Euskarazko Wikipediari eraginez

wiki

“Imajina ezazu mundu bat non gizaki guztiek askatasunez zabal dezaketen ezagutza guztia”. Jimmy Wales Wikipediaren sortzailearen esanak labur azaltzen du Interneteko eduki askeko entziklopediaren helburua. EWKE Euskal Wikilarien Kultur Elkartea (https://wikimedia.eus/) xede berberari jarraikiz ari da lanean. Eñaut Mitxelena.

Tokitan dira apalategiak entziklopedien liburukiz beteta zeuden garaiak. 2001ean sortu zutenetik, izugarrizko garapena izan du Wikipediak. EWKEko idazkari Xabier Cañasek azaldu duen moduan, “Encyclopaedia Britannica paperezko entziklopedia prestigiotsuak 32 liburuki zituen duela 17 urte. Egun, ez da argitaratu ere egiten”.
Eleaniztuna eta lankidetzan editatua, mundu osoko boluntarioen lanari esker osatzen da, etengabe, Wikipedia. Irabazi asmorik gabeko Wikimedia Fundazioak sostengatzen du, beste hainbat proiekturekin batera: multimedia eduki askeak jasotzen dituen WikiCommons; jatorrizko dokumentu askeak biltzen dituen Wikiteka; Wikidata datu base askea...
Wikimedia adar askoko familia izan arren, Wikipedia du proiektu ezagun eta erabiliena, alde handiarekin: 300 bat hizkuntzatako edizioak ditu (munduan, 7.000 bat hizkuntza hitz egiten dira), eta, orotara, 37 milioi artikulu baino gehiago bildu ditu, oraingoz. Bosgarren webgunerik bisitatuena da munduan.
Euskarazko Wikipedia ere, 2003an sortua, osasuntsu dago. Egun, 292.586 artikulu ditu, eta egunero 82.303 bisita (otsaileko datua) jasotzen ditu. Artikulu kopuruaren araberako sailkapenean, 31. postuan dago, hiztun kopuru handiagoak dituzten beste hizkuntza askoren aurretik. “Datu erlatiboei erreparatzen badiegu, eta gure parekoak diren hizkuntzekin alderatuz gero, ongi gaude. Esan daiteke txikien artean handienak garela” dio Cañasek.
Osasun on horren erantzuleak Wikimediako proiektuak elikatzen dituzten lagun edo wikilariak dira. Euskaraz, 300 inguru aritzen dira, nagusiki Wikipedian. Haien lana borondatezkoa da, Wikimediaren helburuekin bat egiten dutelako, batetik, eta euskaraz ere ahalik eta ezagutza gehien zabaldu nahi dutelako, bestetik. EWKEko wikilariek ere halaxe dihardute.
Duela bi urte sortu zen EWKE; hasiera batean, 12 bazkiderekin. “Harremanak sarean izaten ziren, eta wikilari batzuok erabaki genuen aurrez aurre ezagutzea eta, funtsean, euskarazko Wikipedia sustatzeko lan egitea: erakundeekin harremanetan jartzeko, elkarrekin jarduerak antolatzeko...”. Helburu “oso apalekin” hasi ziren. “Ametsetan ere ez genuen uste bi urteko ibilbidean horrelako garapena izango genuenik” dio Cañasek. Egun, 28 bazkide ditu elkarteak, eta makina bat proiektutan ari da lanean buru-belarri.
Hezkuntza helburu
Hezkuntza eta kultura dira EWKEren oinarrizko lan eremuak. Arlo batean zein bestean, bi dira elkartearen jardun nagusiak: “Funtsean, ikastaroak ematen ditugu, Wikipedian aritzeko. Wikipediarako eduki gehiago bilatu eta jaso nahi ditugu, eta wikilari gehiago erakarri, euskarazko Wikipedia handitzeko”. Materiala askatzea da elkartearen beste jarduna: “Interesgarria izan daitekeen materiala lizentzia aske baten mende jartzea bilatzen dugu: argazkiak, dokumentuak... denetik”.
Hori bai, “hasieratik erabaki genuen gure indar guztiak hezkuntzara bideratzea”. Hala, hezkuntza arloko erakunde eta eragileekin elkarlanean jarduten saiatzen dira. Esaterako, Eusko Jaurlaritzarekin 3 urterako hitzarmena dute sinatuta, 12 eta 16 urte bitarteko ikasleak helburu, hezkuntza curriculumari loturiko 1.600 artikulu hobetzeko. “Badakigu eskolan Wikipedia erabiltzen dutela, baina badakigu, halaber, erabiltzen duten hori batzuetan ez dagoela ongi”. Hori konpontzeko, unibertsitateekin elkarlanean ari dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako campusetan. Ikasleek, berez, unibertsitaterako egin beharreko lanak Wikipedian argitaratzeko moduan egiten dituzte: “Guk aholkularitza teknikoa ematen diegu, irakasleek edukiak zuzenak direla zaintzen dute, eta ikasleek lanak egiten dituzte. Artikulu oso garatuak lortzen ari gara, eta edukiak gero eta hobeak dira. Batez ere, eraginkorrak izatea lortzen ari gara: ikasleei baliagarriak zaizkie eskolarako”.
Hezkuntza arloan ekimen gehiago ere badituzte. Hainbat eragilerekin egindako hitzarmenei esker, eduki mordoa askatu dute: Berria kazetaren 16.000 infografia; Ahotsak.eus proiektuaren 300 bat bideo; Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegiko 6.500 definizio...
GLAM proiektuak
Kulturaren arloan, berriz, GLAM proiektuak garatzen dituzte. Galeriak, Liburutegiak, Artxiboak eta Museoak batzen ditu GLAM akronimoak. “GLAM erakundeei laguntza ematen diegu. Batetik, Wikipedian eduki berriak editatzen, eta, bestetik, materialak askatzen, Wikipedia hornitzeko”. Idazlezainak proiektuak, adibidez, wikilariak, idazleak eta liburutegiak elkarlanean ipintzen ditu. Horren antzekoa da Donostiako Haur eta Gazte Literatura proiektua. “Horrelako lankidetzak egiten ditugu. Beti, irabazi-irabazi formula aplikatuta: denok irabazten dugu zerbait”.
Proiektu nagusi horiekin batera, “bigarren mailako proiektuak ere sortzen dira, guztiari baietz esaten diogunez...”. Esaterako, Herripediak, hainbat herritan garatzen ari direnak, edota Txikipedia, berriki martxan jarria. Haurrentzako Wikipedia da, haiek erraz ulertzeko moduan idatzia. Beste hizkuntzetako Wikipediek ez dute halakorik, eta, beraz, mundu osoan aitzindaria izan da Txikipedia. “Beste batzuek jorratu gabeko bideak egiten ari gara. Txikipedia eta Idazlezainak horren adibide dira”.
Galtzak bete lan daude EWKEko kideak, eta helburuak argi dituzte. “Wikipedia guztion artean egiten dugun entziklopedia da. Edozeinek egin dezake bere ekarpena. Hortaz, jendea Wikipedia sustatzera eta laguntzera animatu nahi dut; geuk erakutsiko diogu. Guztien beharra daukagu. Hizkuntza txikia gara, eta, ezagutza guztia euskaraz jarriko badugu, sekulako lana dugu egiteko”. Aurrera begirako erronken artean, elkarteak Nafarroara eta Iparraldera hedatu nahi du.
Hedatu, eta eraginkorrak izan. Kantitatea bai, baina kalitatea lehenetsita: “Gure helburua da kalitatezko artikuluak egitea, eta jendeak irakurtzea. Horretan datza prestigioa: artikuluak onak izan behar dira, baliagarriak eta ulergarriak. Horretan jarriko dugu indarra”.

Elkartekideak eta wikilagunak

EWKEko kide izateko, urtean 5 euroko kuota ordaindu behar da. Horrez gain, bi aukera daude: wikilari izatea eta gutxienez 50 edizio eginak izatea, edota, kopuru horretara iritsi ezean, wikilagun bihurtzea. Hau da, “izan zaitezke bazkide, nahiz eta ez editatu. Aldea da batzarretan ezin duzula bozkatu”.