“Tabu modukoa da heroinaren gaia”

bermeo

80ko hamarraldia, heroina eta hiesa ditu ardatz Zaldi mamarroa (Elkar, 2018) eleberriak, Igartza sariari esker Ekaitz Goienetxea Cerecedak (Miarritze, 1982) kaleratutako lanak. Miarritzen sortua, bermeotarra da Goienetxea. Talako Kantinan egiten du lan, eta Boga garagardoa ere merkaturatzen du. Testigantzen bidez jasotako bizipenak oinarri, heroinak gizartea gogor kolpatu zuen garai jakin bati erreparatu dio, askotariko ahotsek beteriko fikzioa osatuta. AEKren Foruko barnetegiko egonaldia baliatuta, barnetegiko ikasle Elorri Guinék eta Anthony Michelek elkarrizketatu dute idazle bermeotarra.

Zeri buruzkoa da zure liburua?
Gai nagusia da heroinak laurogeiko hamarkadan nolako eragina izan zuen Euskal Herriko kostaldeko herri batean, Bermeon, hain zuzen, baina gaur egungo ikuspegiarekin. Pertsonaiek ordukoari buruz gogoetatzen dute, edo oroitzapenez mintzatzen dira; batzuk gazteagoak dira, baina pertsonaia asko daude. Kapitulu bakoitzean, pertsonaia baten ikuspegia azaltzen du liburuak, eta, kapituluz kapitulu, ikuspegia aldatu egiten da, pertsonaia bakoitzak oso modu desberdinean bizi izan zuelako garai hura.
Zergatik aukeratu duzu garai hori? Zer gertatu zen Bermeon?
Abiapuntua jakingura da, herrian zer gertatu zen ezagutu nahia. Badakigu heroinak eragin handia eduki zuela, belaunaldi bat osorik akabatu zuela, belaunaldi hartakoak oso gazterik hil zirela. Tabu modukoa da heroinarena, ez baita erraz hitz egiten gaiari buruz. Batetik, droga ez delako gai erraza elkarrizketa normal batera ekartzeko, eta, bestetik, heriotzak eragin zuen mina edo hutsunea dakarrelako. Heroinaren gaia oso presente dago, baina hutsunea edo isiltasuna dagoelako.
Zergatik hartzen zuten gazteek hainbeste droga garai hartan?
Nik uste dut edozein belaunalditan bezala gertatu zela, alegia, drogak probatu nahi direla, ondo pasatu nahi dela… Batzuek diote poliziak sartu zuela heroina Euskal Herrian, garai hura oso mugitua zelako, eta herri mugimenduak nolabait lokartzeko... Beste batzuk diote ezetz. Ni horretan ez naiz gehiegi sartu. Badago ezaugarri bat Bermeon, edo Bermeoren moduko herriak berezi egiten dituena: garai hartan, arrantza eta portua bizirik zeuden, gazteek itsasoan lan egiten zuten, eta bueltan dirutza zekarten. Hala, diru asko zuen gazte jendeak droga erraz lor zezakeen, eta kopuru handitan; horrek ekarri zuen neurriz kanpoko kontsumoa. Beste alde batetik, hasieran ezjakintasun handia zegoen, xiringaz kontsumitzeak bazekarrelako oraindik berria zen gaixotasun bat, hiesa, kutsatzea. Gainera, drogak, gaindosiak… gazteak hiltzen zituztenez, gurasoak ere hasi ziren trafikatzaileen kontra antolatzen, eta botiketan eskatzen zuten ez emateko xiringarik gazteei. Horrek eragin zuen xiringak partekatzea, eta hiesa are gehiago kutsatzea, kalterako zela konturatu ziren arte. Gerora etorri zen hiesa beste era batera ikustea, medikuntzan hobeto artatzea, sendatzea eta heriotza horien kopurua murriztea.
Zergatik aukeratu duzu gai hau?
Egia esan, gogoan daukat lagun artean orduko musikari buruz hitz egiten genuela, adibidez. Gogorra da pasatu zena, drama itzela izan zen, baina horren aurretik mugimendua eta bizitasuna ere bazeuden: musika talde berriak sortzen ziren, liburu berriak ere bazeuden, tabernetan binilozko diskoak jartzen ziren, abesti bakoitza aukeratu egiten zen... Niri horrelako gauzak asko interesatzen zaizkit, eta han-hemen galdezka aparteko horretaz guztiaz jabetzen zara. Agian, katuak bezalakoa naiz: ez diezunean zerbait uzten, edo ezkutatu egiten diezunean, haiek hara joaten dira, bila. Bada, neu ere bila joan nintzen, eta ikusi nuen bazela materiala gauza asko kontatzeko.
Tabua da oraindik ere ordukoari buruz hitz egitea?
Bai, jendeari oso zaila egiten zaio hitz egitea; mingarria da gogoratzea, hurbileko jende asko hil zelako. Sekula ez da erraza drogari buruz hitz egitea, nahiz eta gizartean, oro har, kontsumoa beti izan aitortzen dena baino handiagoa, beti. Beraz, liburua argitaratu ostean, denetik esan didate: gustatu zaiela, oroitzapen batzuk mingarriak izan direla, baina egia direla… Erdi ahaztuta bezala eduki du jende askok, baina egia da hori gertatu zela, eta ez duela hainbeste urte.