Lehen hamaikakoa, prest

euskaraldia

Hauek dira lehen hamaikakoko kideak: Mikel Arrasate, Arianne Unamuno,
Zuriñe Gil, Alex Txikon, Dani Alvarez, Pedro Miguel Etxenike,
Toti Martinez de Lezea, Eneko Sagardoy, La Basu, Aretz Igiñiz eta Cris Lizarraga.

Euskaraldiak badu lehen hamaikakoa. Partida azaroaren 23tik abenduaren 3ra jokatuko da, Euskal Herri osoan, eta dagoeneko hasiak dira entrenamenduak bazter askotan. Lehen hamaikako kideak, denak ere ezagun eta erreferentzialak, hasi dira luzaketak egiten, hitzordua ailegatzen denerako ahobizi eta belarriprest izateko prestatzen. Hala azaldu dute Euskaraldiaren lehen hamaikakoa osatzen duten pertsonek; Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenenaren enbaxadore izango dira, eta haren berri emango diete inguruko kideei. Horrez gain, jakina, Euskaraldia abiatutakoan, ahobizi edota belarriprest izango dira. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera hazteko ariketa soziala izango da Euskaraldia, ez euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina. Bada, lehen hamaikakoak jada zabaldu du herritarren partaidetza aktibatzeko deia: ekimenean parte hartu nahi dutenek ere hamaikakoak osatu beharko dituzte. Beraz, hasi berotze ariketak egiten, partida luzea izango da eta. Euskarak ez du jokoz kanpo geratu behar.