Xuxen berritua erabiltzeko prest da

xuxen

Gaurkotuta eta berrituta, dagoeneko erabiltzeko moduan dago Xuxen 5.1 euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala. Elhuyarrek eta EHUko Ixa ikerketa taldeak elkarlanaren garatua, Xuxen 5 kaleratu zutenetik izandako aldaketak gehitu dizkiote bertsio berriari. Hartara, Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyarren hiztegietako azken aldaketak erantsi dizkiote. Horrez gain, Microsoft Office ofimatika sorta berrira ere egokitu dutenez, Word 2016rekin bateragarria da. Ordenagailuko programarik berrienekin ere erabil daiteke. Ohi den moduan, akats ortografikoak, akats gramatikalak eta Euskaltzaindiaren hobespenekin bat ez datozen hitzak adierazten ditu Xuxen 5.1ek. Worden ez ezik, mezu elektronikoetan, Interneteko foroetan eta blogetan idaztean ere balia daiteke, bai ordenagailuan instalatuta bai online. Doakoa da, eta xuxen.eus webgunean eskura daiteke.


lansareanLANSAREAN euskarazko lan ataria sakelakoan ere erabilgarri dago. Lan esparruan euskararen erabilera sustatzeko asmoz sortu zuen Bai Euskarari Ziurtagiriak, eta orain aplikazioa jarri du abian. Hala, baliabide gehiago ipiniko dituzte lan ibilbidea euskaraz egin nahi dutenen eskura. Atariaren antzera, lana euskaraz bilatzeko edota eskaintzeko aukera ematen du aplikazioak. Izan ere, atariak lan eskaintzak biltzen ditu, baina aplikazioak beste zenbait aukera ere baditu: jakinarazpenak programatu, eskaintzak ordenatu... Orientabide zerbitzua ere eskaintzen du, bai eta prestakuntzaren agendaren berri ematen ere. Aplikazioa doakoa da, eta Google Play eta App Store-n dago eskuragai.

 

 

LABURREAN

PUNTUEUS Fundazioak sakelakoak euskaraz ipin daitezkeen ala ez jakiteko tresna aurkeztu zuen, iragan maiatzaren 17an, Euskarazko Internet Egunean. Gailuak euskaraz konfiguratzea xede duen Lehen Hitza Euskaraz ekimenaren barruan garatu dute, eta LehenHitza aplikazioak jasotzen dituen datuetan oinarritzen da. Hala, sakelakoan lehenhitza.eus/mugikorrak helbidera jota jakin daiteke zein modelo konfigura daitekeen euskaraz. Hori jakiteko, LehenHitza aplikazioa duten gailuen informazioa jasotzen du. Horrenbestez, erabiltzaileak nahikoa du aplikazioa instalatzea, datu bilketa automatikoan laguntzeko.


bertsomovieBERTSOA ETA IRUDIA uztartzen dituen Bertsomovieda 2018 lehiaketako sariak banatu dituzte. Helduen kategorian, Portugaleteko Marruka proiektu komunikatibo herrikoiaren Emakume meatzariak lanak eskuratu du, publikoaren sariarekin batera. Maila berean, Txakur Gorria sormen taldearen Dastatu lanak aipamen berezia jaso du, baita bertsorik onenarena ere. Gazteen kategorian, Lesakako Bertso Eskolako gazteen Berdin eskubideetan izan da garaile; eta June Agirrebaltzategi, Itsaso Etxaburu eta Maialen Vicenteren Zertarako ezkutatu? lanak aipamen berezia izan du. Guztiak www.bertsomovieda.com gunean daude ikusgai.