Azala erre

azalaDanele Sarriugarte
Elkar, 2018

Danele Sarriugarteren idazkerak badu bereizgarri bat, nik neuk bihotzez estimatzen dudana literaturan, oro har; are gehiago euskal literaturan: askatasuna; askatasuna forman, askatasuna edukian. Polito erakutsi zuen bere lehenengo liburuan (Erraiak) zer den inolako katek (ez linguistikok ez psikologikok) estututa egon barik idaztea, kontatzea; bada, ederki jarraitu dio molde horri Azala erre honetan.
Azala ez ezik, burua eta bihotza ere Mirenek erreko ditu. Argazkilari gazte ospetsua (edo) da. Gaur egungoa bera, modernotasun teknologiko eta digital guztien (gehienbat sare sozialen) jarraitzailea, hain zuzen beraren moduko jarraitzaileen bilatzaile etengabea. Idazlea ez bezala, kateatuta bizi da Miren, denen mirespena (maitasuna, finean) erdietsi beharrak harrapatuta; besteen iritzien, iruzkinen… beldur, ezezagunen esklabo hutsa bilakatu da. Kateatuta, halaber, urte batzuk lehenago amodiozkoa izan zitekeen baina izan ez zen istorio batera, gizon haren irudipenera, egun beste inor ez egoteak (ene uste apalean) eragiten dizkion flashbacketara. 
Horiexek topatuko ditu irakurleak liburu honetan, Mirenekin (ia beti) batera atzera-aurrera ibiliko baita Donostia eta Bartzelona artean, bizitzaren norabidea lauso samar dagoenean nor zaren gogoratzeko ariketan, askatasuna berreskuratzeko zure buruarekin lehian.
Usoa Alberdi Fernández