Robota al zara?

Gaur egun, erregistratzeko galdetegiak eta halakoak betetzean, webgune askok robotak ote garen egiaztatzeko metodoak baliatzen dituzte, segurtasun arrazoiak tarteko. Bada, ikusiak ikusita, laster horixe bera galdetu beharko dugu guk ere, telefonoa hartu eta ezezagun batek hitz egiten digunean.
Aurrekoan, Google I/O jardunaldia izan zen. Hortxe erakusten du Googlek, urtero, hurrengo aste eta hiletan zer berrikuntza iritsiko diren bere produktuetara, besteak beste, gutako askok beti aldean daramagun Android telefonora. Gauza asko esan zituzten, eta potoloak, baina batek begiak talo utzi ninduen: Google Duplex izena jarri diote asmakizunari.
Demagun ile apaindegira joan nahi duzula, bihar goizean. Orain arte, Googleren laguntzaile birtualak ile apaindegia non dagoen eta, zorte apur batekin, zer ordutegi duen ere esan zezakeen. Bada, Duplex funtzio berriari esker, telefonoak berak deituko du hitzordua eskatzeko, eta, nahi duzun orduan ezinezkoa izanez gero, berak negoziatuko du hitzordua estilistarekin, zure egutegiko tarte hutsak kontuan izanda.
Ahots erabat naturalarekin egingo du, eta hizketaldian ‘zera’ eta antzeko makuluak erabiliko ditu, solasaldia naturalago egiteko; gainera, telefonoa hartzen duenak hizkuntzarekin arazoak baldin baditu, pentsa zein lagungarria. Horrek aukera zoragarriak ekarriko ditu, besteren artean ahoz komunikatzeko arazo fisiologikoak dituzten lagunentzat... edo atzerrira joaten garenean eta hango hizkuntza ezagutzen ez dugunean... alde horretatik, oso interesgarria da, zalantzarik gabe.
Alabaina, beste alde batetik, beldurrak eta mesfidantzak ere azkar hedatu dira: etikoa da giza solaskideak ez jakitea makina batekin hitz egiten ari dela? Areagotuko du sistema honek gaur egun dagoeneko enpresa handien arreta zerbitzuetan giza bitartekariak aurkitzeko zailtasuna? Edozein ahots imita badezakete... nola ziurtatu sistema hauek ez direla erabiliko iruzur egiteko? Ufa, gero eta lausoagoa da gauza hauek eragiten dituzten liluraren eta beldurraren arteko muga, e?