Guda Dantza, argi bideak erakusten

GUDADANTZA

Argibideak (Baga-Biga) izena jarri dio Guda Dantza taldeak bere hirugarren diskoari. Hamaika abestiko lana osatzeko, taldekideek aurretik jorratu gabeko estiloren bat ere landu dute, ukitu elektronikoak sartuta, adibidez, Urtzi Izaren laguntzaz. Dena den, ohikoa duten ska hartu dute oinarri, baina entzun daitezke, halaber, cumbia, elektronika, punka edota rapa.  Bestalde, lau kolaborazio izan dituzte ahotsetan disko hau egiteko: Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarri), Iker Villa (Revolta Permanent), Sorkun eta Luisillo Kalandraka (Vendetta). Argibideak izenburuak zein abestien hitzek erreferentzia egiten diete, alde batetik, “sistemak ezartzen dizkigun jarraibideei”; baina, bestetik, horiei argi bideak ere kontrajarri nahi dizkiete. Aurkezpen bira irailera arte luzatuko da, eta leku hauetan joko dute, besteak beste: ekainaren 10ean, Algortan; 22an, Barrikan; Gasteizen, uztailaren 14an; Zornotzan, 17an; eta Ainhoan, abuztuaren 18an.


ezineanEZINEAN taldeak modu berezia aurkitu du bere musika ibilbidea amaitzeko. Taldekideek era naturalean utzi diote beren jardunari azken bi urteotan, baina isilik desagertu beharrean, disko labur bat grabatu dute taldeari berari eta jarraitzaileei agur esateko: Betirarte EZINEAN. Lan honek bost kantu eta taldearen ibilbide osoko irudiz osatutako bideoa izango ditu, eta pixkanaka ari dira argitara ematen taldearen webgunean. Prozesu osoa amaitzen dutenean, abestiak mp3 formatuan utziko dituzte, nahi duenak deskarga ditzan. Talde gipuzkoarra 2001ean hasi zen jotzen, eta hiru disko argitaratu ditu: Ezinean (Gor, 2006), Zuretzat (Gor, 2008) eta Berriz (Oihuka, 2014). Iban Amenabarrek, Oihan Lizasok, Oier Eceizak eta Oihan Amezuak osatu dute taldea.

 

 

 

 

kobanKOBAN
Koban
Autoekoizpena, 2018

Hamaika kantu bildu ditu talde donostiarrak bere lehenengo diskoan, eta crowdfunding bidez bildutako diruari esker kaleratu. Trikitia, musika elektronikoa eta swing estiloak uztartu dituzte, delta bluesa, jazz manouchea edota trip-hoparekin nahasita, guztiak ere entzuleak dantzara bultzatzeko asmoz. Lau dira taldearen zutarriak: elektronikoa, Joseba Salbideren ardurapean; instrumentala, gitarraren, pianoaren eta trikitiaren arteko jolasa; bost emakumez osatutako ahots atala; eta kritika soziala gai nagusi duten hitz gordin zein metaforikoak.

zintzilikZINTZILIK
Olatz Salvador
Airaka, 2018

Donostiarraren bakarkako estudioko lehen lana bederatzi abestiz osatua dator. Proiektu honekin orain arte zapaldutako oholtzetan bera bakarrik ibili bada ere, gitarraren laguntza soilaz, lan honekin pauso bat harago joan da, Julen Idigorasekin eta Borja Antonekin elkarlanean, bestelako atmosferei bide emateko. Gerora, Jagoba Salvador ere batu zaie, konposizio lanetan, eta baxuak sartu ditu. Indie-pop estiloko abestien hitzak Olatz Salvadorrenak berarenak izan arren, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien lana ere nabarmendu da abestiren batean.