Gizartea

farolaKale-argiak, zarataren zaindari

Gauetan tabernetako terrazetan jendeak sortzen duen zarata saihesteko, irtenbide bitxia abiarazi dute Sant Cugat del Vallés (Katalunia) herrian: kale-argiek soinua neurtuko dute, eta, horren arabera, argi gehiago edo gutxiago emango. Bartzelona plazako kale-argiekin egingo dute proba, oraingoz. Hogeita lau kale-argi daude plazan, eta lauri sentsore adimendunak ipini dizkiete. Sentsoreek kaleko soinua neurtzen dute. Udal ordenantzek ezarritako dezibel kopurua gaindituz gero, farolen argitasuna % 80 apalduko da, minutu batez. Gainera, dirdira egingo dute, terrazetako jendea ohartarazteko, bai gehiegizko harrabotsa neurtuko duen farolak bai ingurukoek. Aurrera begira, beste funtzio bat gehituko diete farolei: zarata sortzen ari den tabernako jabeari ohartarazpena bidaliko diote. Hala, jabeak une horretan bertan esan ahal izango die bezeroei baxuago hitz egiteko. Egitasmo pilotua izanik, oraingoz plaza bakarrean izango da martxan. Bezero, tabernari eta bizilagunen arteko elkarbizitza hobetzeko balio badu, herriko leku gehiagotara zabalduko dute.