Hirian bizitzen (ber)ikasi

piztu

Elkarlaguntzan oinarritutako bizilekua dute amets: askotarikoa, herrikoia, gozagarria... Metropoliaren uniformizatzeari aurre eginda, bizinahia auzo guztietara zabaltzea da xedea, Piztu Bilbo, itzali MTV dinamika eratu berriak dioenez. Azkenaldian, turismoaren gorakadak eta erakundeek sustatutako makrojaialdi eta ikuskizunek eztabaida eragin dute Bizkaiko hiriburuko hainbat talde eta kolektiboren artean. Galdera airean dago: berriro ikasi behar dugu hirian bizitzen? AEBetako MTV kateak sarien gala egingo duen hil bererako, azarorako, ekimenak prestatzen ari dira herri mugimenduak. Maider del Olmo.

Hiria etengabe ari da eraikitzen eta deseraikitzen, bere burua birsortzen. Bilbo bera da horren adibide. Handitzen-handitzen, metropolia Bizkaiko lurraldean hedatzen den zehaztugabeko geruza baten modukoa da. Gauza jakina da bertan bizitzeko moduek taxutzen dutela norbanakoaren pentsamendua. Besteekiko harremanek, bizilekuak, espazioaren erabilerak, kontsumoak... denak du eragina hiria ikusteko eta bizitzeko moduan. Gurpil zoroa da. Zaila da jakiten zein den sorburua, noiz hasi zen dena. Izan ere, inork badaki zer izan zen lehenago, MTV ala ETB? Errazagoa: Etorri, gozatu eta kontatu lelo turistikoa (Ven y cuéntalo, gaztelaniaz sonatuagoa) ala Basque Country-Euskadi marka?
Duela bost urtetik Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den turismo markari buruz (Basque Country-Euskadi), honela mintzatu ziren Piztu Bilbo, itzali MTV dinamikaren aurkezpenean, apirilaren amaieran: “Gure bizi esparrua erakusleiho gisa erabiltzen ari dira”. Euskal Herriari enpresa izaera ematea egotzi diete erakundeei. Horren aurka, hainbat kolektibo “bestelako Bilbo” gura dutela esanez agertu ziren jendaurrean. Elkarrekin altxatu zuten ahotsa auzo elkarteek, internazionalistek, mugimendu feministak, kultur arloko taldeek, lan duinak defendatzen dituztenek...
Bilbora etorrita, begien bistakoa da azken urteotan izandako turismo hazkuntza; eta horren eskutik, erakundeak erakartzen ari diren makrojaialdiak eta ikuskizunak. Merkataritza jarduerak kultur ekintzen gainetik jartzen dituztedeitoratu dute. Halako makroekitaldien atzean ezkutatzen dena azaleratu nahi dute: bazterkeria, lan ezegonkortasuna, pribatizazioa, sexuen arteko parekotasun eza...
Atzapar luzeagoak ditu, baina, hierarkiak; hots, helmen handiagoa. Piztu Bilbo, itzali MTV ekimenak gogoratu duenez, “inposatutako hiri eredua da”. BBK Live jaialdia, Red Bull jauzi txapelketa... sektore herrikoi eta askotarikoen bazterketa dakarten adibide garbiak direla deritzote: “Kultura globalizatu eta kontsumistaren sinbolo bikaina den MTV musika kate estatubatuarraren makroekitaldi hau diru publikoa erabiliz finantzatu dute Bilbo eta Bizkaiko erakundeek, zehazki 3 milioi eurorekin, orain arte; berriro ere, diru publikoa modu elitista eta baztertzailean erabili dute”.
Haatik, MTV katearen ikuskizuna adibide bat besterik ez da. Ahotan hartu dituzte beste ekitaldi batzuk, Europako Errugbi finalak, kasu. Duela aste batzuk jokatu ziren,  San Mamesen, Europako Challenge Kopako eta Txapeldunen Kopako azken partidak. Milaka pertsona inguratu ziren hirira. Antolatzaileek, herri kirol erakustaldiak eskaini zituzten, euskal nortasunaren zeinu balira bezala.  Horrela, euskal kultura eta nortasuna “folklore hutsa balira bezala” saltzen dituztela uste dute Piztu Bilbo, itzali MTVkoek. Finalen asteburu hartan, zenbait pankarta ikusi ahal izan ziren Bilboko kaleetan. Honela zioten: Gora kirol eta kultura herrikoiak! edota Auzoak dira gure harrobia.
Azaroa, hilabete “mugitua”
Gaur-gaurkoz gauza handirik aurreratu ezin badu ere, azarorako iragarri du bere eguna hizpide dugun dinamikak, eta kideak dagoeneko hasiak dira prestaketak egiten. Hil horretan irudikatuko dute beren ametsetako Bilbo: askotarikoa, herrikoia eta gozagarria izateaz gain, auzoak ere aintzat hartuko dituena. Aurrerago emango dituzte xehetasunak.
Bestalde, hil berean egingo da, azaroaren 4an, MTV sarien gala, Barakaldoko BECen. Hantxe banatuko dituzte Europako musika sariak. Ikuskizuna mundu osoko milioika lagunek ikusiko dutela uste da, kate estatubatuarraren irismena ikusita. Nazioarteko musika komertzialaren sustatzailea da MTV. 1981eko abuztuaren 1ean hasi zen emititzen, eta ez da musikara mugatzen. Hala, reality show delakoan espezializatu zen XXI. mendea hastearekin batera.
Europe Music Awards izeneko ikuskizuna ez da soilik Barakaldon egingo. Beste bi agertoki ere izango ditu: Durango eta Getxoko Arrigunagako hondartza. Piztu Bilbo, itzali MTV dinamikako kideek aditzera eman dutenez, kezkatuta eta aurka daudela adierazi diete Bizkaiko herri horietako hainbat taldek eta kolektibok. Horrenbestez, ez dute elkarrekin aritzeko aukera baztertu: “Dinamikaren iruditeria hartu, eta zeure egin dezakezu, hala nahi izanez gero; hemen, Bilbon, sortu diren leloak nahiz kartelak erabil daitezke, bai Durangon eta Getxon bai ekimenarekin bat egiten den edonon, gutxieneko puntuekin bat etorriz gero”.

Dinamika irekiaeta zabala

Ekologistak, feministak, gazteak, langileak, internazionalistak, auzo elkarteetako kideak... askotariko lagunak eta taldeak daude Piztu Bilbo, itzali MTV dinamikaren baitan. Nork bere ideologiari eutsita, elkarrekin hazteko, antolatzeko eta eskura duten oro zaintzeko batu dira. Barrura begirako bilera dezente egin dute, joan den udaz geroztik. Beren nahia agertu dute: mugituko den Bilbo nahi dute. Kanpainaren helburuak bi dira: batetik, inposatzen ari zaizkigun hiri eredu honi aurka egitea, eta, bestetik,  oraindik ere egon badagoen eta mugitu egiten den hiri plural hori goraipatzea.  Izan ere, metropolia ez dago geldirik, eta inor ez da neutrala martxan dagoen hiri batean.

Kirola eta kultura Bilbon: nork, non, nola, zertarako...?

Basque Country-Euskadi turismo marka
l European Rugby Challenge Cup (maiatzaren 11n eta 12an).
l The world's 50 best restaurants awards (ekainaren 19an).
l BBK Live jaialdia (uztailaren 12tik 14ra).
l Red Bull jauzi txapelketa (irailaren 20an).
l MTV European Awards (azaroaren 4an).
l Eurokopa 2020.

Auzoak dira gure harrobia
l 7 katu gaztetxea (Alde Zaharra): gitarra, pandero nahiz nekazaritza ekologikoari buruzko tailerrak, zinema...
l Ekoetxea (Alde Zaharra): Okupazio bulegoa.
l Zirika! herri gunea (Alde Zaharra): hitzaldiak, dokumentalak, mahai-inguruak, liburutegia...
l Hika Ateneoa (Atxuri):  kontzertuak, erakusketak, musika...
l DDT (Bilbo Zaharra): liburuak, fanzineak, biniloak, CDak...
l Izar Beltz Ateneoa (Bilbo Zaharra): kafeta (solasaldiak).
l Kultur Etxea (Bilbo Zaharra): txalaparta, boxeoa, yoga, tailerrak...
l Xake espazioa (Bilbo Zaharra): hitzaldiak, umeentzako jolasak eta tailerrak...
l Deustuko gazte lokala (Deustu): Saniko barazki eta produktuen merkatua.
l Oihu K (Errekalde): emakume, lesbiana eta transexualentzako gune autogestionatua.
l Etxarri II gaztetxea (Errekalde).
l Errondoko auzo etxea (San Inazio): boxeoa, gorputza esnatzeko tailerra, mintzapraktika, bizikleta tailerra, xake eskola...
l Karmela (Santutxu): tai ji, zirkua, alboka, panderoa, dantza latinoak nahiz fusio tribala, serigrafia, euskara, rokodromoa...
l Zorrotzako gaztetxea (Zorrotza): kontzertuak, argazkilaritza tailerra...
Iturria: Lubaki agenda “alternatiboa”

Piztu Bilbo, itzali MTV dinamikak autogestioa goraipatzen du. Edozelan ere, Bilboko kirol eta kultur eskaintza herrikoia osatzeko, aipatu ekintzei auzoz auzo egiten diren beste batzuk erantsi beharko litzaizkieke. Izan ere, auzo elkarteek zeresana dute Bizkaiko hiriburuan.