Kultura

kulturaz

Guk gEUre Kulturaz II. Topaketak, hausnarketatik ekintza zehatzagoen xerka

Euskal kulturak bizi duen egoera larriak kezkatuta eta egoera horri irtenbideak emateko asmoz, kultur ekosistemako eragile ugari bildu ziren iragan otsailaren 27an Durangon, Guk gEUre Kulturaz izeneko topaketan. Orduan, esparru anitzetako 130 eragile inguru (sortzaileak, antolatzaileak, hartzaileak, kazetariak, hezkuntzako eragileak...) izan ziren Durangon, eta hainbat gogoeta eta ekarpen landu zituzten. Otsailean hasitako bideari jarraipena emateko, Guk gEUre Kulturaz II. Topaketak egingo dituzte ekainaren 12an, Durangon berriz ere, lehen bilkuran jasotako proposamenak aztertu eta parte-hartzaile guztien artean konponbideak adosteko. Horiek horrela, euskal kultur sistema osasuntsu eta sendoagoaren aldeko Premiazko Neurrien Egitasmoa zehaztea izango dute helburu, ondoren euskal erakunde publikoei aurkeztu ahal izateko. Ekaineko topaketan parte hartzeko deia zabalik da jada, eta, lehen aldian bezalaxe, euskal kulturaren parte den eta interesa duen orori irekita dago. Otsaileko deialdian jorratutako gaiak izango dituzte hizpide, hala nola sortzaileek jendartean duten garrantzia aitortzeko bideak bilatzea; sorkuntza eta euskal kultura hezkuntzaren bidez lantzeko moduak bermatzea; komunikabideek kulturari eskainitako tartea handitzeko aukerak jorratzea; finantzazio arazoak konpontzea; kulturaren kontsumoa sustatzeko zer egin daitekeen aztertzea eta abar. Horiek guztiak taldeka hausnartuko dituzte goizean, eta arratsaldean ekintza zehatzak adosten saiatuko dira. HorienĀ  berri izateko edota parte hartzeko moduak ezagutzeko, http://geuk14.wordpress.com/ gunera jo daiteke.