Isilik eta itzalpean gordetakoak

ilustratu

Bi eleberri kaleratu ditu denbora laburrean Maixa Zugastik (Tolosa, 1973). Aurrenak, L.A.A. (Algaida, 2018) Irun Hiriko Literatura saria irabazi zuen 2017an, eta emakumeen kontrako tratu txarren ingurukoa da. Bigarrena, berriz, Erein argitaletxearekin kaleratu du: Ahotsak eta itzalak. Muga, erbestea, heriotza, maitasuna, adiskidetasuna, oroimenaren hutsuneak berreskuratzea... dira eleberriko gaiak: Espainiako gerra zibilaren atarian bi seme txiki hartu eta erbestera alde egiten du gizonezko batek, emaztea eta alaba txikia atzean utzita. Haur horietako batek, Luisek, ahalegin handiak egin beharko ditu, haurtzaroko helduen mundu ezkutua ezagutu ondoren, bere eleberria idazteko. Zugasti duela 18 urte hasi zen nobela hau idazten, baina badago mugarri bat prozesuan, Jose Miguel Barandiaranek Iparraldean jasotako erbesteratuen 136 testigantzak irakurri zituenean. Idazlearen esanetan, “oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen liburua idazteko”.


ilusKEINU KONPLIZEAK (Susa) liburua kaleratu du Karlos Cid Abasolo madrildarrak, orain arte literaturarekin izan duen lotura itzulpengintzara mugatu bada ere. Guztira 53 poema dira, lau ataletan banatuta, jolas eta ironiaz beteak. Irudimenaz gain, egileak bizi izan dituenak, irakurri dituenak eta ikusi dituenak, zinea barne, daude liburuan. Ez da poesia hutsa, testuek narratiba ukitua ere badutelako. Idazleak berak mikro kontakizunak ikusten ditu poema askotan, “ipuinak balira bezala irakurtzeko modukoak”; beraz, poesia irakurtzen trebatua ez den irakurlearentzat ere egokiak izan daitezke. Bi helburu izan ditu egileak. Bata, ludikoa, irakurleak atseginez irakurri eta, poema bat bukatu ostean, hurrengoa irakurtzeko gogoa edukitzea. Bestea, irakurlea hausnarketara bultzatzea.

 

 

 

 

azeriAZERI-DANTZA
Mila Salterain
Txalaparta, 2017

XV. eta XVI. mendeetan Nafarroako erresuma astindu zuten gertakizun historikoek kolpatutako pertsonaiek osatzen dute nobela honen ardatza. Idazleak Erdi Arora eramango gaitu, Inkisizioak jazarri eta erre zituen Durangoko ustezko heretikoen ibilera eta urratsen atzetik. Murgilaldi irudimentsua, dokumentatua eta jakingaiz betea da kontakizun hau, eta munta handiko gertakari historikoak pertsona xumeen eguneroko kezka, beldur eta ametsekin txirikordatzen ditu.

zubigileakZUBIGILEAK
Alfonso Zapico
Itzultzailea: Bego Montorio
Astiberri, 2018

2016ko neguaren lehen egunean, Eduardo Madina politikari sozialista eta Fermin Muguruza musikaria Irunen elkartu ziren, Jot Down magazinerako elkarrizketa bat egiteko. Solasean aritu ziren kafe baten aurrean, Alfonso Zapico marrazkigileak une haren potreta koadernoan jasotzen zuen bitartean. Zirriborro haiek izan ziren album honen hazia. Euskal gazteriaren zenbait belaunaldiren narrazioa da liburua, zuri beltzean marraztu beharreko historia.