez joatea gehiago manifestazioetara. Elkartasunez joango direnak izango dira, baina...”. Finean, “Gobernuak boteretsuen taktika jarraitu du: zatiketa eragin, eta garaituko duzu”.
Jakin badaki erretiratuak asko direla, eta indarra dutela, boto asko daudelako jokoan. “Gure mobilizazioek beldurra eragin diete agintariei, gainezkatuak sentitu dira. Bai Euskal Herrian bai Espainian. Adinekook bosgarren boterea gara. Botere exekutiboaren, legegilearen eta judizialaren ostean, hedabideok zarete laugarrena, eta geu bosgarrena: botere grisa, ilearen kolorea dela eta”.
Botere grisak ez du borroka bertan behera uzteko asmorik.  Aurrera begira, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek erabaki dute astelehenetako bilkurei eustea, baita udan ere. Ezohiko manifestazioei dagokienez, aldiz, udan etenaldia egingo dute. Uda ostean, eta urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen denez, data horren inguruan manifestazio handia egiteko aukera aztertzen ari dira.
Ikusi beharko da mobilizazioak zertan geratzen diren. Agintarien aldetik aldaketarik ez baldin badago, “borrokan jarraituko dugu. Argi dago: Espainiako estatuko ekonomia ongi dago; bai, behintzat, arlo makroekonomikoan. Egoera hori, ordea, ez da jendearengan nabari. Egungo Barne Produktu Gordina 2007koa, krisiaren aurretikoa, baino hobea da. Dirua badago, baina gaizki birbanatuta. Bada, hori aldatzeko borrokatu behar da”.

nagusiak“Goseak akabatzen bizitzera behartzen gaituzte”

Jose Ramon Landaluze (Caracas, Venezuela, 1954) Bizkaiko Nagusiak elkarteko batzordekidea da. Elkarteak 52.000 bat pentsiodun eta erretiratu biltzen ditu, guztiak ere 112 udalerritako 138 elkartetako bazkideak.

Pentsio duinak eskatzeko gutun bidalketa egin zuen Nagusiak-ek, pasa den udazkenean: Bizkaiko udal guztietara, Foru Aldundira, Batzar Nagusietara, lehendakariari, EAEko eta Espainiako arartekoei eta Espainiako Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantza ministroari. Eragin handiena udaletan izan zuen: “Deitzen hasi zitzaizkigun, batzuek bazutelako gaiari buruzko mozioa. Hainbatek gure gutuna bozkatu eta onartu egin zuten, baina udal gutxi batzuetan ezezkoa jaso zuen, beren proposamena aukeratu zutelako. Beste batzuetan, aldiz, biak onartu ziren, osagarriak izan daitezkeelako. Mozioak gurearen antzekoak ziren, xehetasun batzuk izan ezik, adibidez, 1.080 €-ko kopurua”.
Elkarteak babestu egiten du 1.080 €-ko gutxieneko pentsioaren eskaera, baina hobeto aztertu beharreko kontua dela dio: “Oso erraza da 1.080 € eskatzea denontzat, baina ez da gauza bera bizitza osoan lan egin ostean pentsio txikia duenarentzat eskatzea edo, dena delakoagatik, kotizatu ez duen norbaitentzat. Are mingarriagoa da nahi izan ez dutelako kotizatu ez dutenen kasuan; izango zituzten beren arrazoiak, baina ez badute parte hartu itsulapikoa betetzen… Hortaz, 1.080 € merezi duenarentzat. Gainerakoek ere pentsio duina jaso beharko lukete, baina ez kopuru bera. Izan ere, berdin kobratuz gero, inork ez luke kotizatu nahiko, eta sistema errotik hautsiko litzateke”.
Ministroak erantzun egin zion gutunari: “Gauzak oso txarto daudela, asko eskatzen dugula, ezinezkoa dela… zer eskatzen ari garen ez bageneki bezala! Berriz erantzun genion, proposamen zehatzekin eta geure burua eskainiz ekarpenak doan egiteko, baina kasurik ez. Orain, hor gauzka, aurrez aurre, dena borondate politikoaren araberakoa baita”.
Nagusiak-ek elkarteak solaskidetzat onartzeko ere eskatu zuen: “Toledoko Hitzarmenerako Batzordeak hainbat kolektibori egiten dizkio kontsultak tarteka, sindikatuei, enpresariei, soziologoei, ekonomialariei... baita estatuko Pertsona Nagusien Kontseiluari ere. Gu horren barruan gaude, baina Batzordeak organo horretara jotzen duenean, bi lagun baino ez dira joaten, eta ez dakigu nola jokatzen duten. Kontseiluak gutxienez urtean behingo zuzeneko harremana eduki beharko luke Batzordearekin. Etengabeko elkarrizketa eskatzen dugu, gutunen joan-etorria baztertuta”.
Espainiako estatuan “ia 10 milioi pentsiodun” izanda, “ez da bidezkoa gure iritzia ez entzutea. Ez gara ezjakinak, baina erantzuten digute umeak izan edo edozerekin konformatuko bagina bezala, edo alzheimerra bageneuka lez. Ez da hala! Konturatzen gara hemen badaudela hobetu beharreko gauzak, eta, gezurra esaten digutenean, badakigu engainatu nahi gaituztela. Argi dago gauzatxoak eskaintzen dabiltzala, legealdia amaitu arte isilik egon gaitezen. Bada, eman diezagutela zerbait, baina betiko, ez bi urterako”.
Elkarteek diru laguntzak jasotzen dituzte erakundeetatik, eta Landaluzek onartu du izan dituztela nolabaiteko “hartu-emanak” haiekin: “Mobilizazioa indarra hartzen hasi zenean, galdezka hasi ziren, ea zertan genbiltzan. Gero, zerbait lortu zenean, ea zer gehiago nahi dugun... Guztiz presionatuak ez, baina zelatatuta sentitzen gara”.
Mobilizazioa udan apaldu arren, agian, “irailean berriro jarraituko dugu eskaerekin: 2011ko eta 2013ko pentsioen legeak eta 2012ko lan legea indargabetzea; pentsio duinak behar direla dioen Konstituzioaren 50. artikulua errespetatzea... Paradoxa da: alde batetik, munduko osasun sistema onenetako bat dugu, luzaroan bizitzeko aukera ematen diguna; bestetik, goseak akabatzera behartzen gaituzte”. Gauzak horrela, ez dago gogo faltarik mobilizatzen jarraitzeko. Landaluzek dioenez, “badirudi hemen eragina izan duela 80ko hamarkadako industria birmoldaketa pairatu zuten asko orain erretiratuta egoteak. Horiek badakite zer den aldarrikapena, eta batzuentzat pizgarria izan da berriro kalera irtetea”.

alarguna

“Amorrua eman dit alargunak trukerako txanpon bezala erabiltzea”

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alargunen ordezkari nagusia izateaz gainera, duela hil batzuetatik Maite Bilbao (Laudio, 1954) Espainiako Konfederazioaren lehendakaria ere bada. Emakume alargunek gizartetik jasotzen ez duten laguntza ematea da elkarteen helburua: aurrera ateratzeko laguntza psikologikoa, batetik, eta dagozkien eskubideen inguruko informazioa, bestetik. Gainerako pentsiodunak bezala, kalean ikusi ditugu azken hilotan Euskal Herriko alargunak.

Azkeneko hamar urteetan, Euskadiko Alargunen Elkarteetako Federazioaren (FEVI) buru izan da Maite Bilbao, eta, orain dela hil batzuetatik, Espainiako Alargunen Konfederazioaren lehendakaria da. Madrilera joateko erabakia hartu zuen Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzaren transferentzia eskuratzeko aukerarik ez zuela jakin eta gero, hain zuzen Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin izandako bilera baten ostean. Bilbaok azaldu duenez, bilera hartan Gizarte Segurantzaren transferentziari buruz galdetu zion sailburuari, “Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantza kudeatzeko aukera baldin bazegoen, ez nintzelako joango Madrilera borrokatzera; hementxe geratuko nintzen”. Artolazabalek aitortu zion denbora luzean ez zela gai hori berriro aztertuko Madrilgo Gobernuarekin, ez zegoela aukerarik, “eta orduan erabaki nuen Madrilera joatea borrokatzera. Ez nuen nahi, ez zitzaidan gustatzen Madrilera joatea, irizpideak oso desberdinak direlako Madrilen eta Euskadin; batzuetan, talka egiten dugu, eta zaila egiten zait, baina ez dago beste aukerarik”.
Erabakia hartzeko pragmatismo bera erakutsi du alargunen lehendakariak EAJk eta Espainiako Gobernuak aurrekontuak onartzeko eta pentsioak handitzeko lortu duten akordioaren gainean hitz egiteko. Hutsuneak nabarmendu beharrean, azpimarratu du Espainiako iazko aurrekontuak baino askoz hobeak direla orain onartu direnak: “Aurrera egin nahi badugu, hobeak dira aurrekontu hauek iazkoak baino; iazkoak luzatzeak kalte handia egingo zigun”.
Alde negatiboa da, Bilbaoren iritziz, akordioak erakutsi duela alargunak eta pentsiodunak “trukerako txanpon gisa” erabili dituztela. Bilbaok uste du alderdi politikoak pentsiodunen duintasunarekin jolasten ari direla: “Amorru handia eragiten dit pentsiodunen etorkizunarekin, bizitzarekin eta duintasunarekin jolasteak” azpimarratu du. Are amorru handiagoa sentitzen du pentsiodunen artean talderik ahulena emakumeak direla jakinik: “Alargunak eta emakume ezkongabeak gara sektorerik ahulena, emakume ezkongabe asko lan prekarioetan ibili behar izan direlako, urte luzez; haien pentsioak negargarriak dira, alargunenak bezalakoak”.
Halaber, Bilbaok aitortu du akordioak ez dituela alargunen aldarrikapen nagusietako batzuk jasotzen. Hala, pentsioen sistema orokorretik ateratzeko arriskua mahai gainean dago oraindik. “Hala gertatuz gero, eskubide asko galduko genituzke. Ez dugu limosna jasotzen duen sektore bat izan nahi, eta, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren barruan sartzen baldin bagaituzte, pentsiodunak ez garela esaten ari dira, eskubide bat ukatzen digute, eta kotizatu dugula ukatzen dute. Hortaz, hori ez dadin gerta, gogor borrokatu behar gara”. Bestalde, alargunen pentsioa gutxienez 800 eurora iristea aldarrikatzen dute, eta inoiz ez izatea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata baino txikiagoa. “Akordioak ez du aurreikusten gutxieneko soldatarik alargunentzat; borrokatu egin behar dugu, eta negoziatzen jarraitu”.
Horrenbestez, Bilbaoren esanetan, pentsiodunek kalean jarraitu beharko dute: “Beharrezkoa da mobilizazioa; akordioa dago eta hitzak daude. Lortu dugu EAJk akordio bat egitea pentsioak handitzeko, baina ezin gara geldirik geratu, ezin gara erlaxatu” adierazi du. Alde horretatik, konfiantza handia du alargunen lehendakariak Euskal Herriko pentsiodunen indarrean: “Gure belaunaldia oso borrokalaria da, tradizio handia dugu horretan, eta, egoerak eztanda egin duenean, elkartu eta kalera atera gara berriro”.