Udako plazer txikiak gozatzera

uda

 

Garikoitz Fernandez Galduroz (Iruñea, 1998)
Garikoitz lehenengo aldiz joango da euskalduntze barnetegira, baina badu esperientzia labur bat, asteburuko barnetegi batean. Horrek piztu zion gogoa udan bi astez joateko, iruditu zitzaiolako “oso ona euskara maila hobetzeko. Lagun asko egin nituen han, eta ekintzak ere izan genituen, oso ondo prestatuak. Errepikatzeko modukoa iruditu zitzaidan, bai”. Gogoa dauka joateko. Esan diote egunero eskola ordu asko direla, “euskara ikasteko”, eta ekintzaren bat edota tailerren bat ere izango dela.
Asteburuko barnetegi hartan, Garikoitzek nabaritu zuen askoz gehiago hitz egiten zuela euskaraz. “Ni ikastoleroa naiz, baina euskara utzia nuen. Berriro ikasten hasi nintzen, eta barnetegian erdarakada asko kendu nituen. Nabaritzen nuen kalean jendearekin nindoanean elkarrizketa arrunt batean askoz ere erraztasun handiagoa nuela hitz egitean”.

Adriana Redin Salvoch (Iruñea, 1993)
Adrianak badaki zer den asteburuko barnetegian egotea, baina aurreneko aldiz egingo du euskalduntze barnetegia. Izan ere, udan barnetegira joanda asko aurreratzen dela ikusi du: “Irailean, euskaltegian hasten garenean, udan barnetegira joan direnek esaten dute oso ongi pasa dutela, eta joatera animatzen gaituzte. Gainera, pila bat aurreratu dutela ohartzen gara. Aurten, nik ere bultzada handia eman nahi diot euskarari”.
Beti kostatu omen zaio kalean euskaraz hitz egitea, eta euskaraz mintzatzen erosoago sentitzea du helburu: “Uste dut hamabostaldi batez egun osoan euskaraz bizitzeak lagundu egingo didala. Urte batzuk daramatzat euskara ikasten, eta asteburukora urtero joan izan naiz, baina oso ezberdina da. Beti egon naiz primeran, eskola gutxi eta parranda asko, baina badakit udakoa ez dela gauza bera izango”.

Ainhoa Arieta-Araunabeña Lopez (Erandio, 1984)
Ainhoak errepikatu egingo du barnetegi ibiltaria, “beste behin ere, oporren zati bat mendiz mendi euskara ikasten eman nahi dudalako. Gainera, aurtengo ibilbideak aukera emango dit niretzat ezezagun diren Euskal Herriko txoko eta mendiak ezagutzeko”. Hala, espero du “oporrez gozatzea, kirola egitea, beste mendizale batzuk ezagutzea, porlanetik ihes egitea, leku berde paregabeak ikustea... eta afaloste kantariak giro polit eta alaian, euskaraz goizetik gauera”.
Aurreko esperientziak animatuta joango da: “Hasieran ez nuen inor ezagutzen, baina lehen momentutik sortu zen giro erosoa: adin eta euskara maila desberdinak, jaioterri eta istorio desberdinak… oso talde jatorra. Bestalde, sasoian egon ez arren, bakoitzaren erritmoak errespetatuta eta eguneroko dinamikari esker, posible izan zen bidea egitea, sufritzeko eta barre egiteko denbora baitzegoen. Euskaraz aritu nintzen denbora osoan, eta neure burua euskaraz pentsatzeko eta bizitzeko kapaz ikusi nuen”.

Amaia Burgoa Serna (Portugalete, 1976)
Euskararen munduan sartzeko aukera ona delako joango da Amaia barnetegira, oraingoan familiarekin. Duela urte batzuk euskalduntze barnetegira joan zen, “baina egoera eta helburuak desberdinak ziren. Garai hartan, azterketa gainditu nahi nuen, titulu bat lortzeko. Orain, ordea, euskara bizirik dago etxean eta, erabiltzen jarraitzeko eta ondo egiteko, hobetu egin behar dugu”. Ziur dago familiarekin egitea esperientzia izugarria izango dela: “Gurasook mintzapraktika behar dugu, baita urte osoan ikasten duguna finkatu ere. Seme-alabek, D ereduan ikasi arren, normalean eskolatik kanpo beti gaztelaniaz hitz egiten dute. Giro horretan egoteak umeei on egingo diela pentsatzen dugu. Azken bi urteotan, gure artean euskara hutsean hitz egiten saiatzen ari gara, eta aurreratzea beharrezkoa da. Ikastera joan arren, ondo pasatzeko asmoarekin joango gara, ez baitzaigu ahazten gure oporrak direla. Espero dugu umeek ere primeran pasatzea, eta itzuli ahal izatea!”.

Graxiana aterpetxera, oroitzapenei esker

Eunate Armendariz Beristainek irabazi du AEK-k udako kanpainarekin batera abian jarri zuen sariketa. Portugaleteko Xaribari AEK euskaltegian ibilitako ikasleak hauxe kontatu digu Barnetegitik, zein da zure oroitzapenik maiteena? lehiaketan parte hartzeko:

Hasi baino lehen, esan behar dut birritan familia barnetegian egon garela alabak eta hirurok, Zugarramurdin hain zuzen. Oso esperientzia handia izan zen, nire familia partekatzeko modu bat delako, eta jakin badakit ez nagoela prestatuta horretarako. Nostalgiaz gogoratzen dut barnetegiko kideak ere beste familia bat zirela konturatu nintzen momentu berezi hori. Ez zen momentu konkretu bat izan, ez zen gertakizun zehatz bat, baina bizpahiru egun pasata, lehenengo eguneko ezezagun horiek nire bizitzan leku bat zeukatela nabaritu nuen, eta lasai, ondo eta pozik sentitzen hasi nintzen. Ez zen inporta jatorria, familia motak edo ohiturak. Inportantea zen barnetegia gure etxea zela, gure segurtasun eremua. Are gehiago, denon artean zaintzeko ardura.

Hain zuzen ere, Zugarramurdira itzuliko da Eunate, berak aukeratutako lagun batekin, saria bi eguneko egonaldia baita Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean. Gozatu!

Udako plazer txikiak

EUSKALDUNTZE BARNETEGIAK (ARANTZAN, FORUAN)
l B1-B2-C1 mailak: 14 egun/90 ordu 505 €
• Uztailaren 2tik 15era
• Uztailaren 16tik 29ra
• Uztailaren 30etik abuztuaren 12ra
• Abuztuaren 13tik 26ra
• Irailaren 3tik 16ra

l A2 maila: 14 egun/90 ordu 505 €
• Uztailaren 16tik 29ra
Izena emateko azken eguna: barnetegia hasi baino 11 egun lehenago

EUSKALDUNTZE BARNETEGIAK (IPAR EUSKAL HERRIAN)
l A1-A2-B1-B2-C1 mailak Langabeek 545 € Landunek 635 €
UREPELEN 10 egun/70 ordu
• Uztailaren 16tik 27ra
• Uztailaren 30etik abuztuaren 10era

l A1-A2-B1-B2-C1 mailak Langabeek 1035 € Landunek 1197 €
UREPELEN 20 egun/140 ordu
• Uztailaren 16tik abuztuaren 10era
Izena emateko azken eguna: barnetegia hasi baino 11 egun lehenago

EGA/C1 MAILA EGIAZTATZEKO AZTERKETA PRESTATZEKO (ARANTZAN) 505 €
• Abuztuaren 13tik abuztuaren 26ra
Izena emateko azken eguna: barnetegia hasi baino 11 egun lehenago

B2 MAILA EGIAZTATZEKO AZTERKETA PRESTATZEKO (ARANTZAN) 505 €
• Abuztuaren 13tik abuztuaren 26ra
Izena emateko azken eguna: barnetegia hasi baino 11 egun lehenago

XIBERERA BARNETEGIA (MENDIKOTAN) Langabeek 290 € Landunek 335 €
• Uztailaren 30etik abuztuaren 4ra
Izena emateko azken eguna:
barnetegia hasi baino 11 egun lehenago


FAMILIA BARNETEGIA Helduek 480 € Haurrek 285 €
l B1-B2-C1 mailak: 12 egun/80 ordu
FORUA/*Aduna
• Uztailaren 2tik 13ra
ADUNA *Forua
• Uztailaren 16tik 27ra
ZUGARRAMURDI/*Forua
• Uztailaren 30etik abuztuaren 10era.
* Ikasleak ezin du aukeratu nora joan. AEK-ko udako barnetegietako arduradunek
antolatuko dute matrikula kopuruaren arabera eta haiek ezarriko dituzte irizpideak.
Izena emateko azken eguna: barnetegia hasi baino 16 egun lehenago

BARNETEGI IBILTARIAK (ibilbide berriak)* 530 €
• Uztailaren 16tik 29ra
       (OINEZ edo BIZIKLETAZ)

*Oinez, Euskal Herriko mendebaldetik ekialdeko muturreraino. Hondarribiatik abiatuta, Larrun, Iparla, Muñoa, Irati, Bagargi, Belagua... igaro ostean, Euskal Herriko gailurrera: Hiru Erregeen Mahaia. Bidean, Iparraldeko baserri-nekazaritza-abeltzantza bizimoduaren eragin sozioekonomikoa ezagutuko dugu.

*Bizikletaz, Debatik irten eta Etxarri Aranatzeraino. Bidean, Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Arabako Lautada, Urbasa, Andia, Ultzama, Iratiko oihana, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak, Anboto, Donibane Garazi, Abodi mendilerroa, Erronkariko ibarra, Urepele, monasterioak, Urkiola, Otsagabia, Aralar, Omako basoa...
Izena emateko azken eguna: ekainaren 25a; (online eman behar da, www.aek.eus gunean).


DESKONTUAK (Hegoaldean)
• AEK-ko ikasleei %5 (ikasturtean 119 ordutik gorako ikastaroa egin dutenei)
• 2 barnetegi egiteagatik, %10
• 3 barnetegi egiteagatik, %15
• 3 seme-alabarekin eginez gero, % 10 haur guztien matrikularen gainean
• Aplikatutako deskontuak orotara ez dira %15 baino gehiago izango

• Informazio gehiago eskuratu edo izena eman nahi izanez gero, jo gertueneko AEK euskaltegira edota idatzi E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera.
www.aek.eus
673 200 100
946 464 000
05 59 257 609