‘Soinujolearen semea’ pelikula filmatzen hasi dira

atxaga

Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberria pantaila handira eramango dute. Dagoeneko hasi dira grabazio lanak, Fernando Bernuesen zuzendaritzapean. Hain zuzen, berak zuzendu zuen eleberriaren antzerkirako egokitzapena, 2012an. Patxo Telleriak moldatu du gidoia, eta aktore talde ezagunak parte hartuko du: Aitor Beltran, Iñaki Rikarte, Cristian Merchan, Bingen Elortza, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Frida Palsson, Miren Arrieta, Laia Bernues eta Eneko Sagardoy. Frankismoaren azken urteetan ETAko militante izandako txikitako bi lagunen, David eta Josebaren, arteko harremana du oinarri filmak: hilzorian da David, eta Josebaren bisita jasotzean iragana ekarriko dute gogora biek. Abra Produkzioak eta Tentazioak etxeek ekoitzia, Gipuzkoan eta Nafarroan filmatuko dute nagusiki, zazpi bat astez.


zinemaldiaZINEMALDIA sortu zenetik bildutako funts dokumentala katalogatuta eta atonduta, artxibo “bizia” osatuko du Donostiako Zinemaldiak, adituen eta herritarren eskura jartzeko. Aurten, 66. aldia izango du Zinemaldiak, eta ia zazpi hamarkadatan dokumentu ugari pilatu ditu: artikuluak, argazkiak, kritikak, ikus-entzunezko materiala... Horiek guztiak Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Ubik liburutegira eramango dituzte, eta ikertzaile talde batek aztertu eta katalogatuko ditu. Behin lan hori amaituta, Euskadiko Filmategiak jasoko du artxibategia. Zinemaldia 70. Istorio posible guztiak izena du egitasmoak. Izan ere, proiektuaren lehen fasea 70. Zinemaldian, 2022. urtean, amaitu nahi dute. Urte horretan, erakusketa berezia egingo dute Tabakaleran. Nolanahi ere, egitasmoa ez da hor amaituko, artxiboa elikatzen eta osatzen jarraituko baitute. Artxiboa osatzeko lanean, elkarlanean ariko dira Zinemaldia, Tabakalera, Elias Kerejeta Zinema Eskola eta Euskadiko Filmategia.

 

 

 

 

LABURREAN

XIII. KALDEARTE Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdia ekainaren 8tik 10era izango da. Hiru egunez, Gasteizko hainbat txokotan, nazioarteko zein bertoko 38 konpainiaren 70 lan ikusi ahal izango dira. Euskal taldeak, orotara, 19 izango dira, horietarik 9 Gasteiz bertakoak. Besteak beste, Haatik dantza konpainiaren Lau eme, Mysterieuses Coiffures-en Xori-gizonaren elezaharra, Hika Teatroa&Oinkarri dantza taldearen Sagartu, Ertzaren Meeting point eta Amaia Elizaranen Block ikusi ahal izango dira.

EKAINAREN 3an eskainiko dute, Hiriburun (Lapurdi), Andere serora Hiriburun pastorala. Hiriburuko 800 urteko historia jasotzen du obrak. Guillaume Irigoienek eta Patxi Iriartek idatzia, 130 lagun inguruk hartuko dute parte pastoralean. Molde tradizionalekoa izanen da, baina ez dute zubereraz egingo, lapurteraz eta behe-nafarreraz baizik. Ekaineko estreinaldiaren ostean, irailaren 16an beste emanaldi bat eskainiko dute.

JOKOZ KANPO 9.0 jaialdiari esker, Pinpulka elkarteak antolatua, orotariko diziplinak ikusi ahal izango dira. Ezpeletako kaleetan, ekainaren 2ko arratsaldean: antzerkia, dantza, musika, kluna... 16:30etik aurrera, 13 emanaldi eskainiko dituzte. Aretoko emanaldi bat ere izanen da: ArteDrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Axut! antzerki taldeen Zazpi senideko, hain justu. Egitarau osoa Pinpulkaren webgunean (www.pinpulka.eu) paratu dute.