Bitxikeria

piratakPiraten jostailuzko ontziak mugarik ez

Eskozian itsasoratu eta, urtebeteren buruan, Guyanako uretan (Hego Amerikan) agertu. Bidaia harrigarri hori egin du Playmobil jostailu marka ezaguneko itsasontzi pirata batek. Eskoziako bi mutikok, zortzi eta bost urteko Ollie eta Harry Ferguson anaiek, askatu zuten, duela urtebete, Peterhead herrian, Ipar itsasoan. Gurasoen laguntzarekin, egokitzapen batzuk egin zizkioten ontziari, hobeto flota zezan. GPS transmisore bat ere erantsi zioten, une oro non dabilen jakiteko. Baita mezu bat ere, jendearen laguntza eskatzeko: “Ontzia topatzen baduzu, utzi berriro uretan, mesedez”. Bada, piraten abentura ez da amaitu. Urtebete ostean, Guyana parean ikusi dute, Bahametaranzko bidean. Bide luzean, jostailuzko piratek ez dute laguntza faltarik izan. Eskoziatik Danimarkara iritsi zen; han, familia batek aurkitu eta berriz uretaratu zuen. Danimarkatik Suediara, eta Suediatik Norvegiara, ontzia topatu zuen jendearen laguntzarekin. Norvegiako itsasontzi batek Mauritania parera eraman zuen, Ozeano Atlantikoan askatzeko. Ur handiei beldurrik ez, antza, piratek, Atlantikoa zeharkatu baitute, eta orain Guyana inguruan daude. Ikusi beharko non agertzen den hurrengoan. Badakizue: hondartzan zaretela piraten ontzi bat ikusten baduzue, ez izutu! Hartu eta itsasoratu berriro. Ahal dela, lehenengo kargatu GPSaren bateria, bidaiaren berri izaten jarrai dezagun.