“Urte asko joan dira ni hasi nintzenetik, baina gauzak ez dira aldatu”

lacarra

Lucia Lacarrak (Zumaia, 1975) 3 urterekin esaten zuen dantzaria izango zela, 9rekin eman zuen izena herriko akademia ireki berrian, eta Donostian jarraitu zuen gero. Bekei esker, 14 urterekin Madrilen zen, Victor Ullateren eskolan. 15ekin debutatu zuen haren konpainian, baina 19 urterekin lehen dantzaria zen Marseillako Ballet Nazionalean. Ondoren, San Frantziskon eta Munichen ere bai. 2010ean, hamarkadako dantzari onenaren saria jaso zuen. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Sari horrek munduko dantzaririk onena zarela esan nahi du?
Sariek gauza asko esaten dute, baina nik ez ditut inoiz horrela hartu. Asko jaso ditut, baina ezin dira alderatu, ezin dira bi dantzari konparatu. Denok gara ezberdinak; garrantzitsuena da zu zeu izatea, buruarekin, gorputzarekin eta bihotzarekin lan egitea. Beti izango zara bakarra, ezin duzu zeure burua beste batzuekin alderatu; bestela, dantzari bakar bat ikusi nahiko luke beti jendeak. Sariek poz handia eman didate beti, gogo handiagoa lanerako, baina ez ditut hartu onena naizela pentsatzen. Epaimahaiaren ustez, saria jaso duena da onena, baina niretzat lan gehiago egiteko motibazioa izan dira.
Esan izan duzu kanpora joan behar dela etxean norberaren lana onar dadin. Horregatik joan zinen?
Ez. Beti izan dut oso argi zein zen nire bidea, neure buruari eta neure lanari buruz ikasteko joan nintzen, eta ez gelditzeko zalantza buruan bueltaka nuela. Argi nuen leku batean erabat alai ez banengoen, beste nonbaitera jo behar nuela. Oso pozik nengoen Madrilen, Victor Ullateren konpainian, baina une batean zalantzak eta galderak sortzen hasi zitzaizkidan, eta erabaki nuen onena zela kanpora joatea. Askoz gehiago ikasten da alde egin eta esperientzia biziz, norberaren lekuan zalantzaz eta penaz geldituta baino. Ondo atera ez arren, beti ikasten da zerbait. Nik lan ezberdinak egiteko beharra nuen, gauza ezberdinak ezagutzeko, jende ezberdinarekin jarduteko... Pertsona eta dantzari moduan hobetzeko, esperimentatu egin behar nuen. Horrexegatik ibili naiz batetik bestera.
Eta horrek ekarri du zure lana etxean aitortua izatea...
Etxean aitorpen handiagoa jasotzen duzu kanpoan arrakasta lortzen baduzu, baina nik beti sentitu izan dut jendearen maitasuna. Zumaiako jendeak asko jarraitzen nau, hemengoa naiz, hazten ikusi naute. Maitasun hori guztia oso garrantzitsua izan da, baina espero gabe etorri zait. Ez naiz dantzari bihurtu arrakasta edukitzeagatik edo onartua izateagatik. Nik nire bizitza taula gainean dantzan eman nahi nuen, baita atzeko ilarako azkena izan behar banuen ere. Beraz, etorri den guztia oparia izan da, zoriontasun handiz hartu dut, baina ez nengoen horren zain. 
Hainbat konpainiatan dantzari nagusia izan arren, azken urteotan zeure kabuz  ibili zara. Zergatik?
Dantzari batentzat oso ona da konpainia batean egotea. Munichen 14 urte egin nituen, eta oso pozik nengoen zuzendariarekin, baina erretiratu egin zen, eta beste bat etorri zen. Ez nuen harekin lan egin nahi, beraz, konpainia uzteko eta neure kasa jarduteko unea iritsi zela pentsatu nuen. Badakit nola egin lan nire gorputzarekin, eta, umea edukita, ez nuen beti kanpoan egon nahi. Dortmundeko gonbidatu iraunkor bihurtu nintzen, eta lan piloa egin dut munduan zehar. Gainera, duela bi urtetik nekien Victor Ullate Balletaren zuzendaritza hartuko nuela, eta bidea prestatu behar nuen etxera itzultzeko.
Kanpoan urte askoan ibili arren, ez zaizu euskara ahaztu...
Ez, eta, egia esan, ez dut askorik hitz egin. Hori bai, etortzen naizenean beti hitz egiten dut euskaraz lobekin, eta alabari ere euskara hutsean hitz egiten diot. Nire hizkuntza da, eta harro nago zumaiarra izateaz. Ederra da horrelako tradizio bat edukitzea, maitatzea eta zaintzea. Ez dakit non biziko den alaba; datorren urtean, Madrilen jarriko gara bizitzen, eta bertan joango da eskolara, orain Zumaian egon arren. Halere, nik euskaraz hitz egiten badiot, jakingo du. Hizkuntzak oso gauza garrantzitsuak dira, sekulako askatasuna ematen dizute munduan zehar ibiltzeko.
Irailetik aurrera, Madrilgo Victor Ullate Balletaren zuzendari artistikoa izango zara...
Ohore handia da niretzat, eta berezia, nire lehen konpainia izan zelako; hantxe jaio nintzen dantzari moduan. Victorrek esan zidan konpainia itxiko zuela, nik hartu ezean. Berak uste du nik baditudala lanarekiko beharrezko pasioa eta maitasuna, buruaz eta eskarmentuaz aparte. Sentitzen dut egin dudan bide osoak lan hau hartzeko prestatu nauela: bost konpainia ezagutu ditut, haien barruan nola egiten den lan ikusi dut... badakit gauzak nola egin behar diren. Victorrek badaki norberaren esperientziak besteek esaten dizutenak baino gehiago balio duela, badaki nola ditudan burua eta bihotza lan honetan. Gozatu egiten dut, baina, batez ere, maite dut lan hau. Momentu egokian iritsi naiz, etapak egoten baitira: hasieran, gora heltzea duzu helburu; iristen zarenean, disfrutatu egiten duzu; eta, orain, dantzan jarraitu nahi dut, oso ondo sentitzen naizelako eta poza ematen didalako. Baina jendeari laguntzeko gogoa ere badut, baita dantzaren egungo egoerari ere, apur bat bada ere. Izan ere, denak kexatzen dira, baina inork ez du ezer egiten, indibidualismo handia dago mundu honetan.
Zertan datza zuzendari artistikoren lana?
Taula gainean gertatuko den guztia zuzentzean. Neuk izango dut azken hitza, eta horrek izugarrizko indarra eta askatasuna ematen dizkit gauzak egiteko. Neuk erabakiko ditut koreografiak, proiektuak, dantzariak... Orain arteko errepertorioari eutsi nahi diot,  Victorrek konpainia ezerezetik sortu zuelako eta horixe delako konpainiaren arima; aldi berean, baina, bestelako gauzak sartu nahi ditut: koreografia berriak, beste estilo batzuk... Niretzat beti izan da garrantzitsua gauza ezberdinak egitea, asko ikasten duzulako zeure buruari eta gorputzari buruz. Halaber, saiatu nahi dut ateak eta buruak irekitzen, eta konpainia atzerrira eramaten. Proiektu asko dauzkat Dortmundeko konpainiarekin batera egiteko, han ere jarraituko baitut, garrantzitsua delako Madrilgo konpainiarako. Oso harreman ona daukat hango zuzendariarekin, eta asmoa da elkarlanean aritzea proiektu zehatzak egiteko.
Orain, Zumaiako ume batek balleta ikasi nahi badu, zuk baino aukera gehiago du?
Pena itzela ematen dit esateak, baina ez, pauso berdinak egin beharko ditu. Hemendik hurbilena Biarritzeko Malandain Balleta da, baina konpainia garaikidea da, eta, hasieran, hobe da beste gauza batzuk egitea. Urte asko joan dira ni hasi nintzenetik, baina gauzak ez dira aldatu.
Zer behar da?
Dena. Hasieratik hasi behar da, eta inork ez dauka gogorik. Pertsona bakar batek ezin du lan hori egin, denok elkarrekin egin beharko genuke (elkarteek, eskolek, erakundeek...). Lanean hasi eta jarraitzeko prest dagoen jendea behar da. Askotan sortzen dira proiektuak, baina egiten dira eta akabo! Konpainia bat osatzeko, ez da pentsatu behar nola hasi eta zer egingo dugun datorren urtean, baizik eta zer egingo dugun hurrengo 20 urtean, indarra hartzeko urteak behar direlako. Hortaz, prest egon behar duzu 20 urtean programatzeko, zerbait egingo dela eta laguntzak urtero izango direla ziurtatzeko. Egundoko aldaketa beharko litzateke. Arazoa da balletak ez duela mozkin handirik ematen, eta orain horri bakarrik begiratzen zaio. Nik beti esaten dut kultura, arlo guztietan, baita dantzan ere, arimarako janaria dela: jendea aldatu egiten du, poza ematen dio, arnasa hartzeko une bat... Haatik, zenbakiei baino ez zaie erreparatzen.
Erokeria litzateke kanpoan dabiltzan dantzariekin konpainia bat osatzea hemen?
Erokeria ez, ideia zoragarria. Euskal dantzariok oso fama ona dugu munduan, indarra dugulako, eta zuzenak eta langileak garelako. Asko daude eta postu onak dituzte. Askok nahiko lukete hemen lan egin, baina segurtasuna eman behar zaie, oso konpainia onetan eta lan baldintza egokiekin daudelako. Ezin diezu esan etortzeko, kontua nola doan ikustera. Inor ez da etorriko horrela. Lana edukitzea ez da erraza, gure munduan are gutxiago, eta ez duzu zerbait ona uzten, herrira itzuli nahi izan arren, segurtasuna izan ezean. Beraz, lehenengo zerbait egin behar da, eta gero, zerbait ona sortzen denean, etorriko dira. Ezin da haien izena erabili zerbait hasteko bakarrik.

KOLKOTIK  
Badakizu aurreskua dantzatzen?
Ez, baina bost minutuan ikasiko nuke. Askotan dantzatu didate, ia-ia ikasi dut begira.
Zer eman dizu dantzak?
Bizitza, zerbait kontatzeko dudan modurik onena dantza egitea da.
Eta zeuk zer eman diozu?
Neure burua, arima, gorputza... guztia. Dantzaren munduan puntu txiki bat utzi badut, lorpen handia da.
Miresten duzun ballet dantzari emakume bat?
Gorputzarengatik, eta bere ibilbidea adimen handiz egin zuelako, Sylvie Guillem.
Eta gizonezkoa?
Victor Ullate. Batez ere, dantza egiteko ezer ez zuen gizon bat izanik, pasioz, indarrez eta motibazioz egin duelako bidea. Oso eredu ona niretzat.
Dantzarako bikotekiderik gustukoena?
Bi izan ditut urte luzez: Cyril Pierre eta Marlon Dino. Aspaldian, askotan dantzatu izan dut Josue Ullaterekin... Bakoitzarekin zerbait berezia aurkitu dut.
Jaso duzun saririk estimatuena?
Lehena, Nijinsky saria, oso garrantzitsua izan zen; Benois de la Dance ere bai... Baina Zumaiako domina eman zidatenean nire jendearen aurrean... Denak dira esanguratsuak oso.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Neure burua zuzentzeko era da. Irakasle moduko bat da, zer gustatzen zaidan eta zer ez esaten didana.
Zertan ikusten duzu zure burua 20 urte barru?
Ufa! Ziur aski, dantzaren munduari lotuta.
Mundu osoa ezagutzen duzu... Bizitzeko leku bat?
Leku askotan bizi daiteke oso ondo. Zumaia da bat, asko gustatzen zait, deskonektatu egiten dudalako. Herrian, Lucia naiz, bertan jaioa.
Hemengo zeren falta nabaritzen duzu atzerrian zaudenean?
Familiarena.
Zumaiako jairik gustukoena?
Santelmoak!
Zeri diozu beldurra?
Ez diot uzten nire buruari beldurrez bizitzen. Ez du ezertan laguntzen, blokeatu baino ez zaitu egiten.
Zerk ematen dizu amorrua?
Gezurrak.
Eta lotsa?
Ez naiz pertsona lotsatia. Irekia naiz, baina euskalduna, kar-kar!
Bi hitzetan, nolakoa da Lucia Lacarra?
Pertsona normal-normala, izugarrizko zortea izan duena, dantzarako talentua eta beti nahi izan duen lana ondo egiteko aukera izan dituelako.